Uztailetik dabil @DoneSebastian txiolaria Twitterren, Donostiako argazki zaharrak partekatzen. Euskaraz ikusi duen hutsunea betetzeko asmoz egin du, eta harrera oso ona izan dela dio.
Groseko Okendo etxea, 1872an.
Donostiako Elkano kaleko Eskulanen Etxean egin zuen lan hemeretzi urtez David Argindarrek (Gros, 1973). Bada, bertan aurkitu zituen hiriari buruzko lehenengo dokumentu eta argazki zaharrak: «Irudiak, dokumentuak, aldizkariak, dendako nomina zaharrak, alkilerraren fakturak… denetarik aurkitu nuen, eta material hori guztia digitalizatzen hasi nintzen». Duela sei urte inguru, lanbidea aldatu eta, egun, web garatzaile, diseinatzaile eta argazkilaria da.
Argazkiekiko duen zaletasunaren harira, aitaren aldeko osaba batek, Jose Luis Txebis Agirrek, argazki zahar ugari bildu eta gordetzen zituela jakin zuen: «Bera Parte Zaharrekoa zen, San Bizente elizan bataiatua, beraz, Koxkeroa. Duela hiruzpalau urte hil egin zen, eta nire izebak deitu zidan esanez argazkiz jositako zortzi bat bilduma zituela gordeta, osabarenak», gogoratu du Argindarrek.
Bilduma horietan argazkiak ez ezik, dokumentazio lana ere aurkitu zuen: «Argazki bakoitzaren atzekaldean informazioa dago: zer den, norena den irudia… Batzuk osabak egindako irudiak dira; beste batzuk, berriz, aldizkarietatik moztu eta gordetakoak eta posta txartelak ere badaude. Azken horietako asko Madrilgo merkatuan erositakoak direla esan zidan izebak; eta batzuk idatzita daude».
Euskararen hutsunea
Altxor hori guztia eskuartean zuela, lehenik eta behin, dena eskanerretik pasatzea eta digitalizatzea erabaki zuen: «Ez nuen materiala hondatzerik nahi». Lan hori egiten ari zen bitartean, pentsatu zuen altxor hura partekatu zezakeela: «Ikusi nuen Facebooken San Sebastian Desaparecida izeneko orrialde bat zegoela eta argazki zaharrak argitaratzen zituela, baina gaztelaniaz».
Twitterren ere ez zuen halakorik aurkitu. Beraz, nabaritu zuen hutsune hori betetzea bururatu zitzaion, hau da, Twitterren euskaraz eskaneatutako argazkiak zabaltzea: «Material desberdina ere banuen, baina bereziki interesatzen zitzaidan euskaraz zerbait eskaintzea».
Donostiarrei kaxkariñak deitzen zietenez (gaskoi eta kaxko arinetik dator) eta bere osaba oroitu nahi zuenez, Koxkero Kaxkariña izena eta @DoneSebastian erabiltzailea hartzea erabaki zuen: «Azken horren informazioa sarean irakurri nuen. Done Sebastian Donostiaren izenaren jatorria da».
Twitterren izena eman, eta lanean hasi zen uztailean. Ordutik, argazki ugari argitaratu ditu eta jendeak oso ondo erantzun duela dio Argindarrek: «Jendea berehala partekatzen hasi zen, eta ikusi dut badagoela euskal komunitate bat honetan interesa duena».
Okendo kultur etxea, Loretopea, Antiguako tunela… denetarik ikus daiteke bere Twitter kontuan. «Argazki batzuk aurkitu ditudan aldizkari zaharretatik ere atera ditut. Adibidez, 1913ko batean, 1813ko gertakariak gogora ekartzen dituen atzera begirako bat egiten dute. Beste batzuk, beharbada, apurtuta aurkitu ditut, eta digitalizatzerakoan, txukundu behar izan ditut irudi editore batekin», adierazi du Argindarrek.
Egunerokoarekin zerikusia duten argazkiak argitaratzen saiatzen da. Esate baterako, Kontxako Bandera jokatu zenean, estropaden irudiak partekatu zituen: «Nahita egiten dut, saiatzen naiz egunerokoarekin bat egiten».
Kutxa Fundazioaren Kutxatekatik ere argazki batzuk berreskuratu ditu; hori bai, bera argazkilari izanda, oso garrantzitsua iruditzen zaio egilea aipatzea: «Nahiz eta beste batzuen argazkiak erabili, beti esaten dut nork egindakoak diren».
Halere, irudi gutxi geratzen zaizkiola dio: «Hasieran, mordo bat argitaratu nuen, baina denborarekin, kopurua txikitzen joan naiz. Orain gutxiago geratzen zaizkit, eta jendeak ondo hartu duenez, saiatuko naiz gehiago bilatzen eta jarraitzaileei eskatzen, beraiekin hitz egiten. Bestalde, dendan bilatu behar ditut, eta izebak beste zerbait izan dezakeela esan dit».