Bagera elkartearen Mintzalaguna programan izena emateko epea zabalik da, urriaren 21a arte; euskara modu erosoan praktikatzeko era bat da, inguru euskaldunik ez dutenentzat.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Bego Petxarroman eta Andoni Mutiloa: Mintzalagunak.
Astean behin ordubetez euskaraz hitz egiteko aukera ematen du Mintzalaguna programak. Euskara ikasleek laguntza behar izaten dute horretarako, hizkuntza ongi menperatzen dutenen aldetik. Azken hiru urtean gora egin du partaidetzak, eta ikasturte berrian 450 lagun espero dituzte. Gurasolaguna da aurtengo berrikuntza, ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dituzten mintza taldeak. Izena ematea egin daiteke Bagera.eus webgunean, elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15) eta 943 005 074 telefono zenbakira deituta. Begoña Petxarromanek eta Andoni Mutiloak programan parte hartu izan dute, eta oso aberasgarria dela diote.
Nolatan sartu zineten Mintzalaguna dinamikan?
Andoni Mutiloa (A. M.): Bagera aspalditik ezagutzen nuen, baina orain zortzi urte inguru ezagutu nuen gertuagotik, kolaboratu izan nuelako. Nik banuen gogoa nire denbora librea eskaintzeko eta lagungarri izan zitekeela ikusi nuen. Nire ama hizkuntza euskara da eta mintza praktika taldeetan ibili izan naiz ingelesa eta frantsesa ikasterakoan, eta badakit oso garrantzitsua dela.
Bego Petxarroman (B. P.): Nire ama hizkuntza gaztelania da, eta euskaldun berria naiz. Lasartekoa naiz eta mundu euskalduna txikia eta itxia zen herrian. Oso zaila zen jende euskalduna ezagutzea. Euskara niretzat ikasgaia izan zen, oso aspergarria, eta ez nuen ikusten hizkuntza bat menperatzearen benetako altxorra. Hogei urte nituela Ingalaterrara joan nintzen, aurretik ingelesik jakin gabe, eta hiru hilabetean elkarrizketa laburrak izateko gai nintzen. Konturatu nintzen testuingurua zein garrantzitsua zen, eta itzultzean ingelesa nekien eta euskara ez. Euskaltegi batean hasi nintzen, baina berriro teoria. Lagun batek eman zidan Mintzalagunaren berri eta oso gustura ibili nintzen.
Nolakoa izan zen zuen lehen esperientzia?
A. M.: Joxemari eta Ane izan ziren nire lehenengo mintzalagunak, eta oso polita izan zen. Lankideak ziren hortz klinika batean eta biak euskara ikasten ari ziren. Urte eta erdi pasa nuen beraiekin. Ohitura hartu genuen astean behin geratu, paseo bat eman eta zerbait hartzeko, eta mintzalagun izatetik lagun izatera igaro ziren. Oso oroitzapen ona daukat. Ordutik gehiagorekin ibili izan naiz, tarteka.
B. P.: Askotan lagunek eta familiakoek ez dute pazientziarik irakasteko, eta Mintzalagun talde batean hori aurreikusten dute. 2013an hasi nintzen. Oso tipo jatorra zen gure euskaldun zaharra, oso alaia, eta eta Bagerak antolatutako irteeretara ere joan nintzen. Primeran pasa genuen. Testuinguru natural batean euskaraz aritzeko aukera izatea oso garrantzitsua izan zen. Orain baditut euskara ikasten ari diren lagunak eta guztiz gomendatzen diet.
Zer eman dizue bizitako esperientziak?
B. P.: Jariotasuna lortu nuen Mintzalagunean eta Lasarteko lagun askorekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Aniztasuna nabarmenduko nuke, nire kasuan euskaldun zaharra erretiratua zen, ni lanean nenbilen eta hirugarrena ikaslea zen. Niri asko gustatzen zait jende berria ezagutzea eta bakoitzaren kultura ezagutu genuen.
A. M.: Nik ere hori nabarmenduko nuke, aberasgarria da. Latinoamerikako mutil batekin ibili nintzen urte batean, eta bere herrialdera gerturatzeko balio izan zidan. Gero eta gehiago dira Euskal Herrira bizitzera etorri eta euskara ikasten dutenak eta honek balio dezake beste kultura batzuk ezagutzeko.
Zertaz hitz egin izan duzue?
B. P.: Lehenengo egunean, noski, gure bizitza kontatzen dugu. Gero, gure euskaldun zaharrak gaiak ekartzen zizkigun askotan, artikulu interesgarriren bat irakurri zuelako. Azkenean, elkar ezagutu genuen nahiko ondo, eta gerora mantendu izan dugu harremana.
A. M.: Nik galdetzen nien ea euskaltegian emandako zerbaiten inguruan hitz egin nahi zuten, baina normalean gure kontuetaz hizketan bukatzen genuen.
Zer esango zeniekete zalantzan dabiltzanei?
B. P.: Ez da bakarrik hitz egitea, Donostiako euskal mundua ezagutzeko aukera polita da.
A. M.: Gauza ederra da gure denbora beste norbaiti eskaintzea, eta izugarri kostatzen zaigu. Azkenean, ikusten duzunean badagoela jendea benetan interesa duena euskara ikasteko, eta eskertzen dutela, niretzat gauza handia da. Gainera, lagunak egiteko aukera ematen du eta beste errealitate batzuk ezagutzeko.