Eli Goiri eta Estela Beteta Donosti Lindy Hop-eko kideak. (Argazkia: I. Esnaola)
II. Donosti Belle Swing jaialdia egingo dute, gaurtik igandera bitarte. Miramar jauregian eta Kursaalean izango dira jarduera nagusiak, eta lindy hop dantza ezagutzeko hainbat aukera egongo dira.
Swing musikarekin dantza egitea gustuko duten donostiarrak, gero eta gehiago dira. Duela bi urte inguru, hainbat herritarrek Donosti Lindy Hop elkartea sortu zuten, zaletasunari bultzada emateko. Berehala hasi ziren askotariko jarduerak antolatzen, eta horietako bat da Donosti Belle Swing jaialdia. Iazko esperientzia onaren ondoren, bigarren ekitaldia egingo dute gaurtik igandera bitarte hiriko hainbat lekutan.
Dimentsio berri bat eman diote jaialdiari, jasotako bi diru-laguntzari esker. «Pasa den urtean, Guardetxean eta Dadabadan egin genituen jarduerak. Aurten, ordea, Donostia Kultura eta Kutxa Fundazioari esker jauzi bat emateko aukera izango dugu», azaldu du Estela Beteta Donosti Lindy Hop elkarteko kideak. Izan ere, Miramar jauregian eta Kursaaleko bankete aretoa swingaren plaza bihurtuko dituzte.
Ikastaro profesionalak
Donosti Belle Swing jaialdia ez da dantzaldietara mugatzen. Dantza ikastaroak ere eskaintzen dituzte, eta aurten ospe handiko irakasleak ekartzeko aukera izango dute. «Hiru irakasle bikote izango ditugu Miramarren: Pep Espigol eta Emi Garrote; Scott Cupit eta Serena Rizzo; eta Anne Helene eta Bernard Cavasa», dio Betetak.
Ikastaroak bihar eta etzi izango dira, 9:30ean. Guztira zazpi herrialdetako 165 dantzarik parte hartuko dute. Miramarreko jauregian ere, lehen eguneko festa egingo dute gaur. Zaragozako The Swind Garret taldeak eta Mr. Patxi Crazy Legs DJak jarriko dute musika, 22:00etan. Belle Epoque garaiari eskainitako dantzaldia izango da, eta beraz, garai hartako estetikarekin joan beharko dute dantzariek.
Jaialdiaren egitarauak bi jarduera ireki izango ditu swing musika nola dantzatzen den ikusteko, eta nahi duenak baita parte hartzeko ere. Lehena, gaur arratsaldean izango da udaletxeko udalbatza aretoan. Harrera 16:30ean izango da, eta jarraian jaialdiaren berri emango dute antolatzaileek.
Bigarrena, igandean izango da Donostiako Bulebarrean. Iaz bezala, Klandestino deitzen dioten dantzaldi irekia egingo dute kiosko aurreko plazan. «Udaletxeko eta Bulebarreko saioetara jendea hurbiltzea gustatuko litzaiguke», esan du Betetak.
Kursaaleko festa
Antolatzaileek gogo berezia dute bihar gauean?Kursaaleko bankete aretoan egingo duten festarako. «Swing munduan ezagunak diren taldeekin dantzatzea ederra izango da, eta gainera, horrelako leku batean», azpimarratu du Betetak.
Dantzaldiak Dress to impress! estetika izango du, eta zuzenean bi talde ariko dira: Bartzelonako Doc Scalon’s Cool Cat Combo eta Professor? ?Cunningham? ?&? ?his? ?Old? ?School. «Festa 21:30ean hasi eta goizaldera arte luzatuko da. Baliteke egunean bertan sarrerak lortzeko aukera egotea», dio Betetak.
Biharamunean, ajeari aurre egiteko proposamena prestatu dute antolatzaileek. Igandean, hilak 15, Parte Zaharreko Fermin?Calbetonen bilduko dira, pintxoak dastatu eta indarrak hartzeko.
Dabadaba aretoan egin zuten festa, pasa den urtean. (Argazkia: Donosti Lindy Hop)
Lindy Hop dantza
New York hiriko Harlem auzoan egin zen ezaguna Lindy Hop dantza, 30eko hamarkadan. Hain zuzen, Savoy aretoa izan zen dantza mota horri bultzada eman ziona, Shorty George, Frankie Manning eta Whitey’s lindy hoopers dantzariekin batera. «Dantza irekia, alaia eta dinamikoa da», azaldu du Betetak.
Jatorri afroamerikarra du Lindy Hop-ak. Klakea eta Charleston dantza moten antzekoa da. 1943ean Life aldizkari ezagunak AEBetako dantza nazional gisara izendatu zuen. Gaur egun, mundu mailako mugimendu kulturala bilakatu da.
Donostiara, berriz, duela hamarkada bat iritsi zen Lindy Hop dantza. «Ana Minguez dantzari eta dantza irakasleak ekarri zuen gure artera. Ordutik. swing musikarekiko zaletasuna eta grina transmititzea izan du helburu», azaldu du Betetak. Hirian swing komunitate bat sortzeko asmoarekin ikastaroak, dantzaldiak eta festak antolatu ditu Minguezek.
Azken urteetan mugimenduarekin bat egin duten pertsonekin, hiriko Lindy Hop eszenak hazkunde nabaria izan du. 2015. urtearen bukaeran dantzari talde txiki batek Donosti Lindy Hop elkartea sortzea erabaki zuen. «Pixkanaka egin dugu bat elkartearekin, eta egun 55 bazkide gara. Pasa den urteko jaialdia mugarri bihurtu zen guretzat, ordutik jende askok bat egin duelako elkartearekin», dio Betetak.
Gaurtik igandera izango den Donosti?Belle Swing jaialdia ez da elkarteak antolatzen duen jarduera bakarra. Ikasturtean zehar, Antiguako merkatu zaharrean biltzen dira ia igandero. «Bi ordu inguruko saio irekiak egiten ditugu, eta oso giro polita sortzen da. Lindy Hop dantzarekin lehen harremana egiteko jarduera egokiena da», nabarmendu du Betetak. Urtean zehar beste jarduera batzuk antolatzen dituzte. Hala nola, Lege barneko klandestinoak eta Swing Merkatuan.
Bulebarrean dantzaldi irekia egin zuten, iaz. (Argazkia: Donosti Lindy Hop)