Loiolako bizilagunek batzarra egingo dute, Astiñene zubiaren harira
Eneko Goia alkatearen prentsaurrekoaren bidez: “Abuztutik itxia dago zubia eta esaten ari dira hiru urte igaroko ditugula zubirik gabe, hori ezin da onartu. Aspalditik zekiten zubia gaizki zegoela, eta orain saldu nahi digute dena bat-batean gertatu dela”.
Badaude auzoan kontua umorearekin hartu nahi izan dutenak ere, euren haserrea beste modu batera adieraziz.
Astiñene zubia, konponbidea orain! lelopean, batzarrerako deia egin du Loiolako Urumea ibaia auzo elkarteak. Ostegunean bilduko dira, urriaren 26an, 19:00etan, Latsarien plazan. Auzo elkarteko Igor Alonsorekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk eta bere ezinegona eta haserrea adierazi dio: “Elkarrekin erabakiko dugu arazo larri honi konponbidea jarri arte zer egingo dugun. Txomineko bizilagunekin elkartu gara, eta Martutenekoekin ere biltzekoak gara, zerbait egiteko”.
Auzo elkarteak ezinegona, zalantza eta kezka adierazi ditu zubiaren inguruko gertaerak direla eta, loiolatar askoren izenean. Hain zuzen, Loiola eta Egia lotzen dituen zubia ixteak arazoak dakartzala diote auzotarren egunerokoan: “Zubi hori baita gure auzo maite eta baztertura iristeko sarrera natural bakarra ia. Ez dugu ulertzen, ezta onartzen ere, halako mantsotasuna eta informazio falta izatea egunez egun irisgarritasunean. Saltoki askoren egoera ekonomikoan izugarrizko eragina izaten ari da”.
Informazioa udalaren bidez lortzen saiatu diren arren, tekniko baten eskutik, ez dutela erantzun zuzenik jaso dio Alonsok: “Udalari dagoeneko informazioa eskatu diogun arren, ez dugu inolako erantzunik jaso. Dakigun apurra prentsaren bidez jakin dugu”. Alonsok azaldu du ostiralean instantzia bat sartu zutela udalean, euren kexak adieraziz, tartean, esanez, hiriko beste zubi bat izango balitz, arazoa azkar konponduko luketela. Ondoren, erantzunak jaso zituztela dio