Eskolania abesbatza, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan.
25 urte bete ditu Easoko Eskolania abesbatzak. Urteurrenarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia eskaini dio Gipuzkoa Plazako egoitzan.
Denis Itxaso kultura diputatuak adierazi duenez, meritu berezia du Easoren Eskolanian haur eta gazteekin egiten duen lanarengatik. “Gaurko abesbatza osatzen duten ume eta gazteak dira berme onena Easo Abesbatzari jarraipena emateko, eta aktibo baliagarriena musika zaletasuna eta kultura bizirik mantentzeko”.
Eskolaniak errepertorio zabala landu du 25 urteko ibilbidean. Halere, antzinako musikan espezializatu dira, eta maila oneko pertsona zein talde ospetsuekin lan egin dute. Hala nola, John Eliot Gardiner eta Tom Koopman-ekin. Bestalde, operan eta musika sinfoniko zein koralaren esparruan parte hartu izan dute. Esaterako, Musika Hamabostaldian.