(Argazkia: Galder Izagirre)
Rafa Rueda musikari bizkaitarrak ‘Hiri kristalezkoa’ bosgarren diskoa aurkeztuko du bihar, Viktoria Eugeniako Klubean (20:00). Kontzertu birako lehena izango da. Emanaldi berezia prestatu du Mungiakoak. Lan berriko kantuak ez ezik, bakarkako ibilbideko abestiak eta beste eskainiko ditu. IRUTXULOKO HITZA berarekin jarri da harremanetan, biharko kontzertua dela eta.
Bizkaitarra izanik, Donostian abiatuko duzu diskoaren aurkezpen bira. Nolatan?
Kasualitate hutsa da. Horrela etorri dira emanaldiak. Victoria Eugenia Klub aretoa oso gustukoa dut eta aukera sortu zen azaroaren bukaeran. Aretoa zoragarria da eta oso nire neurrikoa. Plazer handia da kontzertu bira horrelako leku batean hastea.
Emanaldiaz zer aurreratu zenezake?
Kontzertua, neurri handi batean, Hiri Kristalezkoa diskoan oinarrituko da, baina aurreko lanen kantuak ez dira faltako. Akaso, PILT-en bertsioren bat ere. Laukote formatuan taularatuko gara, teklatuan Txus Aranburu, baxuan Jaime Nieto, baterian Ander Zulaika eta ni neu. Aurretik erabili izan dudan formatua da baina teklatuak aurrekoetan baino protagonismo handiagoa izango du.
Hiri kristalezkoa lan berriak kontzeptu bat du oinarrian, eta hamar biztanle. Zer da lan berriarekin kontatu nahi duzuna, edo entzuleari aurreratu ahal diozuna?
Hiria da diskoa harilkatzen duena. Hiriko biztanleak izatea da pertsonaia guztiak komunean dutena. Hiriak gure gizartearen bizimodua ezin hobeto irudikatzen du, eta pertsonei buruz hitz egiteko aitzakia ona ikusi nuen honetan. Pertsonaiek, bogan dauden hainbat egoera eta gai azaleratzen dituzte. Edozein hiritik egun batez paseoan ibilita, halako jendearekin gurutzatuko ginateke ezinbestean. Diskoak, hain zuzen ere, hori irudikatzen du, hamar biztanle ezagutzeko aukera ematen dizun paseo hiritarra.
80ko hamarkada bukaerako eta 90eko hamarkada hasierako musika landu duzu lan berrian. Zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke bi garai horiekin lotzen direnak?
Kantuen sonoritateak sasoi horretara narama. Sintetizadorearen melodiak, instrumentuen tratamendua, ahotsak… Behin baino gehiago aipatu dut senari tarte handia eman diodala disko honetan, eta horren ondorioz, agian, hor nonbait gordeta nituen hainbat eragin musikalak azaleratu egin direla. Sasoi horretan Mungiako Pub batean musika jartzen nuen astebururo. Adin horrekin belarriak eta begiak zabal zabalik dituzu eta, ziurrenik, xurgatzen duzun guztiak etorkizuna baldintzatzen du. Nik horrela sentitu dut.
Lagun asko izan dituzu alboan. Esaterako, Jon Agirrezabalaga (WAS) eta Aritz Aranburu (Split 77) musikariak. Zenbaterainokoa izan da zuen elkarlana?
Aranbururekin duela bi urte eta erdi hasi nintzen orain geldirik dagoen proiektu batean. Honek asko zabaldu zidan soinuak lantzeko aukera, baita teklatuen erabilpenean ere. Nahiz eta diskoan proiektu horretan landu genituen kantarik ez egon, nabarmen izan daitezke horren arrastoak
Nahikari edo
Little Cowboy kantuetan. Agirrezabalagarekin azken urte honetan ibili naiz, eta teklatuen mundua oso gertukoa zaion arren, arlo musikal orokorra da berarekin landu dudana, kantatzeko era, kantuen egitura, konponketak… Disko honen atzean lan handia dago, pertsona askoren lana biltzen du eta, neurri batean, lan kolektiboa ere badenaren sentipena dut.
Hitzei dagokienez, Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Gotzon Barandiaranek bina idatzi dituzte. Miren Amuriza, Leire Bilbao eta Arkaitz Estiballesek, berriz, bana. Zenbateraino jantzi dute zure musika?
Beraiek izan dira diskoan zehar agertzen diren pertsonaiei forma eman dietenak. Hiritar ezberdinen istorioak agertzea nahi nuen eta hauek, musikatik abiatuta, gorpuztu egin dituzte. Idazle hain ezberdinak izanik, harritu egin nau hari narratiboaren koherentziak. Letrak irakurrita ez da horrenbeste nabaritzen zeinek idatzi duen zein. Antzeko tonu eta metaforetara jo dute leku ezberdinetatik abiatuta, eta horrek sekulako biribiltasuna eman dio diskoari.
Azken kantuaren hitzak, ordea, zureak dira. Zure sinadura ere agerian?
Bai, diskoa bukatzeko sortutako kantua da, outro modura. Nik idatzi dut, diskoari agurra nik eman nahi niolako. Kantuaren titulua ere ez da kasualitatea
Irina – Hiria hitz jokoa erabiliz, diskoan zehar edo, hobe esanda, hirian barrena bidaia horri bukaera emateko modua da, hiriaren argazkitxo bat.
Kristalezko hiria da Donostia?
Gaur egun, hiri guztiak dira kristalezkoak. Ezer ezkutatzea ia ezinezkoa egiten zaigu dena zainduta dagoen garai honetan, bereziki gune urbanoetan. Ikus ezinak bezain kontrolatuak eta gardenak bihurtzen gara halakoetan. Horretan, Donostia kristalezkoa da ere. Ziur nago diskoko pertsonaiak, Donostian ere, egunero gurutzatzen ditugula.