Abenduaren 26tik 29ra izango dira, elkartearen egoitzan bertan; 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute.
Aranzadi Zientzia Elkarteak etxeko txikientzako eguberrirako zientzia tailerrak antolatu ditu. Elkartearen egoitzan bertan egingo dituzte –Zorroagaina 11–,
abenduaren 26tik 29ra, 9:30etatik 13:30ak,
8 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Jarduera hauetan parte hartzen dutenak zientzialari, biologo, arkeologo eta astronomo bilakatuko dira. Tailerren helburu nagusia da txikiak
zientzara gerturatzea, fenomeno zientifikoen ulermena sustatzea eta gazteen jakin-mina eta interes zientifikoa bultzatzea. Interesa dutenek
izena eman dezakete Aranzadi Zientzia Elkartearen webgunearen bidez, edo 943 466 142 telefono zenbakira deituta (9:00etatik 14:00etara). Epea abenduaren 20an itxiko dute.
Biologia eta natura ardatz izango duten
bi tailer egingo dituzte. Lehenengoak, inguruan bizi diren animalien ezagutza handitzea dute xede; zehazki, hegazti, anfibio eta narrastiena. Birziklatutako material ezberdinekin hegaztientzako habi kutxak eta jantokiak eraikiko dituzte. Gainera, hurbil bizi diren hegazti espezieak ezagutzeko aukera izango dute eta horien dinamika eta habitat ezberdinak ikusiko dituzte. Bigarren tailerrean, anfibio eta narrastiak izango dira protagonista. “Oso gutxi ezagutzen ditugun animalia hauek gugandik hurbil bizi dira eta tailer honetan parte hartzen duten umeek gertutik ikusi eta ukitu ahal izango dituzte”, azaldu dute Aranzadikoek.
Bestalde,
arkeologia hizpide izango duen beste tailer bat egingo dute: “Gazteen artean ezezaguna den zientzia mota da, baina ezinbestekoa gure historiaren jatorria ezagutzeko. Tailer honetan arkeologoen lana ezagutzeko aukera izango dute eta aztarnategietan azaltzen diren animalia prehistorikoak ikus eta ukitzeko aukera izango dute, baita hezurrek gordetzen duten informazioa irakurtzeko ere”.
Azkenik,
astronomia gertutik ezagutzeko Donostiatik ikusgai dauden izar eta konstelazioak ikusi eta irakurtzeko aukera izango dute, hainbat jolasen bitartez. Horretaz gain, umeek aterki bat margotuko dute jardunaldian zehar ikasitako konstelazioekin.