Iñigo Serrulla musikari gaztea. (Argazkia: Imanol Artolain).
Usurbilgo Higain estudioan grabatu du lehen lan profesionala Iñigo Serrulla musikari donostiarrak. Ordea, zuzenekoetarako ere tartea hartu du. Bi kontzertu eskainiko ditu asteburu luze honetan. Bigarrena Donostian izango da, larunbatean, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.
Hamasei urte zituen Serrullak, aurreneko aldiz gitarra bat hartu zuenean. Ordutik, bere sormen pertsonalak bidea egin du, beti ere, gitarra alboan duela. Epe ertainera Serrullak zer esana emango duela uste dute zenbait musikari donostiarrek. Gustuko dute bere proposamena. Baina ez dira bakarrak. 2015ean Gure Bazterrak saria eskuratu zuen, eta bide beretik, izen bereko jaialdian aritu zen pasa den urtean.
53. Jazzaldian parte hartzeko aukera izan du, aurten. Sortzaile berriei eskainitako gunean aritu zen, gitarra soinean zuela. Kutxa Kultur Festibalean ere izan zen, hainbat musikari eta lagunekin ondo babestuta.
Estudioan grabatu dituen kantuak zuzenean aurkezteko aukera izango du urtea bukatu baino lehen. Xehetasunik eman ez badu ere, Andoni Etxebeste bateriaren eta Mikel Alonso baxu jotzailearen konpainia izan du diskoa grabatzerako orduan.
Talentua erakusten du askotariko musika eraginak dituzten konposizio barnerakoi eta inspiratzaileen bitartez. Ingelesez kantatzen du, eta diotenez, ez du bertakoa ematen. Asteburua berotzeko pop doinu beroak behar dituenak, Tabakalerara hurbiltzeko aukera du.