2017a urte oparoa izan da euskararentzako; Bagera elkarteak 25 urte bete ditu, Altzan eta Intxaurrondon hizkuntza ohiturak aldatzeko jarduerak egin dituzte eta hiritik 20. Korrika igaro da.
Morlansko euskara batzordea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen urtea izan da 2017a. Hain zuzen ere, Bagerak, Donostiako Eukaltzaleen Elkarteak 25 urte bete ditu; 20. Korrikak hiria zeharkatu du; euskara batzorde bana sortu dute Morlansen eta Loiolan; eta Intxaurrondon zein Altzan euskaraz bizitzeko apustua egin dute. Gainera, datorren urteari begira, helburu argi bat zehaztu dute Euskal Herri mailan: euskaltzaleak aktibatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak elkarlanean Euskarak 365 egun izeneko egitasmoaren barruan, Euskaraldia abiatuko dute. Hala, Euskal Herriko herri guztietan, 11 egunez euskaraz bizitzeko ahalegina egin nahi dute, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra.
Aurtengo mugarriak kontuan hartuz, beraz, esan daiteke euskara denon ahotan egon dela. 20. Korrikaren atarian, Loiolan eta Morlansen euskara indartzeko beste urrats bat egin zuten euskara batzordeen sorrerarekin. Loiolako hainbat eragile, elkarte eta talderen ordezkariak bildu ziren euskara batzordea osatzeko. Dena den, irekita daude interesa duten elkarte gehiagotarako kideak edo norbanakoak jasotzeko. Azken batean, sarea osatu nahi dute, auzoan euskara zabaltzeko. Uste baino gehiagok dakitelako euskaraz Loiolan, eta kalean gehiago entzun beharko litzatekeela irizten dute. «Egiten ditugun jarduerak zaindu behar ditugu eta jende gehiagorengana iritsi», esan zuen kultur etxeko arduradun Jon Urbietak.
Auzo gaztea bada ere, Morlansko bizilagunek ez dute geldirik egoteko asmorik, eta auzoko euskararen egoerak kezkatuta, eratu zuten batzordea martxoan, Morlanstarrak auzo elkartearen barruan. «Auzoan ez da asko hitz egiten euskaraz, ez helduen ez eta haurren artean ere, eta erabilera da bultzatu nahi duguna», adierazi zuen batzordeko Marta Etxeberriak. Gainera, euskara batzordearen sorrerak ahalbidetu zien Korrikaren ibilbidea lehen aldiz euren kaleetatik igarotzea.
20. Korrika, Egiatik pasatzen. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Korrika jendetsua
Morlanstik lehenengoz pasatzeaz gain, Donostiako beste auzo eta herrietatik ibili zen 20. Korrika, apirilaren 4an. Azken Korrika baino jendetsuagoa izan zen, eta festa giro izugarria piztu zen han eta hemen. Martxa bizia hartu behar izan zuen lasterraldiak Donostian, hamazazpi minutuko atzerapenarekin iritsi baitzen sarrerara, Bidebietara. Halere, ustekaberik gabeko ibilbidea egin zuen hirian, eta «Korrika arratsaldez iristeak aukera eman zion jende askori Korrikarekin bat egiteko».
Euskara gutxi udalean
Udalbatzarrean euskara zenbat erabiltzen zen jakiteko asmoz, ikerketa bat egin zuen Bagera elkarteak, martxoko udalbatzarrean oinarrituta. Txostena apirilean aurkeztu zuen, alkate eta zinegotzien hitzartzeak neurtu ondoren. Hala, ondorioztatu zuen euskararen erabilera %21,5ekoa izan zela, eta gaztelaniarena, berriz, %78,5koa. Azken sei urtean jasotako emaitzen aurrean, kezka adierazi zuen euskaltzaleen elkarteak, euskararen erabilera zertxobait igo arren, oso urrun geratzen delako, euren ustez, euskararen erabilera normalizatua udalbatzarrean.
Alderdi politiko bakoitzaren euskararen erabilerari dagokionez, ondorengo datuak jaso zituzten martxoko ikerketan: EH Bildu udal taldea da gehien erabiltzen duena hitza hartzen duenean –%50,3–; EAJ alderdiak %25 erabili du euskara; PSE-EEk, %5,8; PPk, %5; eta Irabazi Donostia da gutxien erabili duena –%0,8–.
Hizkuntzen erabilerarekin lotuta, VII. Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak uztailean. Horren arabera, Donostian, %15,2 entzun dute euskaraz, eta, gutxi bada ere, behera egin du kopuruak. Egia da gero eta gehiago direla hirian euskaraz dakitenak.
Hain justu, D ereduan matrikulatzen diren ume kopurua hazi egin da, eta nabarmena da euskara ikasteko azken urteotan egindako erakundeen eta eragileen lana eta apustua. Baina, 2006tik hona, erabilera behera joan da pixkanaka.
Miren Azkarate Euskara zinegotziaren hitzetan, datuek «zapore gazi-gozoa» utzi zioten: «Erabilera datu orokorrek behera egin dute, baina gaztetxoenen artean, esaterako, nabarmen egin du hobera, eta hori albiste ona da». Bagerako kide Idoia Trenorrek espero zuen emaitzarik onenak adin tarte horretan lortzea, baina uste du haurrak gazteak izatera igarotzen direnean, askotan, hizkuntza ohiturak aldatzen direla.
Euskal Herriko gainerako hiriburuekin alderatuta, lehen postuan dago Donostia, erabileran zein ezagutzan. Hiri barruan, auzotik auzora errealitatea asko aldatzen da. Altzan (%4,2) eta Bidebietan (%7,9) lortu dituzte emaitzarik kaskarrenak euskararen erabilerari dagokionez. Posturik onenean, aldiz, Igeldo (%75,4) eta Añorga (%46,2) daude.
Intxaurrondo eta Altzako bizilagunak, hizkuntza ohituretan eragiteko egindako bi jardueren aurkezpen egunean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hirian euskara sustatzeko azkenaldian egiten ari diren hainbat jarduera nabarmendu izan ditu Azkaratek: «Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako moduko egitasmoak zabaldu dira hainbat auzotara, eta halako jarduerak beharrezkoak dira hizkuntzaren erabileran eragiteko».
Hain zuzen ere, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko, jarduera bana prestatu zuten Altzan eta Intxaurrondon, Euskararen Egunaren bueltan: Altza Hadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon. Egiako eta beste herrietako esperientziei jarraiki, partaideen artean hiru talde banatu zituzten eta bakoitzak txanda batean hartu zuen parte. Txanda aldaketak ostiraletan egin zituzten.
Erronketan parte hartzeko bi rol sortu zituzten: batetik, ahobiziak, eta, bestetik, belarriprestak. Ahobiziek, gutxienez, astebetez euskaraz egin zioten ulertzen duenari. Belarriprestak, berriz, izan ziren euskaraz entzuteko prest dauden lagunak; horrela, dakienari hitz egiteko gonbita egin zioten.
Altzan zein Intxaurrondon, finkatutako kopurua gainditzea lortu zuten. Izan ere, Intxaurrondon, 400 ahobizi eta 570 belarriprest baino gehiagok hartu zuten parte erronkan. «Esperientziaren helburu gisa 250 ahobizi eta 500 belarriprest lortzea jarri genuen; beraz, gogotik gainditu dugu erronka; gainera, jende mordoa elkartu da lanean aritzeko», esan zuten Intxaurrondoko antolatzaileek. Horretaz gain, auzoko mota guztietako 65 saltokitik gora animatu ziren esperientzia bizitzera.
Altzan, berriz, xedea zen 212 ahobizi eta 515 belarriprest lortzea, eta 400 eta 500 inguru lortu zituzten, hurrenez hurren. «Txapen identifikazioa oso erabilgarria izan dela esan digute; izan ere, orain arte, jende askok ez zuen batzuekin euskaraz egiten, pentsatzen zuelako ez zirela euskaldunak edo gaizki hartuko zutela uste zutelako. Beraz, txapei esker, aurreiritziak desagertzea lortu dugula esan daiteke. Normalean, uste duguna baino jarrera positiboagoa du jendeak euskararekiko», nabarmendu zuen Josean Abeciak, Altzako antolatzaileetako batek.
Bagera elkartearen 25. urteurren festan 25 bidelagun omendu zituzten. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bi esperientzia horietan zehar, Bagera elkartearen laguntza izan dute bidelagun Altza eta Intxaurrondokoek. Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, gainera, 25 urte bete ditu aurten. Zehazki, 1991ko abenduaren 14an sortu zen, donostiar euskaltzale batzuen ekimenez, indarrak bildu eta euskararen normalizazioaren alde egiteko asmoz. Euskara elkarteen loraldian sortu zen Bagera, eta helburu argiak ezarri zituen: Donostian euskaraz bizi ahal izateko, bertako euskaltzaleen elkarlana bideratuko zuen elkartea izatea; adin, iritzi, egoera, ideologia eta kolore guztietako euskaltzaleak biltzea eta Donostian euskaraz bizi eta euskarari bizitza ematea.
Bagerak, sorreratik bi lan esparru izan ditu; batetik, hiri mailako helburuak eta horiek lortzeko asmoz eginiko jarduerak, eta, bestetik, auzoetako antolakuntza. Auzoetan hainbat talde sortu zituzten: Antiguako Bagera, Groseko Bagera Sortzen, Egiako Kriseilu-Bagera eta Parte Zaharreko Bagera. Egun, haietako batzuek lanean jarraitzen dute.
25 urte hauetan guztietan egindako ibilbidea ospatzeko, hainbat jarduera egin dituzte urte osoan zehar eta ahalegin berezia egin dute publiko gaztearengana iristeko. Jarduera horietako bat izan da 25 urte, 25 bidelagun izeneko egitasmoa. Asko dira Bagera euskaltzaleen elkartearen 25 urteko ibilian parte hartu dutenak. Urtemugaren harira, honako galderari erantzun zioten hamar lagunek: Zer ekarri dio Bagerak Donostiari?
Iritzi horiek guztiak hainbat bideotan bildu zituzten. Esaterako, Amaia Antero elkartearen hasieran parte izan zen, eta Bagera sortzea berarentzat «arnasgune» bat izan zela adierazi zuen. Marijo Manterola Bagerako langile ohiak ere gertutik ezagutu zituen elkartearen lehen urratsak. Elkarteak euskararen alde lan handia egin duela uste du, eta hiru arlo azpimarratu zituen: euskaldunen arteko trinkotzea eta ahalduntzea, elkarlana eta euskararen ikusgarritasuna. Irutxuloko Hitzako koordinatzaileak, bere aldetik, ondorengoa nabarmendu zuen: «Bagerari esker jakin nuen zein den hiriko hizkuntza paisaia, nolakoa den euskararen erabilera Donostian, zenbatek dakiten eta horietatik zenbatek hitz egiten duten».
Euskaraldiaren aurkezpena Donostian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
25 bidelagun
Bideo horiek aurkeztu zituen Bagerak bere urteurren festan, azaroaren 18an. Egun osoko egitarau zabala prestatu zuen elkarteak, eta euskalgintza eta hiriko jende ugari elkartu zen. Besteak beste, eguna probestu zuen Bagerak hirian euskararen alde lanean aritu diren 25 bidelagun omentzeko: Begoña Etxeberria, Egia euskaraz taldea eta Egia auzoa, Bageraren sortzaile taldea, Petra Elser, Arrano Beltza euskal tokia, Jose Ignazio Ansorena, Maria Jose Azurmendi zientzialaria, Donostiako Piraten mugimendua, Mintzalaguna egitasmoko sortzaileak eta laguntzaileak, Ttan Ttakun irratia, auzoetako euskara batzordeak, Galparsoro okindegia, Añorga Kultur Kirol Elkartea, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga, Ixa Taldea, Mikel Zalbide euskaltzaina, Irutxulo astekariaren sortzaile taldea eta Irutxuloko Hitza eta Gaztezulo proiektuak, Juanba Berasategi, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Donostiako euskaltegiak, Dani Goñi, Arantxa Urretabizkaia, Kontxita Beitia, Jon Jaka eta Jose Mari Sors eta Ttanttaka antzerki taldea.
Azken urteetan euskalgintzak egin dituen aktibazio jardueretatik abiatuta, 2018an, herri eta auzo batzuetan hasitako proiektuak dimentsio nazionala hartuko du. Izan ere, Euskal Herri osoko erakundeak bildu dira —Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa—, eta euskalgintzako eragile andana bat, Kontseilua buru dutela, eta datorren urterako jarri dute mugarria: Euskaraldia izenburupean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal den guztietan euskaraz egiteko erronka zabaldu nahi dute.