Topo igarobidearen kontrako manifestazioa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Herritarrek udalari begira pasa dute urtea, eta udalak hiriari begira. Hamabi hilabetean eskaerak, aferak eta erabakiak hainbat izan dira. Besteak beste, topo igarobidea, zezenketen kontsulta eta Bidebietako institutua.
Hiriak martxan jarraitzen duela dio Donostiako Udalak. Oinez doan pertsonaia ikus daiteke udalaren azken komunikazio kanpainan. 2017an erabaki diren eta ez diren proiektuen zerrenda luzea da. Eskaera eta afera kopurua ere neurri berekoa da. Dena dela, topo igarobidearen proiektua izan da urteko gai potoloena. Baina ez da bakarra. Zerrendaren parte dira ere, zezenketen kontsulta, Anoeta futbol zelaiaren eraberritzea, Uliako mintegietako etxebizitzen proiektua, Garbera handitzeko hirigintza plana eta Bidebietako institutua.
METROTIK TOPORA
Azaroan hasi zituzten topoaren igarobidea egiteko lanak. Metro deitura baztertu eta topoa erabiltzea hobetsi ostean, hirian egingo den azpiegitura handi eta garestiena abian da. Lau urte iraungo dute lanek eta bi zatitan egingo dituzte.
Urtea bukatu aurretik hasi dutena da lehenengoa. Hau da, Lugaritz-Mirakontxa zatia. Bigarrena da polemika gehien sortu duena; Mirakontxa-Easo zatia. Izan ere, Benta Berri, Kontxa eta Easoko geltokia lotuko dituzte lur-azpitik. Bakoitzaren xehetasunak ere eman dituzte Eusko Jaurlaritzak eta udalak.
Satorralaia mugimendua 2015ean sortu zen topoaren igarobidearen proiektua gelditu eta herri galdeketa bat eskatzeko. Bi urte luzez lan asko egin dute herritarrei informazioa helarazten, eta proiektuaren kontrako babesak biltzen. Era berean, Gipuzkoako Aldundira,?Eusko Jaurlaritzara eta Donostiako?Udalera jo dute kontsulta eskaera bat egiteko. Ezezkoa jaso dute, guztietan.
Esfortzuak ez du espero zuten emaitza izan, baina protestarekin aurrera egitea erabaki dute. Antiguako lanak hasi aurretik, mobilizazio eta protestak areagotu zituzten Metroa Gelditu Antiguan taldea sortuta. Urtea bukatu baino lehen, berriz ere, kalera atera dira eta erakundeetara jo dute eskatzera herritarren iritzia kontuan izateko.
Ilunben zezenketak izan ziren,?Aste Nagusian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
KONTSULTARIK?GABE
Bukaerarik gabeko istorioa bilakatu da zezenketen inguruko galdeketa. 2016ko martxoan Donostia Antitaurinak 10.000 sinadura udaletxean aurkeztu zituenetik hilabete asko igaro dira, eta oraindik ez da kontsultarik egin. Udalak konpromisoa hartu zuen urtea bukatu aurretik galdeketa egiteko, eta ez dute beteko.
Urtarrilean iragarri zuen Eneko Goia alkateak Ilunbeko zezen plazan zezenketak egingo zirela Aste Nagusian. Halere, kontsulta egiteko asmoak bere horretan jarraitzen zuela adierazi zuen. Martxoan galdeketa egiteko baimena ukatu zion udalari Espainiako Ministroen Kontseiluak.
Erabaki horrek, udal gobernuko bi alderdien ikuspegia desberdina zela erakutsi zuen. Sozialistak Tauromakiaren legea betetzera mugatu ziren, eta jeltzaleek debekua kritikatu zuten udalaren autonomia ezbaian jarri zuelako.
Kontsulta bermatzeko asmoarekin, apirilean EAJk esan zuen herritarren iritzia ezagutzeko aukerak aztertzen ari zirela. Donostia Antitaurinakoekin eta hiritarren galdeketa araua prestatu zuen udal taldearekin bildu ziren. EH Bilduk, bere aldetik, bi proposamen aurkeztu zituen: Arrokako partaidetza prozesua eta Zestoako zezenketen kontsulta.
Abuztuan urteroko manifestazioa egin zuten zezenketen kontra. Hirian ospatzen diren zezenketen inguruan herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten, berriro. Ordutik, hilabeteak igaro dira urtea bukatu bitarte, eta zezenketen inguruko kontsultak ez du datarik.
ULIATARREN EGITASMOA
Hamaika urte daramatza Uliako Auzo Elkarteak mintegiak babesteko lanean. Azken urteetan kapitulu asko izan ditu mintegietan etxebizitzak eraikitzeko udalaren asmoak. Odon Elorza alkate zen garaian luxuzko 30 etxebizitza libre egitea erabaki zuten. 2015ean, berriz, EH Bilduren udal gobernuak Plan Orokorra aldatu zuen babes ofizialeko 70 apartamentu egiteko.
2016ko otsailean Uliako hirigintza proiektuari hasiera eman zion EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak. Orduan, babes kanpaina bat jarri zuen abian Uliako Auzo Elkarteak. Are gehiago herri kontsulta bat egiteko eskaera egin zioten udalari, baina 2016ko apirilean aukera hori bertan behera utzi zuen udal gobernuak.
2017ko urrian kolokan geratu zen Uliako hirigintza proiektuak EAEko Auzitegi Nagusiak auzo elkartearen helegitea onartu eta proiektua bera geldituta. Horrela ere, udalak 70 etxebizitza horiek egiteko asmoa mantentzen zuela esan zuen. Auzo elkarteak mintegien eremuari parke izaera emateko eskatu zion berriz ere. Mintegiak babesteko kanpaina berri bat ere abian jarri zuten. Hamabigarren urtez ere lanean jarraitzeko prest dago Uliako Auzo Elkartea.
Bidebietako auzotarrek agerraldia egin zuten kezka agertzeko. (Argazkia: Lide Ferreira)
MAREA HORIA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak azaroan iragarri zuen bi ikasturte barru Bidebietako institutua itxiko zuela. Horrek alarma gorria piztu zuen auzoan, eta auzotarren erantzuna marea horia izan da. Erabakia etetea lortu dute, behin behinean, eta udala lanean hasi da ikastetxearen etorkizuna bermatzeko.
Uztailean Hezkuntza sailarekin bildu zen ikastetxeko zuzendaritza. Matrikulazioen jaitsieraren eraginez, institutua hobetzeko lanak egitea zaila izango zela esan zieten Jaurlaritzako arduradunek. Erabakiaren jakinarazpena beranduago ezagutu zuten. Zuzendaritzak egindako galdera baten ondorioz jakin zuten ikastetxea ixteko erabakia hartu zuela Hezkuntza sailak.
180 ikasleren ilusioa mantentzeko eta ikastetxe publikoa irekita mantentzeko gogotsu daude auzotarrak. Horregatik, Gasteizko Eusko Legebiltzarrera joan ziren Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin hitz egitera. Uriartek institutuaren etorkizuna hiru arduretan jarri zuen: zentroaren inplikazioan, hezkuntza komunitatean eta matrikulazio kopuruan.
Urteko azken udalbatzarrean EAJ eta PSE-EEko ordezkariek esan zuten udalak bere esku dagoen guztia egingo duela Bidebietako institutua zabalik mantentzeko. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean hasiak direla gaineratu zuten.
ANOETA ETA GARBERA
Maiatzaren 23an hasi ziren?Anoetako futbol zelaia egokitzeko lanak. Atletismo pistak kendu, zelaia berritu eta harmailak luzatuko dituzte. Realak 2019-2020 denboraldirako izango du estadioa eraberrituta eta erabilgarri. Lanek 47 milioi euroko aurrekontua dute. Horietatik 10 milioi Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, 4 Gipuzkoako Foru?Aldundiak eta gainerakoa Realak ordainduko du. Udalak ez du, hasiera batean, ekarpen ekonomikorik egingo.
ELA eta LAB sindikatuak hurbiletik segitzen ari dira eraberritze lanak, bereziki lehena, Gipuzkoako Eraikuntza hitzarmena bete dadin. Abenduan, LABek salatu zuen irregulartasunak gertatzen ari direla.
Garberako eremuari eragiten dion Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa onartu zuen udalak, abenduan. Hori dela eta, Garbera handitzeko proiektuak aurrera egingo du 2018an.
Belartzako Mc Donald’s jatetxea. (Argazkia: Malen Aldalur)
ASTIÑENEKO ZUBIA
200 urte baino gehiago ditu Astiñeneko zubiak, dokumentuen arabera. Ordea, 2017a izan da Loiola eta Egia lotzen dituen zubiaren urtea. Zutabeen egoera kaskarra zela jabetu zen udaleko teknikari bat udan. Ondorioz, ixtea erabaki zuten abuztuan, konponketa lanak egiteko.
Udalaren prozedura motelak auzotarren kritikak sortu zituen, eta Dbus konpainiari diru galera nabarmena. Irtenbide bila zubia konpontzeko prozesua bizkortu zuen udalak, eta 2018ko udarako irekiko dute zubia ibilgailu guztientzat.
Txomin Eneari dagokionez, lanek aurrera jarraitu dute 2017an, eta hainbat erabaki hartu dira. Urrian kale eta plaza berrien izenak onartu zituen udalak, adostasun zabalarekin. Azaroan, berriz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak bi milioi euroko laguntza iragarri zuen azaroan, auzoko eraikinak birgaitzeko, Replicate proiektuaren barruan.
BELARTZAKO?MCDONALD’S
Belartzako harrobiaren lur eremuan Mc Donald’s bat ireki zuten ekainean, eta horrek Añorgako herritarren haserrea piztu zuen. Ireki eta egun batera itxi zuten hainbat baimen ez zituelako. Tramiteak beteta, berriz zabaldu zuten. Lur eremu berean Mercadona supermerkatua eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute.