Zibersegurtasunean aditua da Selva Orejon. Besteak beste, familien eta haurren segurtasuna hobetzeko eta teknologia berrien erabilera egoki eta zentzuduna egiteko prestakuntza eskaintzen du.
Selva Orejon peritu judiziala. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Aditu judiziala da Selva Orejon (Bartzelona, 1981) eta zibersegurtasunean egiten du lan bereziki. Gainera, teknologia berrien arriskuak azaldu eta horiei aurre egiteko gomendioak ematen ditu, eskaintzen dituen tailer eta ikastaroen bidez. Donostian ere izan da hainbat formakuntza saiotan.
Zertan egiten duzu lan?
Auzi aditua naiz, eta lan egiten dut zibersegurtasunean. Batez ere, Internet bidezko ikerketak egiten ditut enpresa eta norbanakoentzako –anonimoak zein ezagunak–. Normalean, gure zerbitzuak eskatzen dizkigute euren izena kaltetzen dutenean edo informazio filtrazio faltsuak gertatzen direnean. Norbanakoen artean, adin txikikoen kasu asko ere aztertzen ditut.
Familiak, gaztetxoak, sarea… nolakoa da egungo egoera?
Orokorrean, ez diogu merezi duen garrantzirik ematen. Zaila bada kontrolatzea heldu batek mundu digitalarekin duen komunikazioa, pentsa adingabe batena. Berez, ez da ohartzen arriskuaz, oraindik ez dagoelako digitalki hezita. Sarearen inguruko ezjakintasun handia dago, eta hainbat gurasoren jarrera eta jokaera, batzuetan, ez da izaten egokiena. Hortaz, egoera ez da erraza.
Justizia gero eta gehiago ari da inbertitzen gai honetan, baina, oraindik, dagoen beharraren atzetik dago. Hiruhileko batean, esaterako, hamabost kasu jaso ditugu gure enpresan, eta, gehienek, ez dute salatu nahi izan, ez dutelako baliabide ekonomikorik edo ez dutelako justizian sinesten.
Zeintzuk dira gurasoen hutsegiteak?
Hutsegiterik handiena gehiegizko erreakzioa izaten da. Adibidez, zerbait gertatu bezain laster, gaztetxoa zigortzea edo esatea: Esaten nizun nik hori gertatuko zela! Ez erabili sare sozialik! Modu horretan, adingabea gutxiesten dugu, eta analfabeto digital gisa hartzen dugu. Edo gerta daiteke kontrakoa: familiak arazoa ez ikusi nahi izatea eta ez jakitea zertan dabilen nerabea.
Eta adingabekoenak?
Ohikoena izaten da esatea edo erakustea komeniko litzatekeena baino gehiago. Hori saihesteko, oinarrizkoena da pribatutasun konfigurazioa kontrolatuta izatea. Bestela, egunen batean zure sarean norbait sartuz gero, berehala lortuko du zuri buruz behar duen informazio guztia. Sozialki onartuak izateko, gaztetxo askok informazio guztia argitaratzen dute, baina ez dira konturatzen hori psikologikoki ondo ez dagoen beste norbaitek ikus dezakeela eta jazarpen bat sor daitekeela.
Argitalpenei dagokienez, arazo bat daukate konfiantzarekin. Sarean sortzen den konfiantza arriskutsua da oso. Ezagutzen dut neska baten kasu bat: Carla Frila. Bere ahizpa txiki batekin hasi zen bideoak egiten, eta hasiera batean koreografiak egiten bazituzten ere, ondoren, beraien bizitzari buruzko datu gehiago ematen ibili zen: non ikasten zuten, zeintzuk ziren beraien lagunak, euren plater gustukoenak… Hau psikologikoki ondo ez dagoen pertsona batentzako, pedofilo batentzako, adibidez, opari bat da. Beraz, horrelako informazioa ematea ez da komeni; are gutxiago, adingabe bat tartean dagoenean.
Zeintzuk dira gaztetxoek sarean aurkitu ditzaketen arriskuak?
Arriskutsuena da norberaren intimitatea edo pribatutasunaren gaineko kontrola galtzea. Are gehiago, grooming –adin txikiko baten konfiantza izanda, heldu batek egiten duena sexualki asebetetzeko– moduko kasuak daudenean. Adin txikikoak ez dira gai egoera gelditzeko, jazarpena oso handia delako eta badakitelako helduak kontatuko duela. Hortaz, une horretan, ez dago atzera bueltatik.
Horretaz gain, sextinga eman daiteke. Sasi-konfiantzan oinarritzen da. Uste dute beste pertsonak ez duela publiko egingo berari bidaltzen diona. Azkenean, bidaltzen ari den informazioen kontrola galtzen du erabat.
Esan izan duzu ezezagunek eragiteko gaitasun handia dutela.
Hala da. Oso gogorrak diren egoerak gertutik bizi izan ditut; izan ere, adin txikikoak konturatu direnerako jada ez zegoen atzera bueltarik. Esaterako, ahizpa batzuek bideo batzuk argitaratu zituzten euren sare sozialetan, eta bertan, elkarri musu ematen agertzen ziren. Izugarrizko jazarpena jasan zuten, eta ezinezkoa zuten eskolara joatea. Ezin zuten bizitza arrunt bat izan, eta eskolaz aldatu behar izan zuten.
Zer diote gaztetxoek zure formakuntza saioetan?
Askori berdin zaie euren argazkiak –izan biluzik, beste norbaiti musu bat ematen…– publikatzea. Baina nik galdetzen diedanean: Eta zuen amari? Edo aiton-amonei? Zuen aitak denda bat badu auzoan eta bizilagun guztiak egunero galdetzen badiote? Orduan, iritziz aldatzen dute eta ohartzen dira ez daudela bakarrik, inguruan jendea dutela eta eurei ere eragin diezaiekela beraiek publikatutako zerbaitek.
Nola hobetu daiteke segurtasuna?
Kontrol programa batzuk daude, batzuk Google-k eskaintzen dituenak eta doakoak; esaterako, Google Alerts. Guk erasoren bat izan duten bezeroei erabiltzea gomendatzen diegu. Monitorizatuak izan ditzaten adin txikikoen izenak eta abizenak, telefono zenbakia, NANa, posta elektronikoa, sare sozialetan erabiltzen dituzten ezizenak… Publiko egingo balitz, euren segurtasun fisikorako arazoa izango litzatekeen edozer.
Era berean, oso garrantzitsua da sare sozialen pribatutasuna. Posta elektronikoak eta pasahitzak beti eduki behar dute egiaztatzeko faktore bikoitz bat, eta gomendagarria da gurasoen telefonoarekin lotuta egotea. Hau da, pasahitza aldatuz gero, bai ala bai, gurasoen baimena beharko lukete.
Azkenik, ondo legoke gurasoek nolabaiteko ausazko kontrol bat egitea. Esatea bere seme-alabei: Utz nazazu ikusten zer egiten ari zaren gaur. Azken finean, seme-alabak adin txikikoak diren bitartean, gurasoek eskubidea eta betebeharra dute haurrek publikatzen dutena ikusteko.
Formakuntza falta da?
Bai, noski. Pertsona batek ezin du gidatu auto bat ez badu gidabaimenik. Bada, hemen gauza bera gertatzen da. Informazioa edukitzea ezinbestekoa da. Denok egon behar dugu eguneratuta. Gaztetxoak dira zailenak azalpenak emateko, ume bati zer den pederasta bat kontatzea ez baita erraza. Baina teknika batzuk erabiltzen ditut euren arreta lortzeko: metaforak erabili, gertuko egoerak azaldu, ezagunak diren artistak eta beraiek jarraitzen dituztenen istorioak kontatu… Gauza larriak gertatzen direla erakusteko.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez da arrosa kolorekoa, nahiko marroia da momentuz, baina ni baikorra naiz eta uste dut hobetuko dela. Argi dago delituak ez direla desagertuko, baina ziur nago gero eta kontzientzia handiagoa egongo dela eta gero eta jende gehiagok jakingo duela nola jokatu egoera horien aurrean.