'Tokiz kanpo', Hiru Damatxok eta Islandia ekoiztetxeak ekoitzitako saio berria
Hiru Damatxo ideia faktoriak eta Islandia ekoiztetxeak saio berria abiatuko dute otsailaren 7an: Tokiz Kanpo. Guztira, 15-20 minutu arteko sei ale izango dira, oraingoz. Hiru donostiarrek sortu zuten Hiru Damatxo ideia faktoria –orain lau lagunek osatzen dute – eta ez da halako egitasmo bat egiten duten lehen aldia.
“Iazko udan hasi ginen prestaketekin, eta irailetik abendura bitartean egin genituen grabaketak. Gure asmoa zen parez pare jartzea hainbat lagun, pentsatuz izango zutela zeresanik elkarren ondoan jarrita”, azaldu dute saio berriaren sortzaileek. Honakoak bildu dituzte lehen sei aleetan: Maite Arroitajauregi eta Maite Laburu musikariak, Gorka Erostabe eta Gorka Bereziartua kazetariak, Ander Gortazar eta Jon Ander Agirre arkitektoak, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe idazleak, Telmo Trenor eta Aitor Etxebarria musikariak eta Ramon Zabalegi eta Nagore Legarrena artista grafikoak.
Azaldu dute elkarrizketak ezohiko lekuetan girotzen ahalegindu direla, hortik Tokiz Kanpo izena. Arroitajauregi eta Laburu Eibarko El Corte Ingles parean; Erostarbe eta Bereziartua Larraitzen, Txindoki magalean; Gortazar eta Agirre Pasaiako portuan eta Donostiako aldirietan; Borda eta Meabe Lekeitioko arraun taldearen egoitzan; Trenor eta Etxebarria Bilboko Berreginen Musean; eta Zabalegi eta Legarreta, azkenik, Hernaniko gasolindegi batean.
“Ikusten dugu telebistan gero eta joera handiagoa dagoela guztia entretenimenduaren galbaetik pasatzeko, eta aldarrikatu nahi dugu edukiaren balioa, etengabeko pirotekniatik kanpoko saioak, mamira doazenak” azaldu dute: “Aldarrikatzen dugu era berean ikusirik telebista beste logika batean doala, halako euskarazko edukiak sarean finantzagarria izan daitezen baliabideak jar daitezela”. Dena den, azpimarratu dute horren zain egon gabe, piezak sarera igoko dituztela zuzenean, otsailaren 7an hasita.
Erlazionatutako edukia"Ikusi nahi dugun hori ekoitzi nahi genuke"