Ander Edo: 'GPS'
“Jakin ezazu une oro non dagoen zure haurra”. Honelako zerbait zioen iragarki bat irakurri nuen merkataritza-gune handi batean egon nintzen azkeneko aldian. Ez da arraroa horrelako lekuetan, oso denbora laburrez bada ere, haurrak galtzea. Minutu gutxi izan arren ezin ukatu amaiezin bihurtu daitezkeela heldu zein umeentzat. Honen jakitun, badira teknologia berriak baliatuz hau saihesteko sistemak asmatu dituzten enpresak. Ez nuen gehiegi sakondu iragarkian baino esango nuke GPS antzeko sistema batean oinarritzen zela iragarkian azaltzen zen eskaintza.
Gure eskolan, bost urtekoen gelan «kalea»-ren gaia jorratzen ari ginenean sortu zen zalantza. Zer egin kalean galtzen bagara? Bada, merkataritza-gune batean egingo genukeen berbera, denda batera jo laguntza eskatzeko. Eta aipatu ez bagenuen ere, agerian geratu zen gauza bat: Auzoko dendak saltoki hutsak baino gehiago direla. Produktuak saltzeaz gain, haurrek arazoren bat dutenean erreferentzia puntu seguru bat ere izan daitezkeela.
Gure auzoko burdindegian gauza arruntenak izaten dituzte, zerbait bereziagoa behar izanez gero dendariak eskaria egin behar izaten du, eta gutxi gorabehera bi egunen buruan izaten du dendan. Batzuetan Amazon-en bidez erosita denbora gutxiago itxaron behar izaten da. Baina Interneteko erraldoi honek ez du gure auzoa seguruagoa eta abegikorragoa bihurtuko, asko jota gure haurrak galdu ez daitezen GPSak salduko dizkigu.