(Argazkia: I. Esnaola)
Ane Oiarbide, Ingurumen zinegotzia
PSE-EEko aholkulari lanetan aritu da orain gutxi arte Ane Oiarbide (Erdialdea, 1986). Ordea, legealdia bukatu bitarte Ingurumen zinegotzia eta Udal Gobernuko kidea izango da. Gustura dago ardura berriekin.
Ingurumen sailari zinegotzigo propioa eman dio Donostiako Udalak. Urtarrila bukaeratik PSE-EEko Ane Oiarbide da Ingurumen zinegotzia. Legealdian Alfonso Gurpegi eta Miguel Angel Diez zinegotziek izan dute sail honen ardura, eta bien artean kudeatu dute. Orain Oiarbideren txanda da.
Noiz sartu zinen politikagintzan?
2011n afiliatu nintzen PSE-EE alderdian. 2015ko Udal Hauteskundeen aurretik Ernesto Gascok deitu zidan bere zerrendako kide izateko proposamenarekin. Baiezkoa eman arren, esan nion ez nuela zerrendako aurrenekoen artean egon nahi. Horrela, hamargarrena izan nintzen. Orduan sartu nintzen politika munduan. Aurretik komunikazio teknikari gisara aritu nintzen lanean Euskal Trenbide Sarean.
Sozialisten aholkulari lanetan aritu zara udalean. Nolakoa izan da esperientzia?
Iazko martxoan sartu nintzen udalean, beraz, urtebete inguru aritu naiz aholkulari moduan. 2016ko abenduan nire alaba jaio zen, eta gerora eman zidaten aukera. Esperientzia oso positiboa izan da, eta oso desberdina niretzako. Gascoren aholkulari gisara ibili naiz, eta bera oso dinamikoa denez lana ere horrelakoa izan da.
Begoña Palosek udal taldea uztea erabaki ondoren, bere lekua hartu duzu. Nola sortu zitzaizun aukera?
Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiteko proposamena egin zioten Begoñari, eta egun Ingurumen sailean dabil lanean aholkulari moduan. Sozialisten lan taldean nengoenez eta hemengo lana dagoeneko ezagutzen nuenez, niri proposatu zidaten. Zerrendan nire aurretik zegoenak, Mikel Diezek, begi onez ikusi zuen nire izendapena.
Nola aldatu da zure lana?
Aldaketa agerikoa da. Zinegotzi bihurtzen zaren momentutik zure jarduna publikoa da. Gerta daiteke kalean jendeak zu ezagutzea. Momentuz ondo daramat. Hasierak gozoak dira beti eta gustura nago.
Sozialisten udal taldeko kide izatetik Ingurumen zinegotzi izatera pasa zara. Nola hartu duzu ardura berria?
Egia esan, legealdiko azken txanpan sartuta gaude eta saileko lanketa gehiena bideratua dago. Proiektuak aurrera doaz, eta saila dinamika batean sartuta dago. Nire erantzukizuna txikiagoa izango bada ere, Ingurumen sailari duen garrantzia emango diot. Erraza izango da Ingurumeneko teknikariak oso profesionalak direlako eta lan ona egiten dutelako.
Zein proiektu gidatuko dituzu legealdia bukatu bitarte?
Estrategia Klima 2050 egitasmoa da garrantzitsuena. Klima aldaketaren errealitateari begira hiriak betebeharrak izango ditu. Europar Batasunak helburu batzuk ditu ezarrita isuriak txikitzeko, birziklatze tasa igotzeko eta mugikortasuna hobetzeko. Klima aldaketa alor desberdinak ukitzen ditu eta horietan lan egin beharko dugu.
Urtarrileko udalbatzarra zure lehendabizikoa izan zen. Nola moldatu zinen?
Ikuspegia guztiz aldatzen da aholkulari izatetik zinegotzi izatera. Lehen batera eta bestera ibiltzen nintzen, udalbatzarrari jarraipena egiten, paperak prestatzen eta abar. Orain, ordea, udal batzar aretoan eserita egotea tokatzen da. Urtarrilekoan puntu batean niri erantzutea egokitu zitzaidan, eta nire unea iristeko gogoarekin bizi izan nuen. Kanpotik ikusita oso luzea egiten da udalbatzarra, baina niri ez zitzaidan batere luzea egin.
Zinegotzi gisa baduzu helburu pertsonalik?
Ez bereziki. Gustatuko litzaidake lana ondo egitea eta kideak pozik egotea nire lanarekin. Azken batean, nigan konfiantza jarri dute eta hori zor diet.
Jon Insausti sartu zen lehenik udal gobernuan, eta orain zu. Biak gazteak zarete, eta udal gobernua zertxobait gaztetuko duzuela uste duzu?
Azken batean asmoa hori da, freskotasuna ematea eta udal gobernuan kide gazteak sartzea. Halere, oraindik beteranoak dira udal gobernuaren oinarria. Guk gure baloreak ditugu, iritsi berriak gara eta kutsatu gabe gaude. Gure ekarpena egin dezakegu.