Jean Mixel Bedaxagarrek zuzenean aurkeztuko du ‘Belatxa’ diskoa
Ipar Euskal Herriko musikarien artean badira ibilbide luzea daramatenak. Horien artean dago Jean Mixel Bedaxagar zuberotarra. Belatxa azken diskoa Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan aurkeztuko du gaur, 20:00etan.
Dantzaria, xirula jotzailea eta kantaria. Ordena horretan garatu da artista gisa Bedaxagar.Ofizioz, ordea, arotza da Urdiñarbe bere herrian. Guztira bost disko argitaratu ditu. 1983an atera zuen Xiberoa aurreneko lana. Ondoren, osasun arazoengatik abesteari utzi zion, baina ez zen geldirik geratu. 88an Agosti Xaho euskaltzalearen bizitzan oinarritutako pastorala idatzi zuen. Horrekin batera Ama izeneko ikuskizuna prestatu zuen. 95ean abesteari berriz ere ekin zionetik horretan dihardu.
2015ean argitaratu zuen Belatxa diskoa, ibilbideko bosgarrena. Inoiz ekoitzi duen mamitsuena dela diote hurbiletik ezagutzen dutenek. Bertan inspiraziorik garbienak bildu nahi izan ditu, oroimenik gustukoenak, doinurik maiteenak, sustraien erreferentziekin eta naturaren usainarekin. A cappela abesturikoak eta kantu musikatuak tartekatzen ditu.
Azken lanean bi musikari eta lagun izan zituen alboan: Mixel Etxekopar (ahotsa, xirula eta ttun-ttuna) eta Sacha Standen (arrabita, pianoa eta moldaketak). Antiguan eskainiko duen kontzertuan ere bien batera ariko da agertokian. Diskoko abestiak eta beste zenbait eskainiko dituzte. 9 euro balio ditu sarrerak.