Duintasuna elkarteak deituta protesta egin dute hainbat pentsiodunek udal batzar aretoan. (Argazkia: Malen Aldalur)
EH Bilduren bi mozioak babestu dituzte udal taldeek, PPk izan ezik; Bidebietako Mendiola eskola hobetzeko udal gobernuaren proposamena aho batez onartu dute.
Donostiako pentsiodunak izan dira martxoko udalbatzarreko protagonistak. Hainbat lagunek protesta egin dute gaur udalbatzarrean, Duintasuna Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak deituta. Hamarnaka lagunek euren aldarrikapenak zeramatzaten kartelak bistaratu dituzte udalbatzarrean pentsioen inguruko mozioak lantzen ari zirela. EH Bilduk aurkeztutako bi mozioen alde bozkatu dute udal talde guztiek, PPk izan ezik.
Landutako bi mozioak hauek izan dira: lehenengoan, udalak pentsiodunei hirian dauden laguntzez informatzeko eta laguntza horiek eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu du; bigarrenean bat egin dute pentsiodunen borrokarekin eta Eneko Goia alkateak azaldu du «ahal duen neurrian» prest dagoela eguraldi txarra egiten duenean protestak udalean egitea uzteko.
Pentsiodunen aldeko zazpi puntuko adierazpen instituzionala adostu dute aste honetan udal talde guztiek, berriz ere PPren babesik gabe. Adostasun maila handia izan arren, udalbatzarrean ika-mika sortu da pentsiodunen egoeraren harira. Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak adierazi du pentsioen murrizketekin Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente sozialistaren gobernua hasi zela. Era berean, Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen pentsioen %0,25eko igoera mugaren dekretua babestu zuela EAJk Madrilen, aurrekontuak errazterakoan.
Kritika horiek ez ditu begi onez ikusi Ernesto Gasco alkateorde eta zinegotzi sozialistak: «Mozioari baiezkoa ematea zailtzen du erabili duzuen diskurtsoak. Pentsio duinak eskatzerakoan ados jarri behar gara, bestela sistema izorratu nahi dutenek irabaziko dute. Alderdikeriak indarra kentzen dio aldarrikapenari. Borondateak batu behar ditugu». Gainera, Zapateroren garaian pentsioak ez zirela murriztu azpimarratu du.
Pentsiodunen egoerak eta bereziki emakumezkoenak kezkagarriak direla esan du Aitziber San Roman EAJko zinegotziak, eta mozioan esandako gauza batzuekin ados egon ez arren, babestea erabaki dute: «Uste dugu positiboa izango dela udalak eskura dituen baliabide guztiak abian jartzea».
Duintasuna elkarteko kideak, hala ere, ez dira pozik atera udal batzar aretotik. Salatu dute ez dutela onartu beraiek nahi zuten mozioa eztabaidatzea, eskumen horiek udalarenak ez direla argudiatuta. Beraz, gaineratu dute ezinezkoa izan dela beraien aldarrikapen nagusiez hitz egin eta irtenbideak aurkitzea: «KPIaren araberako pentsioak eta 1.080 euroko pentsio minimoak eskatzen ditugu eta udalean ez da horietako ezeren inguruko neurririk onartu edo eztabaidarik egon».
Mendiolaren alde
Bidebietako Mendiola eskola publikoaren eta IBT-CRI zentroaren egoera hobetzeko eskatu dio udalbatzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. EAJk eta PSE-EEk aurkezturiko mozio bateratua aho batez onartu dute gainerako udal taldeek. «Mendiolak ez du nahikoa lekurik haur eta lehen hezkuntzako zerbitzua bermatzeko. Ikusmen urritasuna dutenekin lan egiten duen IBT-CRI zentroarentzako, berriz, egoitza berri bat eskatzen dugu. Izan ere, Mendiola eskolaren eraikinean daude une honetan», azaldu du Jon Insausti zinegotzi jeltzaleak.
Irabazi Donostiak mozioa babestearekin batera eskatu du Derrigorrezko Bigarren?Hezkuntzaren aldeko konpromisoa ere indartzeko Bidebietan. EH Bilduk, berriz, adierazi du hiriko kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko proposamen guztiak begi onez ikusten dituztela. Miren Albistur PPko bozeramaileari, berriz, «bitxia» iruditu zaio mozioa aldeko botoa eman arren. «Jaurlaritzako eta udaleko agintean zaudeten alderdiak berdinak izanik, esanguratsua da mozio hau zuek aurkeztea».
Ernest Lluch kultur etxea
Anoeta futbol zelaiaren lanen eraginez Ernest Lluch kultur etxea itxi eta lekuz aldatu beharko dute. Horren harira, EH Bilduk mozioa aurkeztu du udal gobernuak behin-behineko kultur etxea eta haren zerbitzuen duintasuna bermatzeko. «Urtarrilean hasi zen udala zerbitzuak eskaintzeko lokalak bilatzen eta martxoan gaude, eta Gaztelekuak eta Haurtxokoak ez dute leku zehatzik oraindik ere», esan du Josu Ruiz zinegotziak. Mozioa babestu arren, Insaustik ez ditu kritikak onartu eta udaletik egin den lana azpimarratu du. «Donostia Kulturak egindako lan azkar eta onari esker kultur etxearen zerbitzuak bermatu ahal izango dira».
Añorga Kultur eta Kirol elkartearen egoera ekonomikoa hobetzeko mozioa ere aurkeztu du EH Bilduk. Frontoiaren estalpea handitzeko gainkostuek mailegu bat eskatzera behartu zuten kluba. Ordea, eskaerak ez du gehiengoaren babesik jaso.