Martxoaren 1ean aprobaturiko pisu turistikoen ordenantza berria bihartik aurrera jarriko dela martxan jakinarazi du gaur Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. Araudi berri honek udalaren erregistroan izen ematea exijituko du lehenik, ondoren lizentziak tramitatzeko ordena markatuko duen zozketan parte hartu ahal izateko. Gaur egun legedia betetzen duten Donostiako 348 pisu turistikoen jabeek ez dute ezer berririk egin beharko.
Aktibitate turistikoa duten pisuen izen ematea burutzeko hamar eguneko epea ezarriko du udalak, apirilaren 11ra bitarte. Zuzenketentzako astebeteko epea eskainiko da ondoren, jasotako eskaeren tramitazioa hasi aurretik. Zozketan irtendako zenbakitik aurrera ordena jarraituz aztertuko dute gero pisu turistiko bakoitzaren tramitazioa.
Jabeek pisuaren aktibitatea honen tramitazioa eman aurretik hasi ahal izango dutela jakinarazi du, ordea, Ramosek: “Udalaren zerrendan izena ematen dutenetik hasi ahal izango dute euren aktibitatea eta, udalaren ondorengo azterketak beharrezko baldintzak betetzen ez dituztela ondorioztatzen badu, itxi egingo dira berriro”. Zentzu horretan, izen ematetik pisu bakoitzaren tramitazio prozesura emango den epea ekainerako bukatuta egongo dela adierazi du zinegotziak.
Egungo araudiaren baitan itxi diren pisu turistikoak berriro ireki ahal izango direla jakinarazi du ere Ramosek, “ordenantza berriak zerotik hastea suposatzen duelako”, bere hitzetan. Etxebizitza hauen jabeek, hortaz, euren pisuak berriro gehitu ahal izango dituzte udalaren zerrendetara, eta euren aktibitateari ekin ahal izango diote berriz tramitazio prozesu berria hasi arte.
Pisu turistikoen izen ematea burutzeko udalaren webgunean eskainitako
formularioa bete beharko dute jabeek. Era berean, gainerako hiritarrek
udalaren webgunean Donostian dauden pisu turistiko guztiak ikusi ahal izateko aukera izango dugula adierazi du zinegotziak.