'El orden divino' filmak emango dio hasiera XVI. Giza Eskubideen Zinemaldiari
Apirilaren 20tik 27ra bitarte ospatuko da Donostiako XVI. Giza Eskubideen Zinemaldia eta aurtengo edizioaren inguruko lehen informazioak zabaltzen hasiak dira jada. Besteak beste, zinema jaialdiaren programazioa Petra Volpek zuzendutako El orden divino (Die göttliche Ordnung) pelikula suitzarrak irekiko duela jakinarazi dute antolatzaileek.
70eko hamarkadan Suitzako emakumeek botoa emateko eskubidearen alde egindako borroka kontatzen du Volperen filmak. Victoria Eugenia antzokian izango da lehen emanaldi hau, apirilaren 20an.
Zinemaldiaren programazioan ikusgai izango diren gai askotariko beste film batzuen izenak aurreratu dituzte ere antolatzaileek: A better Man (justizia leheneratzailea indarkeria matxistaren aurrean), Desde el otro lado del charco (frankismoaren biktimak eta justizia unibertsala), Food Coop (autokudeaketan eta lankidetzan oinarritutako supermerkatuak), City of Ghosts (euren lurrean gertatzen denaren kronikari bihurtutako siriar batzuen istorioa) eta Shootball (elizaren barruko pederastia-kasu bati buruzko dokumental bat).
19:00etako proiekzioen ondoren, hainbat gaitan sakontzeko solasaldiak antolatuko dituztela jakinarazi dute ere, horretan laguntzeko gonbidatu desberdinek euren esperientziak jendeari kontatuko dizkietelarik.