Giza Eskubideen XVI. Zinemaldiko gazte epaimahaian izena emateko epea zabaldu dute
Apirilaren 20tik aurrera ospatuko den XVI. Giza Eskubideen Zinemaldiak 716 film labur jaso ditu aurtengo lehiaketarako. Hauek ikusi eta guztien arteko irabazle bat izendatzeko, 18 eta 30 urte bitarteko 150 gaztez osaturiko epaimahai bat izendatuko du jaialdiak, film labur onenari 3.000 euroko saria eskainiko diotelarik.
Epaimahai horren parte izateko deialdia zabaldu dute zinema jaialditik, izena emateko epea apirilaren 8ra bitarte zabalduz. Zinemaldiaren jarduera guztietara dohainik joateko aukera izateaz gain, epaimahaikideek Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta EHUko Gipuzkoako Kanpusean kredituak lortu ahal izango dituzte. Gainera, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie, eta Saharako errefuxiatu kanpamentuetan egiten den Saharako Zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dira partaideen artean.
Esteka honetan topatu daiteke epaimahaiaren zozketan parte hartzeko bete beharreko inprimakia.