Lanegunetako hiriko autobusen erabilerak gora egin du 2017an, eguneko 90.000 bidaiari baino gehiagorekin
Dbusek iazko urteari dagokion balantzea aurkeztu du gaur, 2017ko Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoriarekin. Garraio konpainiak urtean zehar enpresaren barruan zein kanpoan egin dituen ekintzen laburpena da dokumentua, alderdi ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak bere baitan hartuz. Bertan jasotako datu esanguratsuenen artean, Dbusek urteko lanegunetan bataz beste izandako bidaiari kopuruaren hazkundea nabarmendu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Izan ere, kopuru honek lehen aldiz igaro du 90.000 bidaiarien muga, lanegun bakoitzeko Dbusen zerbitzuak 90.200 pertsonek erabili dituztelarik.
Hala ere, larunbat eta jaiegunak kontutan hartuta urteko bidaiari kopuru totalak behera egin duela igorri dute Dbusetik: guztira 28.402.059 bidaiari zenbatu ziren iaz, 2016an baino %0,35 gutxiago. Honek, ordea, berezko arrazoiak dituela aipatu du Igor Gonzalez Dbuseko zuzendariak, 2017ak aurreko urteak baino lanegun bat gutxiago izan zuela eta “Astiñeneko zubiaren arazoak” hiriko zenbait lineen erabilera “kaltetu” duela argudiatuz.
Edonola, bai Aranak eta bai Gonzalezek “balorazio positiboa” egin dute 2017ko jarduerari dagokionez, iazko urtean konpainiak hainbat berrikuntza gehitu dituela gogoraraziz. Besteak beste, 16 eta 45 lineatan banku txartelarekin ordaintzeko sistemaren froga pilotuaren arrakasta nabarmendu dute biek. Martxan jarri zutenetik, autobus zerbitzua 4.000 bidaiarik ordaindu dute sistema berri honen bitartez eta, Gonzalezen arabera, urte amaierarako hiriko beste linea guztietara zabalduko dute.
Horretaz gain, 17 linean emandako erabileraren hazkundea azpimarratu du mugikortasun zinegotziak, “Bizkaia pasealekuko autobus bideari esker” bidaiari kopurua %8an areagotu duelarik. Pertsona gehien garraiatzen dituzten lineak, ordea, 28. Amara-Ospitaleak (4.059.668), 13. Altza (3.564.432) eta 5. Benta-Berri (3.033.188) dira oraindik.