Joan den asteburuko bertso bazkariko irudia. (Argazkia: Bizarrain)
Lierni Rekondo izan da Altzako VIII. Bertso Paper Lehiaketako irabazlea. Bizarrain euskara elkarteak antolatzen du urtero lehiaketa, gai eta doinu librean, eta Rekondoren
Odol husten izeneko bertso sorta izan da garailea.
Txapeldunak jaso zuen tableta digital bat, eta Altzako baserrietako produktuez osatutako otar eder bat. Altzako Onena, berriz, Arkaitz Lareki izan da; eta Antton Mendizabalek egindako
Lau Haizetara oroigarria jaso du, baita otar bat ere. Sari banaketa igandean egin zuten, Herrera K.E.n egindako bertso bazkarian.
Lierni Rekondoren bertso sorta irabazlea:
ODOL HUSTEN
Doinua: Norbere mundu intimo.
- Kubata bana eskuan
daude bederatzi duke
harro eta irrifartsu
iluntasunaren truke.
Batak besteari “joño!
-hiruzpa lau txistu kutre
gorpuztxo hori gustura
neureganatuko nuke.”
Haien begirada lizun
eta hitzetan arkupe
hartuz, bi neskatxak pozik
irrifartsu dihardute.
Hala jarrai dezatela,
denak hala behar luke,
beren burua objektu
bilakatu nahi badute.
- Gaur egun gure itxura
zaindu ohi dugu biziki
norbaitek ezarritako
kanon guztiei jarraiki.
Nahiz eta atondu gure
buruentzat nagusiki,
guganako begiradek
garun gabeko maniki
sentiarazten gaituzte
mespretxuari atxiki.
Eta hori barneratuz
joanda poliki poliki,
onartzera heldu gara
normaltasunez larriki;
besteentzako garela,
alu bat eta bi titi.
- “Zeinen zaila den bizitza
Arabiako partean
batez ere emakume
ezkondua izatean:
Ezin etxetik atera
gizonak utzi artean,
hari men eginez soilik
bizi zaitezke bakean.
Kolpatutako gorputza
ezkutatuz oihalpean
norbera jazartzen dute
izatearen kaltean.
Eskerrak gu bizi garen
modu erabat askean…”
Esaten dut nire hankak
depilatu bitartean.
- Nola bizitzaren dantzak
inoiz ez duen etenik,
behingoz nerabezarora
heltzerako sarrienik
laranja erdien bila
gabiltz handik ta hemendik
(bestela ez da helduko
zoriontasun gorenik).
Nahiz ez dagoen inondik
salbatuko gaituenik,
maitasuna askatasun
hitzez ulertzen duenik…
Hori nahi genuke baina
jakin gabe ziurrenik
printze urdinek bizitza
beltz diezaguketenik.
- Gozoa dena tarteka
bihurtu daiteke gazi
harremanetan kontrola
asko ohi denean hazi.
Maite gaituztelakoan
menpeko izaten hasi,
askatasuna galduaz
bikote bat “irabazi”.
Hori ohikoena dela
digute sinestarazi
eta bilakatzen dugu
harremanaren oasi.
Guztiz onargaitza dena
onartuaz kasi kasi…
ondo maitatzea zer den
ez baikenuen ikasi.
- Argi dago zeintzuk diren
gure lana ta gunea:
ahal bada gazte ezkondu
ta goiz eduki umea.
Behin neskame izateko
heldu orduko unea,
etxea txukun mantendu
maitatu, zaindu semea,
izan senarrak behar duen
hainako emakumea,
eskaini hark zuganako
ez duen begirunea…
Horren da handia eta
aldi berean xumea
besteak zaintzeak gugan
uzten duen hutsunea.
- Hutsuneak betetzea
omen da gure desio
ahalduntze prozesuaz
mila eta bat lezio
eman nahiean gabiltza,
baina ez naiz asko fio
dena da hain utopiko
oraindik ere fikzio.
Berdintasunen aldarriz
horrenbeste prozesio,
baina, alardean, dantzan,
tradizioz tradizio…
emakumeei presentzia
ukatzeko zenbat zio
egiteko norberaren
balioei traizio.
- Egoera azaletik
hasi orduko biluzten,
mamiak argi ta garbi
hala digu erakusten:
inguruan ditugunek,
ohitura zaharrenei eusten,
lagundu izan digute
uste okerrak gorpuzten.
Gizontasunaren indar
hutsez gurea errausten
ederki ikasi dugu
baina ez dugu ikusten,
gure jarrerekin ar-en
egoa nabarmen puzten:
Guk egindako zauritik
gabiltzala odol husten.