Lagunekin Kantari egitasmoa egingo dute Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean, maiatzaren 14an, 21ean, 28an eta ekainaren 1ean. Euskal kantugintzaz gozatzeko aukerarik ez da faltako.
Duela 16 urte egin zuten lehenengoz Lagunekin Kantari egitasmoa, Intxaurrondon. Geroztik, asko izan dira programa honetan parte hartu duten musikariak eta bizilagunak. Aurten, maiatzaren 14an, 21an, 28an eta ekainaren 1ean izango da, eta bertan kantuan arituko dira Patxi Saiz eta Pantxoa Carrere musikariak. Eurek abestuko dute lehenengo, eta publikoarekin batera ondoren. Hori izaten da Lagunekin Kantari programaren muina: «Lagunekin kantari-n publikoa ez da pasiboa, jendeak ere abestu egiten du». Hala azaldu du Karmelo Elizondok, Lagunekin Kantari egitasmoko kideak.
Patxi Saiz abeslariak emango dio hasiera aurtengo ekitaldiari, astelehenean, 19:30ean, Larrotxene kultur etxean. Bakarlari getariarrak hainbat abesti kantatuko ditu saioaren lehen zatian, eta guztiek batera kantatuko dute ondoren. Pantxoa Carrere, berriz, maiatzaren 21ean ariko da.
Kantu jira indartsu dago Intxaurrondon, eta Lagunekin Kantari egitasmoa da horren adibide. «Urrian hasita astelehenero biltzen gara kantu jirako lagunak eta Lagunekin Kantari egitasmoarekin ematen diogu ikasturteari amaiera». Hori dela eta, Elizondok azaldu du aurrez kantu batzuk adosten dituztela musikariekin, eta beraien emanaldiaren ostean denek batera abesten dutela.
Kantu jira, protagonista
Dena den, maiatzaren 28an protagonismo osoa edukiko du kantu jirak, izan ere, hiriko beste auzo batzuetako kantu jirekin elkartuko dira elkarrekin abesteko: «Aurten, Altza eta Amarako kantu jira taldeak etorriko dira, hauek ere sarri elkartzen dira entseatzeko». Elizondok azaldu du, hirian badaudela talde gehiago: «Adibidez, badakigu Bagera elkartean batzuk elkartzen hasi direla eta taldetxo bat sortu dutela, aurten parte hartzeko aukerarik ote zuten galdetu ziguten, baina dena prest genuen ordurako. Hala ere, datorren urterako kontuan hartuko ditugu».
Ekainaren 1ean emango diote amaiera Lagunekin Kantari egitasmoari, kantu afari batekin. Afaria Herrerako Artzak Ortzeok elkartean izango da, 20 euroren truke. Sarrerak salgai jarriko dira lehenengo emanalditik aurrera.
Patxi Saiz, Musikaria
“Musikan hasi nintzenean kantuak hauspo gehiago zuen”
Nola hasi zinen musika munduan?
Musika munduan nire hasierak Ibai Rekondoren eskutik izan ziren. Hura izan zen nire irakaslea, eta berak trebatu ninduen gitarran eta ahotsean. Berari laguntzen aritu nintzen, eta bide batez, ikasten. Horren ostean, hiru euskal kantu txapelketetan hartu nuen parte. Hor hasi nintzen Itziar Zamorarekin bakarlari moduan, eta fase hori bukatu ostean Kazkabarra taldean ibili nintzen hiru edo lau urtez. Beraiekin disko bat grabatu nuen Azken saltsak izenekoa. Azkenik, bakarlari moduan aritzeari ekin nion berriro. Maketa batzuk egin nituen eta ondoren hiru disko argitaratu. Azkeneko biak neuk ekoitziak. Orain beste batean ari naiz lanean.
Orain egiten ari zaren diskoa ere zuk ekoitzia izango da?
Bai, hori da asmoa. Ez dago aterabide askorik zentzu horretan. Diskoetxeak ez dira asko bustitzen eta gainera, egia esan, ekoizpen lana ere asko gustatzen zait. Alde ona eta txarra da guztia zeuk egin behar duzula, hasieratik amaierara arte.
Herriminaz, deserriaz, amodioaz eta antzekoez hitz egin izan duzu zure abestietan. Oraingoan ere halakoak aurkituko ditugu?
Gaiei dagokionez antzekoak izango dira, barne hausnarketei begirakoak, gehienak. Herriari, gure herri minari, aberriari eta hainbeste eman dutenen sufrimenduari abestuak, besteak beste. Aurreko diskoen norabidean, baina beste kolore batekin.
Letrak zeuk sortzen dituzu?
Normalean nire aurreko diskoetan erdi bideko zerbait egin izan dut. Abesti batzuk, bertsolari, poeta, idazle edo beste abeslari batzuen letrek osatzen dute eta beste batzuk neuk sortzen ditut.
Inoiz hartu duzu parte Lagunekin Kantariren moduko egitasmo batean?
Izan daiteke, hala ere, urte asko daramatzat mundu honetan eta ez dut gogoan halako formatu batean parte hartu izana. Antzekoetan bai, noski, ibili naiz ikastaroak ematen edo kantu bazkari eta afarietan. Badirudi Intxaurrondon kantu jirakoek urtero erabiltzen dutela formatu bera, lehenengo musikariak abesten du, eta, ondoren, denak elkarrekin.
Nola ikusten duzu herritarren kanturako zaletasuna?
Egia esateko, nahiko iluna ikusten dut. Musika munduan hasi nintzen garaian kantuak orain baino hauspo gehiago zuen. Orain aukera gehiegi dago jendearen eskura, eta gurea beste bat gehiago da, lehen behar bada ez zegoen horrenbeste aukera. Bestalde, euskal sentimendua eta euskal nahi hori bermatzen doan heinean, kanturako zaletasuna ere baretzen ari dela esango nuke. Uste dut ez dela kantugintzaren garairik onena eta gainbeheran dagoela esango nuke.