Hasi dira Larratxoko jaiak
Larratxokoek modu berezian hasi zituzten jaiak atzo, txupina botatzeaz gain, Holi festa egin baitzuten, auzoa koloreztatuz. Igandera arte, jai giroan egongo da murgilduta Larratxo.
Eguraldiak kontrakoa adierazten duen arren, uda iristear da, eta honekin batera,auzoetako jaiak. Morlans eta Bidebietaren txanda izan zen maiatzean eta orain Larratxo, Herrera eta Antiguaren momentua dator.
Atzo hasi ziren Larratxoko jaiak, eta datorren igandean bukatuko dira, ekainaren 10ean, hain zuzen. Herrerakoak, aldiz, larunbatean hasiko dira. Iaz bezala, Larratxo kolorez bete zuten jaien lehen egunean, izan ere, jaien hasiera ospatzeko, bandera igoera, jai hasierako traka eta txupina botatzeaz gain, Holi festa ere egin zuten. Indiatik datorren festa eredu gisa hartuz, auzoa koloretako hautsez busti zuten txiki, gazte eta helduek. Jaien hasiera ofiziala txupinazoak adierazten badu ere, lehenago hasi ziren auzoko gazteak festa giroan murgiltzen. Eskolako txirrinak asteburuaren hasiera eman ondoren, txokolatada, umeentzako jolasak eta aurpegi margoketa egin zituzten jolastokian. 3×3 futbol txapelketa eta Eriz magoaren emanaldiaz ere gozatu zuten Larratxoko gazteenek.
Holi festaren bitartez eta plazan egin zuten Bollywoodeko emanaldiari esker, Indiako kulturen zati bat ezagutzeko aukera izan zuten Larratxokoek. Jaietako asteburu luzeari hasiera emateko, 2018ko Larratxoko jaietako alkatearen hautaketa egin zuten ere.
Lehen eguna borobiltzeko, erraldoi eta buruhandiak atera ziren auzotik zehar, Arraiketai txarangaren musikak gidatuta, eta helduek ere kirola egiteko aukera izan zuten, eskolako jolastokian egin zuten helduen areto futbol txapelketan. Zezen suzkoaren aurrean korrika ere ibili ziren auzotarrak.
Urte osoko lana
Larratxoko Jai Batzordea da auzoko festak antolatzeko arduraduna, eta jai batzordeko kide den Miren Garcia Fernandezek dioenez, zortzi auzotar dira aurten festak aurrera ateratzeko lanean ibili direnak. «Guk bakarrik antolatzen dugu guztia, baina jende askoren laguntza edukitzen dugu jaietan», dio. Auzotarren laguntza asko eskertzen dutela baieztatzen du, «lan asko» egin behar delako jaien aurretik eta baita festetan zehar ere bai.
Urte osoan ibiltzen dira jaiak prestatzen, eta aurretiko lan horiek egiten dituztenak jai batzordekoak izan arren, jaietan laguntza edukitzea «oso pozgarria» dela aitortu du Larratxokoak. Aurten, 2017ko kuadrila onenaren saria banatu dute, eta Blusa moreak izan dira irabazleak. «Iaz gehien parte hartu zutenak eta gehien lagundu zigutenak izan ziren», baieztatu du Garciak.
Egitarau oparoa
Jaiek iraungo dituzten lau egunetarako egitarau oparoa antolatu dute jai batzordekoek. Gaur, ostirala, eskola eguna izan arren, egun osoan zehar egingo dituzte jarduerak, baina, hala ere, larunbata izango da egun handia. «Aurten, berrikuntzak egin ditugu paella lehiaketan», azpimarratu du Garciak, izan ere, auzoko BM supermerkatuak 20 euroko txartela emango dio lehiaketan parte hartzen duen bikote bakoitzari. «Diru horrekin paella egiteko osagaiak erosi beharko dituzte, eta horrela bikote guztiak parekatuta egongo dira», dio jai batzordeko kideak. Parte-hartze handiko jarduera izaten da urtero paella txapelketa.
Horrez gain, honakoa gaineratu du, pozik, Miren Garciak:?«Aurten larunbateko poteoa berreskuratu dugu eta Taupada batukadak girotuko du». 19:30ean hasiko da eta auzoko tabernetatik zehar egingo da. Garciak nabarmendu duen beste jarduera, larunbatean egingo den VIII. Sagardo eguna izan da. Plazan egingo da 18:30ean eta sagardo dastaketaz gain, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek abestuko dute.