Laura Esteve: «Beti egin izan dut nire espirituak eskatu didana»
Margolaritza eta diseinua izan dira Laura Esteve artista donostiarraren obra artistikoaren ardatza. Azken urteetan, Egia auzoko bere tailer-etxean aurkitu du sorkuntzarako egonlekua.
Donostian jaio zen Laura Esteve, 1939. urtean, eta txikitatik izan zuen margolaritza eta marrazketarekiko zaletasuna. Jada existitzen ez den Arte eta Ofizioen Eskolan hasi zituen bere ikasketa artistikoak, gaur egun Correos postetxea dagoen eraikinean. Vicente Cobreros Uranga tolosarra izan zen bere lehen irakaslea, baina irakasle on eta esanguratsu asko izan dituela baieztatu du. «Lanaren bitartez eta urteen poderioz eskuratu ditut ezagutza tekniko eta artistiko gehienak», jarraitu du Estevek.
Garai hartan, Gipuzkoako abangoardia artistikoaren parte ziren beste hainbat artista ezagunen kidea izan zen, hala nola, Jose Luis Zumeta, Bixente Ameztoi, Rafael Ruiz Balerdi eta Carlos Sanzena. Haiekin batera, Gipuzkoako Artisten Elkartean jarduera asko antolatu zituen, eta ilusio handiz aitortzen du bere bizitzako momentu «zoragarri» asko bizi izan zituela haiekin.
Margolaritza eta diseinua
Bizitza osoa artearen inguruan lanean eman du Laura Estevek, baina gehien bat, margolaritza eta diseinuan ibili da. Diziplina artistiko bakoitza desberdina dela dio: «Margolaritza guztiz askea da niretzat, eta diseinuan, aldiz, beti kontatu behar da zerbait modu esplizituan». Saiatu arren, «ezinezkoa» izan zaio margolaritza ogibide bilakatzea eta jaten eman diona diseinua izan dela aitortzen du. Diseinua, margolaritza baino diziplina hertsiagoa den arren, bere izaera askea mantendu duela ziurtatzen du: «ez dut inoiz pintura komertzialik egin, beti egin izan dut nire espirituak eskatu didana; diseinuan ere antzekoa izan da, eskaera zehatz eta mugatu bat jaso arren, nire izaera askearen araberako sorkuntzak egin ditut beti. ».
Azken urteetan abstrakzioa landu du gehienbat, baina beste hainbat estilotako lanak ere egin izan ditu, esaterako, erretratuak, biluziak eta paisaiak. Lana egiteko espazio zabalak behar dituela aitortzen du, eta pintura egiterako orduan mihise handietan margotzea erosoagoa egiten zaiola. «Koadro handiak gustatzen zaizkit, eta normalean marko gabe uzten ditut, kolorea eta espresioa ez galtzeko», gaineratu du Estevek.
Ibilbide luzea
Luis Gascak zuen ALAS publizitate-agentzian hasi zen lanean gaztea zenean, ilustratzaile gisa. Bertan jaso zituen diseinuaren inguruko lehen ezaguerak, gerora bere lanean ezinbestekoak izan direnak, hala nola, tipografiak, maketazioa eta argazkilaritza. «ALAS-en ikasi nuen irudi grafikoek diseinuan eta kartelgintzan duten garrantzia», aitortzen du artistak. Beste hainbat publizitate agentziatan ere ibili da lanean, baina izaera autonomoa eta propioa mantendu dituela adierazten du.
1978an, Estudio TC agentzia sortu zuen, bi lagunekin batera. Urte asko egon ziren estudioan lanean eta bere ibilbidean zehar, «kontrasan ugari» izan dituela aitortzen du artistak, izan ere, korronte publizitarioak bere izaera artistikoarekin talka egin izan du behin baino gehiagotan.
Kontraesan horien eraginez, «lan komertzialak» nolabait baztertu, eta erakunde eta kultural eta sozialekin lana egiteko joera hartu zuen. «Esparru horretan askeago sentitu izan naiz beti», ziurtatzen du margolariak.
Donostiatik kanpo…
Donostiatik kanpo ere, hiri eta herrialde askotara bidaiatzeko aukera eman diote margolaritzak eta diseinuak, eta horrek bere obran eragin zuzena izan duela baieztatzen du. Italia da Esteverentzat garrantzia gehien izan duen herrialdea, izan ere, 1986an ikasturte bat pasa zuen Perugiako Arte Ederren Akademian eta bertan asko ikasi zuela dio. Italian «mila aldiz» egona dela eta ez dela herrialdeaz inoiz nekatuko baieztatzen du: «izugarri maite dut Italia, baina, egia esan, Mediterraneo inguruko herrialde guztietako elementu artistikoak asko gustatzen zaizkit».
Londresen diseinuaren inguruan gauza asko ikasteko aukera izan zuela azaltzen du, eta Design Center ezagutzearen ondorioz, «diseinua diziplina liluragarria» dela ohartu zen. Design Centerren bertan, hainbat aldizkariren berri izan zuen, eta guztietara harpidetu zela gaineratzen du: «aldizkari hauei esker informazio asko lortu dut, eta irizpide propioa garatzen lagundu didate». Paris eta Europako beste hainbat hiritan ere egon izan da lanean.
…eta Donostian bertan
1997.urtean Arte-Lanak izeneko arte-gunea sortu zuen, Gros auzoko Kolon Pasealekuan. Artearen inguruko topagune garrantzitsua bilakatu zen, eta margolaritzako eskolak egiten zituzten bertan. Artea herritarrei hurbiltzeko helburuarekin sortu zen proiektua izan zen. Artea, aldarrikapen kultural eta sozialekin lotzea lortu zutela dio Estevek