Iñigo Agirre, Aitziber Gurutzeaga, Fermin Gurutzeaga eta Leire Rodriguez (ezkerretik eskubira), lore sorten egileak.
Udako solstizioaren inguruan naturarekin lotutako erritu ugari egiten dira Euskal Herrian, eta horietako bat da Bagera elkarteak egiten duen lore banaketa. Aurten Uliako mintegietan landatu dituzte loreak.
Sua da San Joan bezperako ospakizunetako protagonista nagusia, baina, naturako beste hainbat elementuk ere paper garrantzitsua dute urteko gau motzeneko festetan. Lore eta landareekin lotura zuzena du Bagera elkarteak duela urte batzuk berreskuratutako ohiturak. Urtero, San Joan bezperan, aurretik egindako lore sortak banatzen dituzte hiriko hainbat auzotan Bagerako kideek, toki bakoitzeko San Joan sua piztu aurretik. Aurten, 800 lore sorta inguru prestatu dituzte.
Euskal Herrian eta Europako zenbait tokitan egiten diren San Joan bezperako edo udako solstizioko errituek, gaitzen osatzearekin eta arimaren garbiketarekin zerikusia dute. Lore sorten banaketak ere, kutsu berdina du. Ohiturak dioenez, San Joan sortak naturaren indarra jasotzen du, eta, etxean gordez gero, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten omen gaitu. Urte osoan izan behar da etxean eta ekaitz handia dagoenetan, etxea babesteko, sorta zati bat erre behar dela dio kondairak. Urteko osasuna ere ziurtaturik omen dago lore sorta etxean izanda. Hurrengo urteko San Joanetan sorta zaharra hartu eta sutara bota behar da;?erretako sorta, berri batekin ordezkatu, eta, hala, ondorengo urtean ere etxea eta etxekoak babestuak izango dira.
«1998an, edo agian urtebete lehenago, hasi ginen lore sortak San Joan bezperan auzoetan banatzen», azaldu du Bagerako Aitziber Gurutzeagak. Bagerakide batek ohitura zaharrari buruz hitz egin zien, eta euskal ohiturak berreskuratzeko helburuz lore sorten banaketa antolatzen hasi zirela esan du Gurutzeagak.
Bost auzotan
Aurten, Antiguan, Egian, Aieten, Bidebietan eta Saguesen banatuko dira eta nahi duen orok eskuratu ahalko du lore sorta bat, «agortu bitartean, jakina», gaineratu du Bagerakoak. San Joan bezperako sua piztu aurretik egiten da banaketa eta auzo bakoitzak bere ordutegia izaten du.
Antiguan, Jakingura guraso elkartekoek banatuko dituzte loreak, Gaskonia plazan, 21:30ean. Egian, berriz, Egia Euskarazek egingo du, 21:30ean Plaza Haundin. Aieten, Aieteko Euskara Batzordea arduratuko da lore sortak banatzeaz, 19:00etan Jolastokin. Saguesen, aldiz, Uliako auzo elkarteak egingo du banaketa, 20:30ean Tomas Alba plazan eta Bidebietako Euskara Batzordeak 22:00etan egingo du, Allende parkean.
Uliako mintegietako loreak
Aspaldi, baserri bakoitzeko emakume bat edo bi arduratzen ziren loreak biltzeaz. Mendira joaten ziren hauen bila, eta ondoren, ezpata-belarrekin lotzen zituzten. Erlijio kristauaren eraginez, San Joan eguneko meza nagusira eramaten zituzten sortak.
Orain arte, menditik eta lagun batzuen baserritik hartzen zituzten sortak egiteko loreak, eta arrosak berriz, erosi. Aurten, hala ere, bigarren urtez, Uliako Lore Baratzak taldeko kideekin batera prestatu dituzte lore sortak. «Iaz, bagerakide batek izan zuen ideia eta arduradunekin hitz egin ondoren, landaketan hasi ginen» azaldu du Gurutzeagak. Iaz ez zutela dena landatzeko denbora izan aitortu du Bagerakoak eta aurten, garoak, bitxiloreak eta arto landareak Lore Baratzetan landatu dituzte.
Onurak nabarmenak izan direla gaineratzen du, izan ere, mendiko loreen bilketa ez zen erraza, eta asko lehortu egiten ziren San Joan bezperarako. Bi eragileen arteko lanarekin, euskal ohitura berreskuratu eta ezagutaraztea, euskararen erabilera sustatzea eta Uliako Mintegietako parkea ezagutarazi eta erabilpena sustatu nahi dute.
Bost lore mota
Arrosek, arto landareek, garoek, lizarrek eta bitxiloreek osatuko dute aurtengo lore sorta. Hala ere, sorta modu askotara egin daitekeela nabarmendu du Guretzeagak.
Hauek dira landareak aukeratzeko orduan kontuan hartu behar diren ezaugarriak: usaina duen lorea (arrosa, adibidez), fruitua ematen duen landarea (galburua, arto landare zatia…), basoko landare edo zuhaitz- hostoak, San Joan lorea (Gipuzkoan bitxilorea) eta erramua (Gipuzkoako herri askotan sortari erramua ere eransten diote, osagai magiko garrantzitsua izaten baita).