Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Kontxa hondartzan egindako ekintza bat. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Euren jaioterritik ihesi Europara datozen pertsona kopurua handitzen doa urtez urte. Eta Donostian, zeintzuk dira pertsona errefuxiatuei harrera egiteko dauden baliabideak?
Errefuxiatuen krisia delakoa, guztion ahotan eta hedabide guztietako lerroburuetan bolo-bolo dabil azken hilabeteetan. Baina asko, ez daude ados errefuxiatuen krisia terminoa erabiltzearekin, kontzeptu hutsala delako eta elementu eta arduradun asko uzten dituelako kanpoan. Maitane Arnoso Martinez EHUko ikertzailea eta SOS Arrazakeria erakundeko lehendakariaren ustez, «humanitatearen krisia» izango litzateke egokiagoa.
Ane Iturbe Mujikak, Gipuzkoako CEAR (Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen EAEko ordezkaritza) erakundeko abokatuak, termino honek egoeraren ardura errefuxiatuen bizkarren gainean jartzen duela dio, eta hori «guztiz bidegabea» dela uste du. «Egungo sistema neoliberalaren porrotaren ondorioetako bat da errefuxiatuekin gertatzen ari dena», gaineratu du Iturbek. Gehienek errefuxiatuen inguruan duten iruditeri edo profilaren pertzepzioa «mugatua eta osagabea» dela uste du abokatuak. Maiz nahastu egiten dira errefuxiatu eta etorkinak, izan ere, definizioaren arteko marra «oso fina» dela dio, eta marra hau, legeak ematen duen definizioak zehazten du.
Errefuxiatua, bere jaioterrian edo bizi den tokian, arrazoi desberdinengatik, arazo edo jazarpena jasan, eta bere etxea derrigortuta utzi behar izan duen pertsona da. Horretarako arrazoiak ugariak dira, hala nola, arraza, erlijioa, nazionalitatea, iritzi politikoa, gizarte talde jakin batekoa izatea, genero arrazoiak edo orientazio sexuala. Iturbek dioenez, pertsona errefuxiatuekin lanean dabiltzan pertsonak hori ikusgai egiteko borrokan dabiltza etengabe, askotan, ez direlako gai hauetako batzuk baliozko arrazoi gisa aitortzen.
Arnosok ‘errefuxiatu’ hitzaren erabileraren inguruko hainbat alderdi zalantzan jartzen ditu, izan ere, uste du asko ez direla errefuxiatuak izatera iritsiko: «soilik nazioarteko babes eskaera edo asilo-eskaera onartzen bazaie izango dira errefuxiatuak». Genevako Hitzarmenaren arabera, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonek jarraituak izango diren «beldur funtsatua» frogatu behar dute, eta frogatzen ez badute, migratzaile ekonomikoen kategoria egokitzen zaie. Horrek, Atzerritartasun Legea betetzea eta zaurgarritasun egoera handitzea dakar, eta hortaz, ezingo dira errefuxiatuak kontsideratu. Bestalde, beste askok, ez dute eskaera egiteko aukerarik ere izaten. «Gogora ditzagun hegoaldeko mugan Espainiak urte askoan beroan egindako itzultzeak, edota atzerritarrentzako zentro itxietan derrigorrez sartuta dauden pertsona guztiak», dio Arnosok. Gehienek errefuxiatu izateko baldintzak betetzen dituzte, baina ez dute inoiz nazioarteko babeserako eskaera egin ahal izango.
SOS Arrazakeria erakundeko lehendakariak uste du «jarrera positiboa» daukatela euskal erakundeek, baina oraindik bide honetan sakontzen jarraitu behar dela. «Aquarius itsasontziko pertsonei harrera egiteko erabaki instituzionalak argi erakusten du egoera larriei irtenbidea ematea borondate politiko kontua dela», gaineratzen du Arnosok.
Gurean, Espainiar Estatuarena da euren etxeetatik ihesi datozen pertsonak artatzeko eskumena. Horretarako, hainbat erakunde homologatu ditu, eta Donostian CEAR eta Gurutze Gorria dira pertsona hauei harrera egiteaz arduratzen direnak.
CEARen arreta integrala
CEAR 1979 urtean sortu zen, eta bi arlo nagusitan egiten du lan:?giza Eskubideen defentsan, eta babesa behar duten edo bazterketa arriskuan dauden desplazatu, apatriden eta migratzaileen garapen integralaren alde. Iskander Garcia Etxeberria Gipuzkoako CEARen Harrera programaren koordinatzailea da, eta haiengana iristen diren pertsonen iturriak anitzak direla azaltzen du:?«ahoz ahokoak asko funtzionatzen du, baina instituzioetako gizarte langileen eta herri mugimenduen bitartez ere iristen zaizkigu asko».
Ane Iturbe eta Iskander Garcia, CEAReko langileak. (Argazkia: Irati Salsamendi)
«Babesa edo informazioa behar duen pertsona bat guregana iristen denean, elkar ezagutzen dugu eta bere historia ondo ezagutzen saiatzen gara», dio Iturbek, erakundeko abokatuak. Hasierako harrera, juridikoa izaten da, baina CEARek «arreta integrala» egiten duela esan du Garciak:?«bizipen oso gogorrak izan dituzten pertsonak dira eta profesional talde anitza gara, psikologoak, gizarte langileak, gizarte integratzaileak, eta abar». «Pertsona baten errealitatea eta egoera ezagutu ondoren, bere egoera administratibo-legala zein den azaltzen zaio», esplikatu du Garciak, eta ondoren, Espainiar Estatuko eta nazioarteko legediak eskaintzen dizkion aukerak azaltzen zaizkio. Kasu honetan, Atzerritartasun Legea, eta nazioarteko babesa daude mahai gainean. Azken hau, asilo gisa ere ezagutzen da.
Nazioarteko babesa
Nazioarteko babesa eskatzea erabakitzen dutenek, bi aukera dituzte eskaera tramitatzeko:?alde batetik, aireportuetako Espainiako Poliziaren bulegoetan, eta bestetik, komisaldegietan. Eskaera egiteko prozedura Espainiako Poliziak egiten duen elkarrizketa batean datza, eta ondoren, OARek (Asilo eta babes bulegoa) ebazten du babesa eman edo ez. «Barne-borroka izugarria eskatzen die pertsona askori elkarrizketa honek, bizitu duten egoera eta gertakari guztiak berriz bizitu eta onartzea delako;?azken finean, ihes egiteko arrazoia behin eta berriz gogoratzea da», baieztatzen du Iturbek.
CEARera heltzen diren pertsona askok nazioarteko babesa eskatzea erabakitzen dute, baina beste askok ez. Asiloa eskatzeko hautua egiten duten pertsonek eta apatridek, Espainiako Estatuak daukan harrera programan sartzeko aukera dute. «CEARek plaza eskaria egiten du eta Ministeritzak erabakitzen du estatuko zein tokitan emango zaion plaza pertsona horri», azaltzen du Garciak.
Plaza lortzeak harrera etxe batera sarbidea bermatzen du, eta baita oinarrizko beharrak asetzeko laguntzak ere bai. Donostian, CEARek 3 pisu ditu gaur egun, eta 16 pertsona bizi dira bertan. Pisu hauek emakumeentzat eta familientzat dira. Programa honek hiru fase ditu eta 18 eta 24 hilabeteko iraupena izaten du. «Behin plaza lortuta, pertsona horrekin bilera bat egiten dugu eta programa osoan zehar mantenduko den ibilbide bat zehazten dugu, bakoitzaren helburuekin», azaltzen du abokatuak.
Bigarren fasearen ezaugarri nagusia, harrera etxea utzi eta beraien kabuz etxebizitza bat lortu behar dutela da. «Fase honentan pertsona horien autonomia sustatzen hastea da helburua, nahiz eta guk behar duten guztian laguntzen diegun», azaltzen du Garciak. Hirugarrenari, aldiz, «autonomia fasea» deitzen diote, eta helburu nagusia hori den arren, hemengo egoera sozialak ez duela horretan laguntzen aipatzen dute CEAReko langileek. «Instituzio publikoekin koordinatzea oso garrantzitsua da», gaineratu du Iturbek;?izan ere, programatik ateratzen diren pertsonen integrazio erreal baterako instituzioek beren baliabide eta zerbitzuak haien esku jartzea ezinbestekoa dela aipatu du abokatuak.
Era berean, herri mugimenduak eta herritarrek pertsona hauen integrazioan duten garrantzia eta ardura ere nabarmendu dute.
Gurutze Gorria
Gurutze Gorria da nazioarteko babesa eskatu eta estatuaren harrera programan sartzen diren pertsonekin lana egiten duen beste erakundea. Kasu honetan, Gurutze Gorriko Itziar Estebanez Elizazuk azaltzen duenez, haientzat ere oso garrantzitsua da pertsona hauei «harrera atsegin eta zaindua» egitea, izan ere, harrera-zirkuituetara iristen direnean, oso urduri egoten dira, «bizitza berri baten hasieraren aurrean aurkitzen dira eta». «Gurutze Gorriak artatzen dituen pertsonei, lehenik eta behin, oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak eskaintzen zaizkie», azaldu du Estebanezek. Horrez gain, honako zerbitzuak ere jasotzen dituzte Gurutze Gorrira iristen diren pertsonek: laguntza juridikoa, laguntza psikologikoa, gizarte langileen arreta, gizarte hezitzaileen laguntza eta gaztelania ikasteko ikastaroak.
2017 urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriak 518 pertsona artatu zituen harrera programan. Hala ere, Estebanezek nabarmentzen du «pertsona bakoitzaren eta familien autonomia lortzea» dela helburu nagusia. Horretarako, pertsona bakoitzaren prozesuaren jarraipen zehatza egiten da, eta pausoz-pauso dituen beharren araberako zerbitzua ematen zaio.
Gurutze Gorriak ere, CEARek bezala, instituzio publikoekin harreman zuzena du, eta harrera programatik ateratzen diren pertsonek oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik ez badute, Gurutze Gorriak dituen beste hainbat programatara, edota hiriko gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideetara bideratuak izaten dira.