Garbera handitzeko ebazpena
Udal gobernuak behin betiko onartuko du Garbera handitzeko Plan Orokorra, uztaileko udalbatzarrean. Oposizioko bi udal talde eta merkataritza elkarte batzuk kontra daude.
Aurrera doa Garbera handitzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren moldaketa. Urteetako gorabehera, sententzia, kontrakotasun eta bestelakoen ondoren behin betiko onartuko dute merkataritza gunea handitzeko plangintza. Udal gobernuak uztaileko udalbatzarreko gai zerrendan sartu du bere asmoarekin aurrera egiteko. Izan ere, EAJ eta PSE-EE alderdiak handitzearen alde daude, kontrako iritzi asko jaso dituzten arren. Bai oposizioko bi alderdien partetik, eta bai merkataritza sektoreko elkarteen aldetik ere.
Bukaerarik gabekoa zirudienak datorren astean izango du ebazpen irmoa, okerrik ezean. Ingurumen txostena ere Plan Orokorrean barneratuta, udalbatzarrean aurkeztu, bozkatu eta onartzeko aukera izango dute. Horrela, Garberak 25.000 metro karratu gehiago izango ditu –62.000 metro karratu izateraino–, eta 65 saltoki berri. 2019rako irekitzeko asmoa dute, eta azaroan hasiko dira lanekin.
EAJren udal taldea Garbera handitzearen alde dago bi arrazoiengatik: «Batetik, Donostiak azken urteotan galdu duen lehiakortasuna berreskuratzeko aukera ematen du. Bestetik, horrelako egitasmo batek aberastasuna eta lanpostu berrien sorrera ekarriko du», azaldu du Jon Insausti jeltzaleen bozeramaileak. Irekiko diren saltoki berriek eta eskainiko diren zerbitzu berriek enplegu berriak sortzeko aukera emango dutela gaineratu du.
Udal taldeen jarrerak
PSE-EEren eta PPren udal taldeek ez diote adierazpenik eskaini Irutxuloko Hitzari gaiaren inguruan. Aldiz, Irabazi Donostiak eta EH Bilduk Garbera handitzearen kontra daudela berretsi dute. «Legealdia hasieratik aurka agertu gara. Eragin ezkorra izango du hirian: mugikortasunean, genero ikuspegian, adinekoentzat eta denda txikientzat. Udal gobernuaren hiri eredua agerian uzten du», dio Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak.
«Euskal erakundeen, merkataritza txikiaren eta herritarren kontra handituko dute Garbera», salatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak ekainaren 14ko osoko bilkuran adostu zuen merkataritza gune handi berririk ez irekitzeko EAEn. «Jaurlaritza saltoki handiei buruzko araudia eguneratzen ari da, eta hori bukatu bitartean proiektu berririk ez onartzeko eskatu du. Udalak, ordea, erabaki du hori ez betetzea».
Merkataritza txikia kaltetuko du Garberaren handitzeak bi udal taldeen arabera. Alabaina, EAJ ez da iritzi berekoa. «Eskaintza guztiak bere artean bateragarriak dira. Egiten den erosketa mota ez da berdina merkataritza txikian eta Garbera bezalako saltoki guneetan. Merkataritza txikian erosten dutenek ohitura hori mantenduko dute. Arcco eta San Martin dira horren eredu», esan du Insaustik.
Garberaren handitzea ez ezik, Illunbe eta Belartza 2ko saltoki handien proiektuak salatu ditu EH Bilduk. Horretarako, Merkataritza txikia Kolokan kanpaina abiatu dute. «Merkataritza txikia egoera larrian dagoenik ezin da ukatu. Donostian dauden lokalen %25a hutsik dago, eta egoera okertuko da merkataritza gune handi gehiago irekitzen badira», azaldu du Burutaranek.
Merkatarien iritzia
Gipuzkoako Merkatarien Federazioa Garbera handitzearen kontra agertu da, eta bere presidente Iñaki Martinezek ondorengoa adierazi zuen ekaina bukaeran: «Garbera berriak guztioi kaltetuko gaitu». Intxaurrondo eta Altzako auzo elkarteak ere kritiko agertu dira handitzearekin.
Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak ere Garberaren handitzea gogor kritikatu du. «Donostiako Udalaren jarrera hirigintza komertzialari dagokionez, onartezina iruditzen zaigu. Lurralde Plan Sektorialik ez dugula aprobetxatzen ari dira horrelako proiektuak aurrera eramateko», dio Amador Viteri Dendarteaneko kideak.
EAJ eta PSE-EEk osatzen duten «tandema» merkataritza gune handien interesen alde ari direla gaineratu du. «Jaurlaritzatik eta Donostia, Hondarribia zein Lasarte-Oriako udaletatik Plan Orokorrak aldatzen ari dira. Bi urtetan 206.000 metro karratu onartu dituzte merkataritza gune handiak egiteko».