
Duela 45 urte inguru egin zituzten Larratxoko dorre handi horiek. Jende ugari joan zen bizitzera etxebizitza horietara, eta auzoari bizia emateko asmoz, jaiak antolatzeari ekin zioten. 1978 urtean, auzotar talde batek bultzatuta, San Agustin egunaren bueltan hasi ziren jaiak antolatzen, abuztu bukaeran. Berez santu horrek ez du lotura jakinik auzoarekin, baina kanpoko herri askotakoak joan zen bizitzera Larratxora, eta udan euren herrietara bisitan itzultzen zirenez, horregatik hautatu zuten data hori, denak bueltan zirenerako. Juan Figerido izan zen jai xume haien arima, eta lauzpabost urtez antolatu zituzten.
Ondoren lekukoa hartu zuten auzoan sortutako elkarte berriek: Leosin?etak, bertso elkarteak… haiek jaiak indartu zituzten. 1980ko hamarkadan, auzoko gazte batzuk laguntzen hasi ziren, 1987an Txalaka elkartea sortu zuten, eta orduan sartu zen jaien antolakuntzan Jose Ramon Zapirain, 20 urte baino gehiagoan jai batzordeko kide izandakoa. “Ostegunetik igandera ospatzen hasi ginen jaiak, euskarari garrantzia eman genion, buruhandiak sortu genituen haurrekin batera…”. Jaiak irailera atzeratzea pentsatu zuten, baina ez zuen funtzionatu, eta azkenean ekaineko bigarren asteburuan jarri zituzten, 1990eko hamarkadan. “Data erabaki genuen Altzako gainontzeko jaien aurretik geratzeko, eta orduko Buenavistako jaiekin bat egiten zuten arren, haiekin hitz egin genuen, eta ez zen arazorik izan. Altzako jai garrantzitsuenak bilakatu ziren”.