
Auzoak Loiola izena hartu zuenez, San Ignazio egunarekin lotuak ospatu izan dituzte urtero jaiak, uztailaren 31ren inguruan. Behin batian Loiolan liburuan jaso zutenez, San Ignazio festetan aspalditik izan dituzte kirol jarduerak: herri kirolak, toka txapelketak, pilota partidak (hasieran, Eskola Nazionaletako arkupeetan), kukan?a (lehen, Urdintzuko zubian), batel estropadak…
Hasieran Elizak antolatzen zituen jaiak, eta bi egun bakarrik izaten omen ziren, uztailaren 30a eta 31. Edonola, jaiak auzotarren bidez bultzatzeari ekin zion Tomas Artano auzotarrak, 1966 urtearen inguruan, eta hor aldaketa iritsi zen, bere alaba Estitxu Artanok azaltzen duenez. Bestek beste, zinta jolasa egiten hasi ziren; auzoko emakumeek egiten zituzten zintak, eta gizonek arrantzatu egin behar izaten zituzten, bizikleta gainean. Bakoitzak lortzen zuen zintaren egilea gonbidatu behar izaten omen zuen bermut batera. Gogoan dute beti joaten zela Loiolara Donostiako alkatea, San Ignazio egunez. Auzoan bisita egiten omen zuen, Loiolatarra elkarteko presidentearen eskutik, eta hark auzoko beharren berri ematen zion. Bisita horietako baten bidez, Jesus Mari Alkain alkate zela, lortu omen zuten Atari Eder plazako erretiratuen etxea egitea.
Jai batzordea da azken urteetan jaiak antolatzeaz arduratzen dena, auzoko elkarte eta norbanakoen laguntzarekin. Garai berrietako jardueren artean, ospe handia du jaietako Nazioarteko Folklore Jaialdiak. Aurtengoa, XXX. ekitaldia izango da.