(Argazkia: Julen Idigoras)
Bakarkako bidearekin ere gustura dabil Olatz Salvador (Amara Berri, 1990). Skakeitan taldearekin nahiz proiektu pertsonalarekin bere sormena azaleratzen ari da.
Bakarlari gisara hasi duzu bidea; barrura begirakoa. Nola deskribatuko zenuke zure hitzez zure musikagintza?
Nahiko barrura begirakoa iruditzen zait nire musika, bakarkako proiektuari dagokionez behintzat. Askotan, egoera pertsonalak identifikatu ditut behin abesti batera eramanda eta hobeto ulertu dut nire burua. Horregatik iruditzen zait oso intimoa eta oso nirea. Ez da ez birtuosoa, ez perfektua, hauskorra eta erreala izan nahi duela esango nuke. Ez dut uste musikagintza bat eta bakarra dudanik, dena den. Proiektu ezberdinak izateak asko laguntzen du beste zu batzuk ezagutu eta zeure burua fazeta ezberdinetan kokatzeko, beraz, nahi nukena da nire musikagintza likidoa izatea eta leku batetik bestera eramatea.
Skakeitan taldeko kide ere izanik musikariz ingurauta zaude. Bakarlari gisa, berriz, zu zaude eta ondoan dituzu kideak.
Oso ezberdinak dira bi proiektuak, bai. Skakeitanen zortzi musikari gara eta jende gehiagorekin lan egiten dugu, gainera. Ni atzeko lerroan egoten naiz kontzertuetan eta ez daukat protagonismo handirik. Esan izan didate kontzertua ikusten egon eta ez direla konturatu ni bertan negoenik. Bakarkako proiektu bat sortzea eta lehen lerroan kokatzea, musikariak badaude ere, ez da erraza izan niretzat. Kosta zait lider papera hartzea eta nire erabakiek besteenak baino pisu handiagoa izatea, ardura ere badelako. Oraindik ohitzen ari naiz rol berri honetara eta eroso egotera fokua nigan dagoenean, bertigoa sentitu ordez.
Zer nolako harrera izan du bakarkako zure lehen lanak?
Ederra. Niretzat oso hunkigarria izan da hainbeste denboran barruan eraman dudan hau azaleratu eta askatzea, jendeak bere egin dezan. Aurrerapen kanta atera zen momentuan, mezu asko jaso nituen, baita ezagutzen ez nuen jendearena ere. Bakoitzak bere historia kontatu zidan, batak bestearekin zerikusirik ez zuena, baina Zintzilik abestiaren bitartez elkartu ziren. Nire musikaren bitartez kontakizunak jostea iruditzen zait sortzearen gauza ederrenetako bat. Abestiek hegan egin dute eta pertsona bakoitzarengan esanahi ezberdin bat dute. Zuzeneko gutxi eskaini ditugun arren, harrera oso intentsua izan da niretzat.
Emakumea, musika eta Donostia. Zure ustez hiruen arteko harremanak sorturiko belaunaldi bat bizi du hiriak?
Baliteke belaunaldi berri bat azaleratzen hastea, baina ez dakit Donostian bakarrik hezur mamitzen ari ote den ala zerbait orokorragoa den. Egia da Donostia oso emankorra izaten ari dela sorkuntza aldetik eta badaudela emakume oso indartsuak proiektu hauetan presentzia handia dutenak. Baina zooma pixka bat aldentzen badugu, bai Euskal Herrian, bai estatuan, gauza indartsuak sortzen ari direla esango nuke. Baliteke Donostiak bizi duen belaunaldi hori inguruan gertatzen ari denarekiko isla izatea.
Talde zein bakarlari asko azaleratu dira azken denboran, emakumearen presentziarekin. Batzuk ez dira hasiberriak, eta beste batzuk bidea egiten hasi dira. Erreparatu diozu inguruari?
Bai, barrutik bizi dudalako eboluzio hau guztia. Hasi nintzenetik gauzak aldatzen ari dira eta kontzientzia hartzen hasi gara, desoreka hau normalizatzeari uzteko bada ere. Lehen pausoak eman ditugu eta hau nabaritzen da, programatzaile askok kontutan hartzen dutelako emakumezkoen presentzia eta honek duen garrantzia. Ikusi da, baita ere, entzuleak oso ondo hartzen dituela emakumeen presentzia duten taldeak, bazegoela beharra.
Gero eta emakume musikari gehiago zaudete. Zein da zure ustez goraldiaren azalpena?
Lehenik eta behin, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea, emakumeen presentziak gora egin duen arren, gizonezkoak dira gehienak oraindik ere. Esaterako, duela gutxi jaialdi batean egon ginen Skakeitanekin, eta 25 taldetatik bi izan ginen oholtza gaineko emakumeak. Horri talde teknikoa, managerrak eta abar batu behar zaizkio. Aldatzen ari da, baina bidea luzea da oraindik.