(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Joseba Zaldua; futbol jokalaria
Realean geratzeko itzuli zen Donostiara Joseba Zaldua (Aiete, 1992). Entrenatzaile berria ondo ezagutzen du, eta talde txuri-urdinean geratuko da hamaikakoan lekua egin eta partida asko jokatzeko.
Nolakoa izan da denboraldiaurrea Realean hastea, jakinda taldean geratuko zarela?
Ilusio handiarekin. Azken denboraldian Leganesen egon naiz utzita, eta nire asmoa berriz ere Realera itzultzea zen. Etxera etortzea pozgarria izan da, eta gogotsu nago hemen dena emateko.
Eskuineko hegalean zenuen konpetentzia gutxitu da Real?Madrilek?Alvaro Odriozola fitxatu ondoren. Horiek horrela, denboraldi berriari beste begi batzuekin begiratzen diozu?
Egia esan, askotan esan izan dut eguneroko lanari erreparatzen dion futbol jokalaria naizela. Gure lana hori da, eta badakit hortik aurrera erabaki batzuk ez daudela gure esku. Astean lana gogor egiten dut asteburuan jokatzeko. Pasa den urtean kanpora joan behar izan nuen. Leganesen bizitakoa esperientzia oso polita izan da, eta gainera partida asko jokatzeko aukera izan dut. Halere, bere garaian esan nituen gauza batzuk testuingurutik kanpo atera ziren. Hau da, bazirudien Realera soilik itzuliko nintzela jokatzeko aukera izatekotan. Azken batean, guztioi gustatzen zaigu minutuak izatea.
Leganeseko esperientziak zenbatean lagundu dizu hazten?
Asko. Realaren lehen taldera igo nintzen urtea kenduta, hori izan da partida gehien jokatu dudan denboraldia. Niretzako oso garrantzitsua zen hori. Ateratzekotan argi nuen jokatzeko izango zela, garrantzitsua izateko eta konfiantza berreskuratzeko. Zorionez dena oso ondo atera da, eta helburu horiek bete ditut.
Asier Garitano izan zenuen entrenatzaile Leganesen, eta orain Realean izango duzu. Abantaila da hori zuretzako?
Banekien udan hona etorriko nintzela, eta nire nahia Realean geratzea izango zela argi nuen. Aldi berean, banekien Garitanorekin edo beste entrenatzaile batekin postua irabazi beharko nuela. Dena dela, Realak Garitano fitxatu izana ona da niretzako; ondo ezagutzen nauelako. Azken batean, berak eman zidan aukera Leganesera joateko.
Entrenatzaile gogorra da, zorrotza eta futbol jokamolde zehatz bat duena. Zure futbolari profil eta jokorako aproposa da?
Agian bai. Azken batean,?Garitanori asko gustatzen zaizkio futbolari indartsuak, bat-batekoak lehiatu eta irabazten dituztenak. Alde horretatik, eroso sentitzen naiz. Eusebio Sacristanekin baino aukera gehiago izango ditut, zentzu horretan.
Denbora gutxian hiru atzelari utzi dute Reala. Nabarituko al du taldeak?
Hiru kasuak ez ditut gertutik bizi izan. Yuri Berchiche nirekin batera joan zen Realetik, eta Iñigo Martinezek abenduan utzi zuen taldea. Badakigu futbola horrelakoa dela, eta aldaketak egoten direla. Hortik aurrera egin dezakegun bakarra da gure artean lehiatzea postua irabazteko. Halere, aitortu behar da beraien hutsunea nabarituko dugula. Baina harrobia sendo dator eta fitxatzen dena kalitatezkoa da.
Eskuin hegalean konpetentzia gutxiago duzu orain?
Ez dut kezkarik horren inguruan. Nire postuan betidanik izan dut lehiakortasuna. Hasieran, Dani Estrada eta Carlos Martinezekin, eta ondoren, Aritz Elustondo eta Odriozolarekin. Gaur egun, berriz, Andoni Gorosabelekin. Argi dudana da dena emango dudala entrenatzaileak aukera niri emateko.
Etorri direnen artean, Mikel Merino nafarra izan da lehen fitxaketa. Zer moduz berarekin?
Oso gaztea da. Borussia Dortmund eta Newcastle taldeetan ibili ondoren, argi dago zerbait ona izango duela. Entrenamendu gutxi egin ditu gurekin, baina bere talentua erakutsi du. Gogo asko izango ditu talde batean finkatzeko, eta seguru nago fitxaketa ona izango dela.
Xabi Prieto erretiratuta lehen taldeko donostiar bakarra zu zara, ezta?
Bai, eta orain konturatu naiz. Niretzako pozgarria da hori.?Donostiako bakarra izateak berezitasuna dauka.
Zuretzako pertsonalki garrantzitsua izan da Donostiara itzultzea?
Zalantzarik gabe. Nire asmoa ez zen Reala uztea, kanpora joan behar izan nuen minutuak izateko. Hemen baino hobeto ez naiz inon egongo, egia esan. Hemen erretiratzea gustatuko litzaidake.
Zure kuadrilla Anoetara joaten da zu animatzera. Madrilen eman duzuen denboran faltan izan dituzu?
Bai noski. Kuadrillarekin duzun harremana berezia da, ohitura dudalako beraiekin geratu eta zerbait hartzeko. Halere, Madrilen ere lagun asko ditut, eta eroso egoteko modua ere topatu dut. Garrantzitsua da lagunak izatea zoazen tokira zoazela. Baina nire kuadrilla, nire kuadrilla da. Leganesera ere etorri ziren partidak ikustera, eta nire etxean geratu ziren lotan.
Zein da Realaren helburua denboraldiari begira?
Entrenamendu onak egiten ari gara. Trebakuntza lan handia ari da izaten, eta oso nekatuta bukatzen ditugu lan saioak. Halere, uste dut prestaketa ondo etorriko zaigula lehiatzen hasten garenerako. Garitanok eskatzen diguna betetzen badugu, denboraldi ona egingo dugula uste dut.
Eta Europa?
Nire ustez ez dugu helbururik jarri behar. Ez da egokia guretzako. Europari begira jartzeko Anoetan partida gehienak irabazi behar ditugu.