Donostian topaketa eginez abiatuko du Klitto!k ikasturte berria
Klitto! aldizkari digital feministak topaketa bat egingo du Donostian “ikasturte berrirako asmoak eta indarrak neurtzeko” helburuarekin. Bertan parte hartu nahi duten pertsonei irailaren 29an, 10:00etan, IRUTXULOKO HITZAk, Joxemi Zumalabek eta Egia Bizirik elkarteek partekatzen duten lokalera (Ametzagaña 19, Egia) hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete:
Orain dela hiru urte sortu genuen proiektua ilusio handiz eta maitasunez beteta iritsi da gaur arte, eta hala jarraitu nahi dugu denbora luzez! Horretarako, zure laguntza behar dugu, proiektua indarberritu eta bertan Klittotik ateratzen zaiguna egiten jarraitzeko!
Feminismotik eta euskaraz mundua begiratzeko eta kontatzeko sortu zen Klitto! eta oraindik badugu nori, zeri eta nora begiratua eta kontatua. Horregatik behar ditugu gurekin ahalik eta begi/belarri gehien. Tripetatik idazten, ertzak errimekin biribiltzen, maite duguna marrazten, gertatzen zaiguna kontatzen jarraitu nahi dugu, feminismotik eta euskaraz. Barrenak husteko, hausnartzeko eta ikasteko espazio ireki bat izatea nahi dugu eta horregatik nahi zaitugu gurekin!
Bidea zurekin ikasteko, gozatzeko eta egiteko gogoz gaude! GORA BORROKA FEMINISTA!
Klittoataridigitala@gmail.com helbidea eskura jarri dute ere edozein zalantza galdetzeko edo topaketara etorri ezin eta Klitto!n era batera edo bestera parte hartu nahi dutenentzako.