(Argazkia: Uliako Lore Baratzak)
Astelehenetik astearterako gauean ezezagun batzuk Uliako Mintegietako parkera sartu eta bertako liburutegia hondatu zuten. Liburu eta jostailuak puskatu, eta belardian botata utzi zituzten. Aldi berean, liburutegi alboko landareak kaltetu zituzten.
Uliako Lore Baratzak taldeak sare sozialen bidez salatu du gertaturikoa, eta azken egunetan herritar askoren babesa jaso dutela adierazi dute. Aldi berean, laguntza eskatu dute hondaturiko materiala ordezkatu eta liburutegia bere onera itzultzeko. Horrela, herritarrei eskatu diete bigarren eskuko liburuak eramateko parkera. Hain zuzen ere, #liburubatparkerako traolarekin kanpaina moduko bat abiatu dute.
Liburuak jasotzeko egunik onena urriaren 21a izango dela gaineratu dute. Izan ere, orduan ospatuko dute Udazkeneko Jaialdia. «Egun berezi horretan, liburentzako harrera-leku bat ipiniko dugu. Honela, zuzenean jaso ahal izango ditugu liburuak eta zuzenean ere eskerrak eman.», esan dute.