(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Gipuzkoako azken urteetako azpiegitura proiektu gatazkatsu guztiak Zubietan kokatu dira. Erraustegiarena izan zen lehena, eta kartzelarena bigarrena, gerora birgizarteratze zentro bilakatu dena. Azkenik, eta euren iritzia oraindik inork galdetu ez dien arren, herrian kuartel militarra kokatu nahi dutela jakin dute zubietarrek.
Ez dira garai atseginak zubietarrentzat. Donostia eta Usurbilen artean banaturiko 480 biztanleko auzoak urteak daramatza, azpiegitura proiektu desberdinak direla medio, egunkarietako tituluak astez aste betetzen. Bertan gauzatu nahi diren eraikuntzek politikarien txostenetan eta protesta sozialen pankartetan kokatu dute Zubietaren izena. Gipuzkoa osoa astindu duen talkan, ordea, zubietarren ahotsak keak baino pisu gutxiago izan duela salatzen dute bertakoek.
Herrian eragin zuzena izango duten erabaki politiko guztiak aldebakartasun osoz hartu direla uste dute Oria ondoko bizilagunek. Izan ere, Zubietako Herri Batzarrak berak prentsaren bidez jarraitu behar izan ditu auzoan kokatu dituzten azpiegitura proiektuen nondik norakoak. Zubietarren ordezkaritza organo bakarrak Donostiako Udalarekin egun inolako harremanik ez duela azaldu du Narciso Arrillaga Zubietako alkateak: «Beraiei komeni zaienean, prentsara deitu eta harro esaten dute Zubietan herri batzarra bozkatu eta alkatea aukeratu dutela, baina udalak gurekin mantentzen duen kontaktua hor bukatzen da». Azken urteetan, herri batzarrak hainbat bilera eskatu dizkio Donostiako Udal Gobernuari, inolako erantzunik jaso gabe. Hori araudiaren kontra doala nabarmendu du Arrillagak: «Zubietari dagozkion ekintza guztiak herri batzarrari jakinaraztera behartuta daude legez, baina guri ez digute ezer esateko deitu».
Legealdi hasieran, Usurbilgo eta?Donostiako alkateei beraientzat Zubieta zer den galdetu zietela gogoratu du Zubietako alkateak:?«Batek udalik gabeko herria dela erantzun zuen, eta herri izaera duen auzoa dela, besteak». Erantzunak pozez jaso zituzten herrian, baina hitzak huts bilakatu dira zubietarrentzat Donostiako Udalak harrez geroztik izan duen jarrera ikusita.
«Sentsibilitate falta» nabarmena
Zubietarren kezkak erraustegiaren proiektuarekin piztu ziren. Aldundiak 2002an onartu zuen errauste plantari oniritzia eman zion Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plana, eta 2011ko martxoan, ia hamar urte beranduago, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak azpiegitura polemikoaren lehen harria ipini zuten Zubietako Eskuzaitzeta eremuan. Egun, erraustegiaren %60a eraikita dago, eta ekainerako eraikuntza bukaturik egotea aurreikusten dute obraren arduradunek. Oztoporik topatzen ez badu, errauste planta urtebete barru jarriko da funtzionamenduan, 32 urterako ustiapen baimenarekin.
Zubietan ugariak izan dira azpiegitura gatazkatsuaren aurkako protestak. Azkena, duela hiru aste egindako erraustegirako martxa izan zen. Egun horretan, Ertzaintzak mendiko bidea moztu zien herritarrei, eraikuntzara hurbil zitezen saihesteko, eta hauen ekiteari erantzunez, protestan ari zirenak oldartzen bukatu zuen poliziak.
Birgizarteratze zentroa eta kuartel militarra jasoko lituzkeen Eskuzaitzetako eremua. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Gertakari hura erakunde publikoek urteetan zehar zubietarrekiko izan duten jarreraren isla dela dio Arrillagak,?«entzungorrarena eginez, kexa guztiak isilarazi eta euren borondatea inposatuz» jokatzen dutela argudiatuz. Ezinbestekoa den galderak hor jarraitzen duela uste du, ordea, Zubietako alkateak: «Mundu osoko errauste plantak ixten ari dira. Benetan al da beharrezkoa Zubietan bat eraikitzea?».
Gainera, erraustegiaren eraikuntza lanak ere «herritarren beharrak kontuan hartu gabe» egiten ari direla salatu du Arrillagak. Hain zuzen, obrak hasi zirenetik mendiko bide ugari itxi dituztela dio, baserritarrei kalteak eragin dizkietela azpimarratuz: «Behiak ditugunoi, adibidez, kalte handia egin digute, urteetan abereentzako pasabiderik gabe utzi gaituztelako». Udalari hainbatetan eskatu diote pasabide horiek tarteka irekitzeko edo berriak zabaltzeko, baina «erabateko sentsibilitate faltarekin» erantzun dietela dio zubietarrak: «Batere balioko ez bagenu bezala tratatu gaituzte».
Zubietako alkatearen ustez, Eskuzaitzetako lursaila desjabetzeko modua horren adibide izan zen ere. Donostiako Udalak zubietarren lurrak kartzela eraikitzeko beharrean oinarrituta bereganatu zituela azaldu du Arrillagak. Abuztuan, ordea, udalak eta Espainiako Gobernuak kartzelaren ordez lursail horretan birgizarteratze zentro bat eraikitzea adostu zuten. Zubietarraren ustez, «espetxearen proiektua inolako arazorik gabe aldatzeak gauzak errazkeri handiegiarekin egin direla erakusten du, desjabetze prozesu batek behar zehatz batzuei erantzun behar dielako». Erabaki horien atzean dagoen funtsezko interesa Martuteneko eremua «nola edo hala» hustea dela dio, «benetako dirutza» lur horietan dagoela argudiatuz. Bestalde, udalak zubietarrei Eskuzaitzetako metro karratu askorengatik euro bat baino gutxiago ordaindu ziela gogoratu du Arrillagak.
Okerrenera ere ohituak
Espainiako armadaren kuartelarena da Zubietan kokatu duten azken proiektua. Donostiako alkateak Loiolako kuartel militarra Eskuzaitzetako eremura mugitzeko proposamena luzatu zion irailean Espainiako Defentsa Ministerioari. Hura erabaki esanguratsua izan zela azpimarratu du Arrillagak, izan ere, inguruan dagoen Txaldatxur mendixka 36ko gerrako gudu baten leku izan zen: «Bertako jende asko lur hauek defendatzen hil zen, eta orain Espainiako armadari eman nahi dizkiete». Albisteak harritu ez zituela onartzen du, ordea, Zubietako alkateak: «Horrenbeste jasan ondoren gutxirekin harritu gaitezke, astoa atzeko makilakadetara ere ohitu egiten delako».
Erakundeek auzoan kokatu dituzten azpiegiturekiko atzera pausorik ematea zaila izango dela garbi dauka zubietarrak, eta «hain garesti» ordainduko dituzten proiektuek bertan zer utziko duten galdetzen dio orain bere buruari. Izan ere, Eskuzaitzetan azpiegitura erraldoiak eraikitzen ari diren bitartean, Zubietan bertako eragileentzako lokal bat bera ere ez dutela azpimarratu du Arrillagak: «Lagun batekin gereziak jatera joan eta zuhaitzera heldu ahal izateko nire gainean hartzen badut, tarteka gerezi bat edo beste pasatzea espero dut. Denbora luzez gerezirik jasotzen ez badut, ordea, normalena da laguna gainetik kendu eta pikutara bidaltzea. Hemen biok jan behar dugu».