"Nire etxean nuen ikastola, gela batean"
Kontxita Beitia andereñoak hasitako bideari esker sortu zuten Groseko Zurriola ikastola, duela 50 urte. Lehenengo urteetan ‘Xabiertxo’ liburua izan zuten eskoletarako ia material bakarra.
Duela 50 urte, 1968ko urriaren 8an, bideari ekin zion Groseko Zurriola ikastolak. Kontxita Beitia, Mari Tere Elola eta Maite Garagorri andereñoak hasi ziren lehen eskolak ematen, 3 eta 5 urte bitarteko haurrei, Ramon Maria Lili kaleko egoitza txiki batean, ezer gutxirekin. Egindako lanak, ordea, bere fruitua eman zuen, eta 1.300 ikasle ditu gaur egungo Zurriola ikastolak, eskolaurretik hasi eta batxilergora bitartean, hainbat eraikinetan banatuta.
Sorreratik atzerago eginez, ordea, Kontxita Beitia topatuko dugu berriro ere. Izan ere, bere Groseko etxean hasi zen eskolak ematen, 1960ko hamarkadan; euskal kultura eta hezkuntza eraldaketarekin bat egin zuten familien haurrak elkartuz. Garai haiek «izugarrizko pozarekin» eta «ilusioarekin» oroitzen dituela dio. 1960an Pasaian hasi zen andereño gisa Beitia, 20 urte zituela, eta bost urtez aritu zen. Ezkondu zenean, ordea, Grosera joan zenez bizitzera, han sortu zuen ikastola: «Orduan ere poza eta ilusioa genituen. San Frantzisko kalean bizi nintzen, eta nire etxean nuen ikastola, gela batean. Hori zen ikastola».
Hamar umerekin abiatu zuen ikastola Beitiak, 1966an: «Nola topatu nituen haur horiek? Ba Katalunia plazara joaten nintzen, eta amaren bat ikusten banuen bere seme-alabei euskaraz hitz egiten, nire proiektua kontatzen nion. Haiek ere beste ezagun batzuk zituzten, edo lehengusuak…». Horrela, ikasturte erdian hasi ziren ikastolarekin, apenas materialik gabe: «Ez genuen ezer ere. Genuen bakarra zen Xabiertxo liburua, kuaderno zuri bat, arkatzak, txotxak eta puxtarriak. Horrekin moldatzen ginen izugarri ondo irakasteko».
Etxean ikasitako euskara galdu egin zuen Beitiak, eskolan gaztelania ikasi zuen garaian. Horrela, Beitiak ongi gogoan du Elbira Zipitria, harekin ikasi baitzituen euskara eta pedagogia:?«Horrek ematen zidan ziurtasuna, eta jendeari ere bai. Ni neska gazte bat nintzen oraindik, eta ez nuen atzetik historiarik».
Edonola, bere etxean ikastola bi urtez izan ostean, ezin zutela horrela jarraitu erabaki zuten:?«Bilera handi bat egin genuen egun batean. Handik sortu genuen batzorde bat, baita ikastola utopiko hura izango zenaren izena ere: Zurriola». Beitiak gogoratu du guraso batek esan zuela Grosen zeudela, eta auzoaren izen jatorra Zurriola zela. Segituan hasi ziren lanean leku egoki bat topatzeko, eta, ondoren, hura egokitzeko eta dirua lortzeko. «Jende askok bere eskuekin lan egin zuen ikastola sortzeko, eta azkenean ateak ireki genituen, Ramon Maria Lili kaleko zortzigarren zenbakian». Hirurogei ikasle eta hiru andereñorekin hasi ziren. Laster batu zitzaizkien beste hiru andereño, horietako bat musikakoa.
Hasiera hura oso polita izan zen arren, eraikin hartan sekulako arazoak zituztela dio Beitiak: «Lokal eder handia genuen, baina ez genuen ez aireztatze sistemarik, ez leihorik, ez argirik… orduan, inspekziotik esan ziguten gela baterako baimena emango zigutela, baina pentsatzeko beste nonbait jarri beharko genuela». Ikasleekin izandako arrakastaren ostean, aurrera egin zuten, eta Villa Sacramentora lekualdatu ziren, oraindik ere mantentzen duten egoitzetako bat, hain zuzen, Lehen Hezkuntzarako. «Gure haurrak bederatzi urtera arte egoten ziren ikastolan. Horrek suposatzen zuen gero eskola erdaldun batera joan behar zirela. Orduan, azken ikasturtean gaztelera ere sartzen genien, nahiz eta denek bazekiten, orokorrean».
Bost urtez aritu zen Beitia Zurriola ikastolan, agur esatea erabaki zuen arte. «Lau seme-alaba nituen, eta ikastola utzi nuen. Oso nekatua nengoen, lan ikaragarria egin genuen dena abiatzeko, eta bilerak oso maiz genituen». Hala ere, eskola publikora joan zen, Beraunera, eta D eredua hasi zuen han, hamabi urtez arituz: «Haurrak euskaldundu genituen, eta gurasoekin ere lan handia egin genuen. Hizkuntzarekin batera, kulturaren zatitxo bat ere sartu nituen».
Zurriola ikastolara urtero deitu izan duela dio Beitiak, eta aurten are arrazoi gehiagorekin: «25. urteurrenean oso festa ederra egin genuen, ikasle ohi askorekin. 45. urteurrenean ere elkartu ginen, eta, aurten, urrezko ezteiak ongi ospatu beharra zegoela esan nien, urduri bainengoen. Urte alai bat izango dela pentsatzen dut».
Ikastolara bisita
Astelehenean ikastolako lagun guztiek urtebetetzea ospatu zuten. Ikasle helduenek, batxilergokoek, lehenengoetakoak izan ziren bi andereñoren bisita jaso dute, Beitia bera eta Juanita Aseginolaza. Ustekabean, ordea, inspektoreen bisita jaso zuten, Joserra Fachado eta Oihana Maritorena aktoreek antzeztuta. Beitia andereñoak azalpenak eman behar izan zituen inspektoreen aurrean, baina oso ongi defendatu zuen bere burua!
Datozen aste eta hilabeteetan Zurriolak hiri zein auzo mailan ere hedatuko du bere urteurren festa.