Ondarea berrikusteko prozesuan dauden eraikinak botatzeko lizentziak eten dituzte
Donostiako Udalak erabaki du urtebetez lizentziarik ez ematea Hiriko Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezia berrikusteko prozesuaren ondorioz babestu daitezkeen eraikinak botatzeko. “Erabaki dugu lizentziarik ez ematea berrikuspena bukatu eta zein eraikin babestuko diren eta zein ez jakin arte”, adierazi du Ernesto Gasco alkateordeak.
Hiri osoko 250 eraikinen eta 200 atari baino gehiagoren babes aukera da berrikusten ari direna. Zenbait eraikinek atari bat baino gehiago dituzte. Urtebeteko epean berrikuspena bukatzea aurreikusten du udalak. “Uste dugu epe hori nahikoa dela prozesua behin betiko onartzeko”, azaldu du Gascok.
Urtebeteko etenak ondorengo eraikinei eragiten die, besteak beste: Ondarretako txaletak eta Antiguako eta Itsasargi pasealekuko beste batzuk, Ategorrietako Galtzara Zaharreko txaletak, Aldapetako eta Aieteko Baenako Dukearen pasealekuko txaletak, La Fe pasealekuko eta Mirakontxako txaletak, Egia galtzadako, Arbos Musikariaren pasealekuko eta Zubiaurreko txaletak, Intxaurrondo Zaharreko txaletak, Loiolako Matxiñene kalekoak, Errekaldeko Coca-Cola fabrika zaharra, Kursaal jauregia, EUTGko eliza, Tenis Elkarte Errealaren eraikina eta Uliako biltegiak.