Oneka plataformaren aurkezpena, Donostiako Emakumeen Etxean. (Argazkia: Oneka)
Atzo aurkeztu zuten Donostiako Emakumeen Etxean Oneka, euskal emakume pentsionisten plataforma. Plataformak Hego Euskal Herriko adineko emakume eta pentsiodunak bilduko ditu, bizi duten egoeraren ezaugarriak gizarteratzeko asmoz. Genero eta adin arrazoiengatik bazterketa zehatzak jasaten dituztela salatu zuten, agerikoena, gizon eta emakumeen pentsioen arteko desberdintasuna. Desberdintasun horrek emakume hauen egunerokotasunean “izugarrizko ondorioak” dakartzala azaldu zuten eta asko, pobrezian bizitzera eramaten dituela.
Salatu zuten beste bazterkerietako bat emakume askok “bizitza osoan egindako” lan erreproduktiboekin lotutakoa da. “Bizitzan osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izanda ere, kotizaziorik gabekoa eta ondorioz, eskubiderik gabekoa izan da”, azaldu zuten plataformaren aurkezpenean. Besteak beste, garbitzaile gisa, zaintza eta zerbitzu lanetan, baserrietan eta arrantzarekin zerikusia izan duten lanetan ibilitako emakumeak dira, eta gizartearen ekonomian lan hauek duten garrantzia azpimarratu zuten: “neurri handi batean, guri esker, gizarteak aurrera egin du. Milaka emakume gara, onartu gabeko aberastasuna sortu dugunak”.
Emakume nagusi eta pentsiodun gisa dituzten beharrei bidezko erantzuna eman ahal izateko antolatu dira, eta helburu nagusia emakume guztientzako pentsio duina lortzea izango da, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz. Gainera, emakume nagusiek bizitza autonomoa izan dezaten eta indarkeriarik gabeko zahartzaroa bizitzeko aukera aldarrikatu eta defendatuko dutela adierazi zuten.
Era berean, Euskal Herriko emakume feministen mugimenduarekin bat egin zuten eta orain arte egindako lana zoriondu. Mugimenduak joan den martxoaren 8an egindako urratsa nabarmendu zuten eta honakoa esan zuten: «beraien esanetara gaude elkarlanean aritzeko orain eta etorkizuneko erronketan».