Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Pawe? Pawlikowski
Urtea: 2018
Herrialdea: Polonia-Erresuma Batua-Frantzia
-Goazen beste aldera, ikuspegi hobea izango dugu-
![zinema_kritika___cold_war_](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2018/10/Zinema_kritika___Cold_War_.jpg)
Zinean Gerra Hotza agertu den bakoitzean, espioien filmak edo film politikoak egitea topikoa izan da, gaiak atzean dakarren aberastasuna gehiegi mugatuz. Pawe? Pawlikowski zuzendari poloniarraren azken filmean, izenburuak berak argitzen digu zein izango den ikusiko dugun garaia, Gerra Hotza. Hala ere, Pawlikowskik topikoak bazterrean uzten ditu eta hasieratik kontatu nahi duen horretan arreta jartzen du, amodiozko istorio gazi-gozoa.
Zula (Joanna Kulig) eta Wiktor (Tomasz Kot) gerraosteko Polonian ezagutuko dira folklore-musika eta dantza atze-oihala dutelarik eta berehala bien artean ezin eutsizko erakarpena sortuko da, nahiz eta hasiera batean oso desberdinak diren. Zularen jatorria apala da, Wiktor, aldiz, findua eta ongi hezitakoa. Bien bizitzek kontrajarriak dirudite, baina film erromantiko onenetan ikusten den bezala, halabeharrak aurretik hautatutako etorkizuna idatziko die. Zula uhar sutsu batek zuzentzen du (
femme fatale klasikoen antzera), eta Wiktor berarekin batera amodiozko errusiar mendi batean sartuko da, ikuslea ere bertan murgilduz. Ez dezagun ahaztu,
Cold War zuri-beltzeko film zoragarri bat da eta emoziozko gorabeheretatik eramango du ikuslea, hori bai, zirrararako prest dagoen hura.
50eko hamarkadan Polonian abiatzen da istorioa, Zula eta Wiktor dantza eta kantu folklore-talde bateko parte izanik, lehena abeslari eta dantzari gisa eta bigarrena musikari eta taldearen zuzendari. Arestian aipatu moduan, elkarrekin maiteminduko dira eta taldeak leku desberdinetatik birak egingo ditu, estalinismoaren eraginaren atzamarrak taldearen sormen gaitasuna bat batean moztuz (musika irakaslea den Irenaren erantzuna emanaldi estalinista baten ostean txalo ez egiterakoan esanguratsua izango da). Harresi aurreko Berlinera iristen direnean hasiko dira Zula eta Wiktor altzairuzko oihala zeharkatzeko ametsarekin, baina orduan,
Casablancako eszena baten antzera, maitaleek ez dute elkar gauzatuko nahi hori, eta komunismotik kapitalismorako bidea Wiktorek bakarrik egingo du.
Zulak talde folklorikoarekin jarraituko du, zorigaiztoko bidea hautatuz. Hortik aurrera filmak 50eko hamarkadako Paris aurkeztuko digu, gaueko jazz kluben giroan Wiktor piano-jotzaile gisa nekez bizitzen, beti bere «bizitzako emakume bakarra» gogoan duela. Noizbehinka Zula eta Wiktor topatuko dira, ez bada Parisen, 60ko hamarkadako Jugoslavian, edo filmaren bukaeran ikusten den bezala, berriz ere Polonian, baina zaila izango dute elkarrekin egotea.
Cold War filmak horrela bikotearen amodiozko istorioa samintasunaz eta tristuraz estaltzen duela dirudi, baina errepikatzen dut, filma zoragarria eta erromantikoa da, eta ikustea (eta sentitzea) merezi du.
Kritika bukatu aurretik, gogorarazi behar dut
Cold War filma ez litzatekeela den aparteko maisulana izango Pawe? Pawlikowski zuzendariak erabilitako estetikarik gabe. Zuri-beltzaren baliatze liluragarria, enkoadraketen eta planoen eraikuntza originala, musikaren erabilera naturala (Joanna Kulig aktoreak abesten duen
Dwa serduszka abestia jazz bertsioan, modu sinplean esanda, txundigarria da) eta lengoaia zinematografiko berriztatzaile baten bilaketa (norbaitek elipsiak modu narratiboan nola erabili behar diren ikasi nahi badu, ikus beza filma) dira laburbilduz
Cold War ez ohikoa egiten duten osagaiak.
Dena den, bere aurreko filma
Ida ikusteko aukera izan genuenek zuzendari bikain baten aurrean geundela sumatzen genuen. Bere hurrengo proiektua polemikaz inguratutako Edouard Limonov idazle eta politikari errusiarrari buruzkoa da. Ea aurrekoen mailan jarraitzen duen.