«Hasi aurreko tentsioa beharrezkoa da gero kontzertuan husteko»
Ursula Strong, musikaria
Gaztetatik hasi zen musika giroan, eta une honetan, bere apusturik handiena da. Bost urte dira Koldo Soretekin batera Niña Coyote eta Chico Tornado taldea sortu zuenetik. Zergatik gustatzen zaizu Egiako La Taberna? Auzo izaera du eta autentikoa iruditzen zait. Elkartzen dira inguruko langileak, auzoko jubilatuak, Egia kultur etxean ekitaldiren bat dagoenean jendez betetzen da… Egiako goialdeko gune estrategikoa dela uste dut. Guk lehen kultur etxean genuen entsegu lokala, han sortu zen gure taldea, eta hemen hartzen genuen Niña Coyote eta Chico Tornadoren hasierako gasolina. Egia beti izan da leku berezia zuentzako? Gure auzo soziala da. Beti ibili izan gara hemen, eta gure lagun asko ere bai. Egian entseatzen hasi ginen, gure lehen kontzertua Gazteszenan egin genuen, jo dugu Bukowskin, jo dugu Dabadaban… Sweet Home Egia! Disko berria grabatuko duzue laster. Zer aurreratu dezakezu? Tarragonako estudio batean grabatuko dugu. Oraingoan metodologia aldatuko dugu, eta ekoizle batekin egingo dugu. Grabatu ondoren bira txiki bat egingo dugu kanpoan, eta otsailean aurkeztuko dugu lan berria. Grabatzen hasi aurreko egunak nola bizi dituzu? Alde batetik, ilusioa daukazu kanta horiek buruan dituzulako eta gogoa duzulako hori guztia erregistratzeko. Bestalde, urduri jartzen zara dena ondo ateratzea nahi duzulako. Halere, lanpetuegi ibili ohi garenez ez dugu urduri egoteko denbora asko izaten! Non entseatzen duzue? Orain Intxaurrondon, kultur etxean egin dituzten lokal berrietan. Astero entseatzen dugu. Askok uste dute beti gabiltzala hara eta hona, baina hemen bizi gara. Jendeak ikusten ditu sare sozialetan kanpoan egiten ditugun kontzertuen argazkiak, eta pentsatzen dute kanpoan bizi garela. Ez gara ibiltariak! Egia da azken urtean ez dugula apenas jo Euskal Herrian, eta ematen du ez garela hemen egon, baina bai, egon gara. Nolakoa da egun arrunt bat zuen bizitzan? Disko bat egiten ari garenean asko entseatzen dugu, eta beti eskaini behar diegu denbora hedabideei, mezuak erantzun eta deiak egin. Musikaz aparte bakoitzak badu bere lana. Koldok [Soret] ematen ditu gitarra klaseak eta nik egiten dut jantzitegia ikus-entzunezkoetarako. Egun arrunt bat… Ba, egia esateko, gure bizimodua ez da oso ohikoa. Tarteka, lan horiek utzi egiten ditugu musikari eskaintzeko ahal dugun denbora gehien. Bost urte bete dira Niña Coyote eta Chico Tornado sortu zenutenetik. Atzera begiratzean zer pasatzen zaizu burutik? Agian gehiago pentsatzen dut horretaz kontzertu handi bat daukagunean. Baina bai, bost urte pasa dira hau martxan jarri genuenetik. Batzutan pentsatzen dut, ‘bost bakarrik?’. Oporretan zoazenean bezala, ezta? Pasa dira bi egun eta ematen du hilabete daramazula, eta hilabete daramazunean pentsatzen duzu, ja joan behar dut? Zeintzuk izan dira iltzatuta geratu zaizkizun momentuak? Leku oso handietan jotzea izugarria da, baina leku txikietan ere bai. Eta leku oso urrunetan jotzea flipe bat da, baina etxean ere bai… Askotariko momentuak bizitzen ditugu, gogorrak ere bai, noski. Bizitasun handia ematen digu honek, ez gara aspertzen, baina asko nekatzen du aldi berean. Sari guztiek daukate prezio bat, lehenago edo geroago ordaintzen duzuna. Ofizio guztietan bezala! Agertokira igotzen zarenean, eta kontzertua hastera doanean, zer sentitzen duzu? Tentsio handiko unea da. Kontzentrazioa erabatekoa da. Automata samar sentitzen naiz, saiatzen naiz dena kontrolatzen, eta dena ondo doala ikusten dudanean, orduan hasten naiz gozatzen. Tentsioa beharrezkoa da gero kontzertuan husteko. Berotzen zaitu, jartzen dizu energia goraino, eta hori da zuzenekoan husten duzuna. Nola hasi zinen ikus-entzunezkoetan lanean? Arte Ederrak eta patroigintza ikasi nuen. Janzteko kontzeptuarekiko interes handia izan dut beti. Ez horrenbeste moda, gehiago izan da janzkera. Leku eta garai desberdinetako janzkerak, eta ez horrenbeste azkeneko Vogue zenbakia. Jantzitegian hasi nintzen lanean, eta eroso sentitzen naiz. Musika eta jantzitegia, ordea, ez dira oso bateragarriak. Biak dira oso biziak. Eta bat egiten ez dudanean, beti botatzen dut bestea faltan. Eta bietan botatzen dut faltan etxeko lasaitasuna, eta etxean nagoenean, bi horien bizitasuna. Adrenalina zerri horri kateatua nago! Zirraragarriak iruditzen zaizkit biak. Batzuetan gertatzen da prozesu baten atsedenean bestea egin dezakedala, eta orduan eskerrak ematen dizkiot kosmosari. Eta bestela, ba izorrai! Normalean pisu gehiago du musikak, nire proiektu pertsonala delako. Momentu honetan bada gure apustu handia. Nola iritsi zara honaino? Musika beti gustatu zait. Nire etxean entzuten zen rocka, txikitan Led Zeppelin gustatzen zitzaidan, eta gaztetatik beti musika giroan ibili naiz. Jotzen hasi nintzenerako hau guztia ez zen batere arrotza. 20 urterekin bateria jotzen hasi nintzen, Iruñeko Las Culebras taldean jotzen nuen. Haiek erabaki zuten hastea oso indartsu, eta nik alde batera utzi nuen musika. Beraiek Iruñean bizi ziren, ni hemen nengoen. Urte batzuk geroago Zuloaken jotzeko aukera suertatu zitzaidan, eta baketak berreskuratu nituen. Prozesu horretan Koldorekin jotzen hasi nintzen, eta konturatu ginen hor bazegoela beste proiektu bat, eta hasi ginen lan pila bat egiten. Nola hasi nintzen? Ba kasualitatez, baina azkenean gauza batek bestera eramaten zaitu, eta bukatzen duzu bost urtean 200 bolo baino gehiago egiten. Zein musika entzuten duzu? Gauza asko! Irratia asko entzuten dut. Gauzen %90a ez zait gustatzen, baina entzuten dut. Azkenaldian soul asko entzuten dut, soul zaharra, 50eko urteetakoa. Autoan, adibidez, Black Sabbath entzuten dut ozen-ozen. Gure etxean zaila da musikarik gabeko momentu bat topatzea. Beste izaki bat da [barrez]. Donostian jotzeko lekurik gustukoenak? Hiri txikia da, baina badaude leku batzuk jotzeko. Nire gustukoena? Ba, ez dakit, ez dut bakarra esango. Gustatzen zait aldatzea, eta musika taldeek jotzeko aukerak izatea. Eta oso gaizki iruditzen zait Bukowskikoei ez uztea kontzertuak egiten. Xarma berezia du, eta horrelako leku autentikoak babestu egin behar dira.