«Fisikoki ez bada ere, denok egunero jartzen ditugu mozorroak»
Tajon Prieto y los Kuajalotes taldeko abeslaria, Zokorrizta Hamaika telebistan, ‘Txester’ Txoministetan eta barra atzeko laguna Dokan, besteak beste. Eñaut Gantxegi lezoarrak badauka zer kontatu.
Zer dauka Lezok Donostiak ez daukana?
Prezio merkeagoak, hasteko. Hiriak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Herri txikietan gauzak eskuragarriagoak dira.
Hala ere, egia da Donostia hiri txikia dela. Nolabait, herri eta auzo desberdinez osaturiko multzo bat dela iruditzen zait. Eta bere auzo batzuen izaera asko atsegin dut. Esaterako, Antiguan oso eroso sentitzen naiz.
Antiguarekin lortura sendoa duzu, ezta?
Bai, Dokan lan egin izanagatik gehienbat. Ezagun batzuen harira hasi nintzen hor lanean, eta geroztik, auzoa askoz gehiago ezagutu dut. Harreman polita egin dut askorekin. Nortasuna duen auzoa dela iruditzen zait.
Zergatik aukeratu duzu Platero taberna?
Doka eguerditan itxita dago, eta ordu hauetan bermuta hartzeko leku aproposena Platero dela iruditu zait, sintonia berezia sorrarazten didalako.
Eguerdiko bermutaren ordez gauerdiko kubata hartuta elkarrizketa hobea egingo genuke agian.
Agian, baina gero erantzun gehienak zentsuratu egin beharko zenituzke!
Nola hasi zinen interpretazioaren munduan?
Txikitatik izan dut zaletasun hori. Amak loteria denda zuen Pasaian, eta dendariak askotan interpretatzera behartuta daude, bezeroekin ezin zarelako zu izan %100ean. Mozorro bat jartzen duzu egunero, eta nik hori txikitatik ikasi nuen.
Gainera, zinea betidanik gustatu zait eta, gazte nintzela, arreta horri eskaintzea erabaki nuen. Donostiako Arte Eszenikoen tailerrean hasi nintzen ikasten, hiru urtez. Gero irakasle gisa ere aritu nintzen, eta saltsan murgiltzen joan naiz pixkanaka.
Mozorrotzen aditua zarela garbi dago.
Gogoz egiten dudan zerbait da. Askori lotsa ematen die, nolabait barregarri geratzeko beldur direlako, baina nik ez dut horrela ikusten.
Fisikoki ez bada ere, denok egunero jartzen ditugu mozorroak: lagunekin, lanean, familiarekin… Eta badirudi jende askori lotsa ematen diona dela norbera nor den erakustea.
Eta, mozorrorik gabe, nolakoa da Eñaut Gantxegi?
Hori beste norbaitek azaldu beharko lizuke. Ireki eta lotsagabe samarra naizela esango nuke, eta umoretik tragikotik baino gehiago dudala.
Nola ikusten duzu euskal ikus-entzunezkoen produkzioa?
Ni nahiko etsita geratu naiz urte hauetan topatu dudan errealitatearekin. Zortea eduki dudala esango nuke, saltsa askotan ibili naizelako, baina orokorrean lan gehiena beti jende berdinak eramaten duela uste dut. Horrek gauzak asko zailtzen dizkie beste guztiei, hor kanpoan talentu asko egon arren. Ate berriak irekitzeko ausardia falta da.
Badaude, ordea, bide berriak irekitzeko prest agertu direnak.
Bai. Internetak adibidez aukera berriak eskaini ditu, eta Txoministak bezalako webserieak egitea posible da orain.
Egiten diren lan horiek zabaltzea da erronka, ekoiztetxe handien bonbardaketaren erdian zure lekutxoa egitea oso zaila delako. Eta are gehiago euskaraz.
‘Go!azen’-eko gidoiak gaztelaniaz idatzi eta euskarara itzultzen dituztela azaleratu du Lander Arretxeak.
Goenkale-n ere egin dira halakoak. Kontraesanez beteriko lurraldean bizi gara.
Zer eman dizu musikak interpretazioak eman ez dizuna?
Hasteko, bizitza eman zidan, nire ama musikaria delako. Oskarbi taldean abesten zuen.
Horrez gain, musika konstante bat izan da nire bizitza osoan zehar. Bete egiten nau, eta zenbaitetan terapeutikoa ere izan da niretzat.
Zer moduz dabiltza Kuajaloteak?
Egian azken kontzertua eskaini genuenetik ez dugu ezer gehiago egin. Erabat utzi dugu, baina talde honetatik ezin da ezer espero. Michael Jordan bezala, etengabe joan eta bueltatzeko gai gara.
Hala ere, momentuz behintzat ez dugu horretarako asmorik, taldekide gehienak mila istorioetan dabiltzalako. Gauza guztiek daukate bere unea, eta denboran luzatzeak ez du zentzurik. Oso zapore onarekin utzi genuen, ederki pasa dugulako.
Nola esplikatzen da euskaldunek rantxerekin duten harremana?
Ba, egia esan, ez dakit. Nire aita Eibarkoa da, eta han ere rantxerazale porrokatuak dira. Musikaltasunaren kontua dela esango nuke. Zergatik ez ditugu, adibidez, soinu eslaviarrak inportatu? Ba, triste samarrak direlako, agian. Rantxerak, berriz, oso alaiak dira, eta letrekin kontatzen dutenak ere balio handia dauka. Ez dakit, hobe izango zen agian musikologo bati galdetuko bazenio.
Bitxia da ere bai gauez tabernetan RIPen abestietiatik Shakirarenetara pasatzeko dugun gaitasuna.
Oso malguak gara horretarako, bai. Taberna batean era askotako musika jartzen didatenean badakit, tarteka bada ere, behintzat dantza pixka bat egingo dudala, eta nik horrekin ondo pasatzen dut. Zenbaitetan nahiago nuke beste zer edo zer entzutea, noski, baina badakizu:?etsaia indartsuegia bada, hobe laguntzat hartu. Denok egiten dugu esfortzu bat zentzu horretan.
Askotan, gehiago gogaitzen naute artista edo musika estilo jakin bat eskatu ordez tabernetan abesti zehatzak eskatzen dituztenek. Antzeko zerbait jarri arren, abestia ez bazaie ezaguna egiten ez dira gustura geratzen. One hit wonder (abesti bakarragatik ezagunak diren artistak) joera dago jendartean, eta ezagutzen dutena bakarrik nahi dute entzun. Ez dira kapazak gauza berrietara irekitzeko.
Zergatik gertatzen da hori?
Musikaren industriak asko bonbardatzen gaituelako. Gizartean nolabaiteko pavlovismoa sortu dute.
Azalduko zenuke hori, mesedez?
Ivan Pavlov psikologo errusiar bat izan zen, eta esperimentu ezagun bat egin zuen txakurrekin: janaria ematen zien bakoitzean, kanpaitxo bat jotzen zuen. Pixkanaka, animaliak soinua janariarekin erlazionatzen joan ziren, hura entzuten zuten aldiro bazkaldu egiten zutelako. Azkenean, janaririk ez egon arren, soilik kanpaitxoa astinduz txakurrak listua jariatzen hasten zirela erakutsi zuen Pavlovek. Industriak antzeko zerbait egiten du gizartearekin.
Ahobizi txapa daramazu. Zer iruditu zaizu Euskaraldia?
Oihartzun handia izan du, eta uste dut egunerokotasunean gehiago egin dugula euskaraz. Gure hizkuntzan era normalizatuan hitz egin nahi dugunontzat aurrerapauso bat izan da, dudarik gabe. Ea zer aztarna uzten duen.
HAMABIETAN BERMUTA. Txaka-tortilla pintxoa eta muztioa.
Non. Platero taberna. Matia kalea, 33 (Antigua)
Prezioa. 3 euro.
