«Eskola-komunitateak ahalduntzen lagundu du euskal eskola publikoaren jaiak»
Zein da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua?
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua aldarrikatzailea da, jai giroan eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela aldarrikatzea, hain zuzen ere.
Nork antolatzen du?
EHIGE konfederazioak tokiko eskola-komunitateekin elkarlanean antolatzen du Euskal Eskola Publikoaren Jaia; oraingo honetan, Errenteriarekin.
Nolakoa izan da Errenteriaren harrera?
Txalotzekoa. Errenterian lan-talde oso dinamikoa sortu da, Jaiaren jarduerak ikasturte osora zabaldu dituena hainbat ekitaldiren bidez: Oarsoaldeako ikastetxe publikoen topaketa, Euskal Eskola Publikoko kideen tertulia, jai interkulturala, eta denda ibiltaria, besteak beste. Udalari ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiot ateak parez pare ireki dizkigulako, eta horrelako ekitaldi batek duen konplexutasunari aurre egiteko erraztasun guztiak ematen ari delako.
1994ean ospatu zenuten aurreneko ekitaldia, eta, ondorioz, Errenterian ospatuko dena 28garrena izango da. Zertan aldatu da jaia?
Aurreneko jai hura Gipuzkoan ospatu zen aurtengoa bezala, Lasarteko hipodromoan zehazki. Ordutik gaur arte asko hazi da jaia. Garai haietan ikastetxeen ikuskizunekin osatzen genuen egitaraua. Gaur egun, eskolen jarduerez gain, denetariko profesionalak izaten ditugu gure jaietan. Orohar, esango nuke 1994tik hona eskola-komunitateak ahaldundu egin direla gaur egun eskola publikoaz harro egotera arte.
Zergatik ‘Makina bat taupada’?
Errenteriako ezaugarri propioak jaiaren lelora ekartzeko gonbitea luzatu genion Errenteriako lan-taldeari, eta oso lelo egokia proposatu ziguten. ‘Makina’ hitza Errenteriak duen historia industriala irudikatzen du (‘Manchester txikia’ deitzen zioten), eta hitzekin jolastuz baita Euskal Eskola Publikoan ari garen milaka pertsonak ere. Industriaren ideia engranajeen bidez islatzen dugu, era berean gure hezkuntza-ereduaren zeinu identifikagarriak diren elkartasuna, bizikidetza eta inklusioa irudikatuz.
Nola dago eskola publikoaren osasuna?
Esango nuke eskola publikoa ahaldunduta dagoela, gizartean betetzen duen paperaz harro, herritar guztiei kalitatezko hezkuntza berritzailea eta momentuan momentuari lotua eskaintzen dielako. Eta, hori, elkarlanaren ondorio da; familia, ikasle, irakasle, langile eta gainontzeko eragileen ekarpenen baturarena, hain zuzen ere.