Iragan industrialaren azken aztarnak
Gaur egungo Egia Kultur Etxea dena, gaztetxe izan zen aurretik, eta eraikin industrial lehenago. Aldaketa gehiago izango ditu inguru horrek orain, etxebizitza berriak egiten ari dira eta.
Fusibleak ekoizten zituzten Jareño fabrikan, XX. mendean, gaur egun Egia Kultur Etxea den eraikinean. Beste garai bat zen, Egiako zonalde hori tailerrez, eraikin industrialez eta langile familiez beteta zegoen garai bat. Gaur egun kultur guneak dauden lekuetan, Tabakaleran eta Gazteszenan, esaterako, fabrikak zeuden garai hartan.
Jareño fabrika horrek 1970eko hamarkadan itxi zituen ateak, eta Donostiako Udalak erosi zuen eraikina, Egiak auzo gisa zituen beharrak asetzeko asmoz (anbulategi bat eraiki, kultur etxe bat…). Baina eraikina hutsik gelditu zen urte luzez.
Garaiko auzoko gazteek, euren behar soziokulturalak asetzeko gaztetxe baten beharra ikusten zuten. Horretarako auzoko lokal bat okupatu zuten gazteek, gaztetxe gisa erabiltzeko, udal jabetzakoa zela pentsatuz. Baina, jabetza pribatukoa zen, eta azkar kaleratu zituzten handik. Geroztik, poliziak okupatu zuen lokal hura eta, garaiko Egin egunkariaren arabera, «gazteen mugimendu guztiak» kontrolatzen zituen poliziak. Horregatik, benetako gaztetxe bat edukitzeko are behar gehiago ikusten zuten gazteek. Eraikin hori luzaroan hutsik zegoela ikusita, 1985eko irailean Ramon Labaien alkatea buru zuen udal gobernuarekin negoziatzen hasi ziren fabrika zahar hori gaztetxe bihurtzeko. Egin egunkariak zioen gazteak «orrazteko prest» zeudela, udalari erakusteko «pertsona garbiak eta zibilizatuak» zirela.
Hainbat elkarrizketa luze izan ondoren, 1986ko ekainaren 5ean, udalak lokala utzi zien gazteei, bi milioi pezetarekin batera, espazio hori gaztetxe bihurtzeko egin behar ziren egokitzapenak egiteko.
Konponketa guztiak egin ondoren –gehienak Egiako 60 gazte inguruk egin zituzten–, 1987ko maiatzaren 9an gaztetxea inauguratu zuten. Umeentzako jolasak, bazkari herrikoia, dantza eta herri kirolak egin zituzten egunean zehar, eta, gauean, Hertzainak taldeak itxi zuen gaztetxearen inaugurazioa.
Laster hasi ziren, ordea, arazoak gaztetxearentzat, 1988 urte bukaeran Jareño fabrika zaharra birmoldatzeko proiektua martxan jarri baitzuen udalak. Horretarako, tailer eskola bat sortzea erabaki zuten, bi urtez hainbat gaztek ofizio bat ikasi zezaten, eraikina birmoldatzen zuten bitartean. 1989an erabaki zuen udalak zertan bihurtuko zuten Jareño fabrika zahar hura: arte eszenikoen zentro batean, hain zuzen. Hau da, musika taldeentzako entsegu gune bat egin nahi zuten han, gazteentzako gehienez 100 metro karratuko espazio bat utziz. Gazteek ez zuten ondo ikusi erabaki hori, egiten zituzten jarduerak egiteko espazio txikiegia zela uste baitzuten. Izan ere, ordura arte 300 metro karratu inguruko espazio bat erabiltzen zuten.
Gauzak horrela, gaztetxea mantentzearen aldeko mobilizazioak egiten hasi ziren Egiako gazteak 1989an, udaletxearen aurrean protestak eginez, besteak beste. Gazteetaz gain, auzotar asko jarri ziren gaztetxea hustearen kontra, arte eszenikoen zentroa ez baitzuten uste arte eszenikoen zentro bat zenik auzoak gehien behar zuena.
1990eko uztailean, ordea, gaztetxea desalojatzeko agindua eman zuen udalak. Protestak areagotu ziren, baina 1991an gaztetxea hustu zuten, arte eszenikoen zentroa sortuz, gaur egun kultur etxea dena.
Azken eraikin industriala
Zonalde horretako eraikin industrial bakarra ez zen Jareño fabrika zaharra, haren ondoan beste eraikin zahar bat baitzegoen. Transportes Lasarte enpresarena zen eraikin hura, eta Lasarte familiaren altzari-gordelekua izan zen 80 urtez.
Duela gutxi arte, garai bateko Egia nolakoa zen imaginatzeko aukera ematen zuen azken arrastoa zen eraikin hori, baina, gaur egun, haren egitura baino ez da gelditzen. Izan ere, krisi ekonomikoaren garaian Lasarte familiak lursail hori saldu zuen, eta 2017an han 52 etxebizitza, hiru garaje eta trasteleku solairu, eta 271 metro karratuko lokal komertzial bat eraikitzeko baimena eman zuen udal gobernuak. Etxebizitza horiek eraikitzen ari dira jada, eta asko saldu dituzte dagoeneko, 300.000 eurotik gorako prezioetan.
Egiak urte gutxian bizi izan duen eraldaketaren isla argia da kultur etxe inguruko zonalde hori. Inguruko tailer eta fabriketan lan egiten zuten familiek osatzen zuten auzo bat zen lehen, non, jarduera kulturalak egiteko baliabide urriak zeuden. Orain, ordea, Tabakalera eta Gazteszenaren moduko gune kulturalak eta etxebizitza berriak dituen auzo bat da; onerako edo txarrerako.