Ona hemen, labur
Ustez zinemazale porrokatua den gure Donostia honetan, bada oraindik harrituko nauenik. Astebururako zinema programazioa aztertzen ari nintzen, asteroko dosi txiki horren bila, eragile txiki batek proposaturiko eskaintzak atentzioa eman zidanean: film laburren emanaldi bat, trago batzuek lagunduta, eserleku erosoak dituen taberna batean. «Film laburrak? Baina horiek ez dira pelikulak, ez? Nik ez dut friki baten grabaketa amateurrik ikusi nahi!». Plana proposatu bezain laster hitz egin du zinelistoak nire inguruan.
Burura etorri zaizkit Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, Lekeitioko Euskal Zine Bilera, Animadeba, Euskaltzaleen Topagunearen Laburbira… oro har, gure lurraldean film laburren ikusgarritasuna bultzatzen duten egitasmo mordoa. Fokua Donostian jarrita ere, Asterik Laburrena eta Euskaraz Bizi Nahi Dut Lehiaketa ekarri ditut gogora. Pare bat pentsamendu eskaini dizkiot «adiskide zinemazalearen» ateraldiarekin barre egiteari, eta, ondoren, hausnarketa txiki bat egitera eraman nau haren ezagutza ezarekiko ardurak. Azkenik, Kimuak egitasmoarekin oroitu naiz, euskal film laburrak nazioartekotzen dituen erakusleihoarekin.
Izan ere, lagunak hain urrunekoa duen ekoizpen-formatuak badu historiarik. Badu urteetako ibilbiderik, bilakaerarik, zabalkunderako merkaturik. Bada horretan propio diharduen profesionalik, eta, noski, bada film laburren berezitasunaz gozatzea maite duten, edota bereizketarik egiten ez duten zinemazaleen babes zabalik. Luzera laburragokoak izanik, kostuak ez dira hain handiak eta horrek zinema berritzaileagoa, esperimentalagoa egiteko aukera ematen die zinemagile askori. Zuzendari berrien hastapenetako entrenamendu izan ohi dira; eta sona handiko beste sortzaile batzuek ekoizpen handiagoekin tartekatzen dituzten arnasbideak.
Kimuak egitasmoarekin oroitu naizela aipatzen nuen lehen, ereduari erreparatzean aitzindari-edo, hogei urte bete berri dituztelako euskal film laburrak nazioartean sustatzen eta banatzen. Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta pieza estrategikoa izan da laburrei zegokien garrantzia eta ikusgarritasuna ematerako orduan. Hori baino gehiago, egun erreferente diren zinegile askoren aterpe eta kalitate neurgailu ere izan da: Koldo Almandoz, Pablo Malo, Bego Vicario, Juanmi Gutierrez, Tinieblas Gonzalez, Asier Altuna, Telmo Esnal, Moriarti taldekoak… guztiek gordetzen dute lotura esturik eragilearekin.
Bada, Esther Cabero eta Txema Muñoz koordinatzaileen lana etorri zait burura lagunak purrustaka nire proposamenari uko egin dionean, Kimuak egitasmoaren izate hutsa arrazoi nahikoa delako bere uste guztiak kolpez eraisteko. Hogei urtez ibili eta gero, 21. aldiz jasoko baitituzte aurki euskal laburgintzan ernatzen diren kimu berriak.
Kontatuko dizut, ene adiskide, 90eko hamarkadaren bueltan profesionalizatu zela euskal film laburren sorkuntza, eta digitalizazioa eta baliabideen demokratizazioa medio, beste edozein produkzio profesionalen mailara dagoela egun. Are gehiago, esango dizut badirela urtero zuk ukatu duzun euskal film laburren ekoizpen horren lagin bat erakusten duten nazioarteko lurralde ugari, Kimuak bezalako egitasmoen deia jaso baino lehen, gure eragileengana jotzen dutenak.
Eskatuko dizut, lagun, horrenbeste miresten duzun Zinemalditik eratorria den zinemazaletasun horren maila berean jar dezazun ere film laburrekiko begirunea. Aintzat hartu profesional horien lana, eta arestian aipatutako jaialdi eta egitasmoek egin legez, zabaldu iezaiezu atea eta bidea. Gutxieneko bada ere, egin kasu esaera zaharrak dioenari: ‘Ona hemen, labur’.