Zailtasunak zailtasun, Txanpontxo iritsi da!
Bidebietako auzotarrak Txanpontxo jaietan murgilduta daude dagoeneko, atzo iritsi baitzen Txanpontxo. Aurten, jaiak antolatzeko zailtasunak izan dituzten arren, egitarau oparoa antolatu du jai batzordeak.
Guardaplata bidetik jaitsi zen urtero bezala Txanpontxo, Bidebietako umeei txokolatezko txanponak banatzen. Horrela, atzo, eman zieten hasiera Bidebietako Txanpontxo jaiei. Astelehenera arte luzatuko dira, orduan amaituko baitira festak.
Jai batzordeko kideek adierazitakoaren arabera, aurten «nekez» lortu dute jaiak aurrera ateratzea, izan ere, oso jende gutxi egon da antolakuntzan sartzeko prest. «Azken asteetan antolatu dugu dena, eta justu-justu ibili gara beharrezko diru laguntzak eskatzeko», azaldu du Ivan Lopez jai batzordeko eta Thamessis konpartsako kideak. Urtetan jaiak antolatzen ibilitako auzotar taldetxo batek hartu du jaiak antolatzeko ardura. Urte batean jaiak antolatzen ez badira, ondorengoetan erritmoa berreskuratzea oso zaila dela aitortu dute, horregatik egin dute Txanpontxo jaiek bere horretan mantentzeko ahalegina.
«Aurten daukagun diru apurra umeen eta nagusien jardueretara bideratzea erabaki dugu; haiek izan dira gure lehentasuna. Adibidez, txarangak kontratatzea da gastu handienetako bat, eta murriztu egin dugu; Txanpontxoren jaitsieran jotzen duen txaranga mantendu dugu bakarrik. Nagusientzat, berriz, DJ Tito kontratatu dugu, dantzaldia girotzeko». Hala ere, txarangarekin batera egiten zituzten hainbat jardueratan beste aukera batzuk bilatu behar izan dituzte, esaterako, larunbatean kaleetara aterako den danborrada girotzeko musika-ekipo bat erabiliko dutela kontatu dute, txarangaren ordez. «Ez da beste urtetan bezala izango, baina ziur nago jendea gogotsu aterako dela danborradan», onartu du Izaskun Cruzek, jai batzordeko kideak.
«Egia esan, aurreko urteekin alderatuta, eta zailtasunak zailtasun, jarduera gehienak mantentzea lortu dugu», aitortu du Cruzek. Larunbatean, mozorrotzeko deia luzatu diete auzotarrei, eta aurtengo gaia Mexiko lindo izango da. Batzuk kendu behar izan dituzte, adibidez, aizkolarien erakustaldiak, «gastu handiena» eskatzen dutelako.
Triste azaldu dira antolatzaileak, auzoan elkarte asko daudelako, eta horietatik oso gutxik hartu dutelako konpromisoa jaiak antolatzeko: «Pena da, izan ere, auzoan elkarte ugari daude, baina ez dira guztiak konprometitzen. Horrela izango balitz, jaiek beste izaera bat izango lukete».
Festarako aitzakia ugari
Atzo jaitsi zen Txanpontxo Guardaplata bidetik, buruhandiekin, erraldoiekin eta txarangarekin batera. Auzoko haur eta helduek ongi etorria egin zioten pertsonaiari, eta ondorioz, auzoko jaiei. Ondoren, haur-jolasak egin zituzten, eta 20:00etan Txanpontxok pregoia irakurri zuen. Jaietako lehen gaua amaitzeko «saltseroentzako afaria» egin zuten.
Gaur, arratsaldean hasiko dituzte jaietako jarduerak, auzoko umeak eskolatik irtetean. 17:00etan erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoko kaleetatik, Parrandango trikitilariekin batera. Antolatzaileek nabarmendu dute gauean egingo duten XI. Txanpontxo Rock jaialdia, eta barre artean, donostiarrak kontzertuetara joateko gonbitea luzatu dute, «gozatzera, baina baita dirua gastatzera ere». Umorerik ez dute galdu Bidebietakoek eta gogotsu entzungo dituzte kontzertuak: Sardeska (Errenteria), Atxurra Sound Band (Bidebieta) eta Guillterm (Burgos).
Larunbata izango da egun handia Bidebietakoentzat, izan ere, 11:30ean hasiko dira, patata tortilla lehiaketarekin, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Adin guztietako auzotarrek gozatu ahalko dute festaz, askotariko jarduerak antolatu dituzte eta: yogako hastapen ikastaroa, jubilatuen etxean luntxa, kantujira, haur jolasak, mariatxiak, eta abar. Azpimarratzekoa da ere 20:00etan auzoko tabernetatik zehar egingo duten pintxo potea. Horrekin batera emango diote hasiera mozorroen festari, eta Bidebieta Mexiko bihurtuko dute.
Igandean ere egun osoan zehar antolatu dituzte jarduerak, esaterako, I.Txanpontxo Electric Sound kontzertua. Astelehenean, Haurren Egunean, atrakzioek euro bat balioko dute. Antolatzaileek esan dute oraindik goiz dela datorren urteko jaiei begira jartzeko, baina argi adierazi dute Txanpontxo jaiak antolatzeko auzotarren konpromisoa «ezinbestekoa» izango dela.
IRUTXULOKO HITZAk 2019ko Bidebietako Txanpontxo jaien egitarau osoa bildu du.