"Erronka zoragarria da alkategai izatea"
Donostiako alkatetzarako PP-ren alkategaia da Borja Senper (Irun, 1976). 19 urterekin hasi zen politikagintzan, eta ordutik, ibilbide luzea egin du. VII. eta VIII. legegintzaldietako PP-ren eusko legebiltzarkidea izan da, eta 2009. urtetik bere alderdiaren presidentea da Gipuzkoan. Irunen jaio zen arren, hamasei urte daramatza Donostian bizitzen.
Zergatik hasi zinen politikagintzan?
Oso gazte hasi nintzen politikagintzan. 1995. urte inguruan, 19 urterekin. Nik gizartea aldatu nahi nuen, eta zeregin horretan nire ekarpena egin nahi nuen. Garai haietan indarkeriaz beteriko Euskadi batean bizi ginen, eta tentsioa eta banaketa ziren nagusi. Irunen bizi nintzen, eta nire hondar alea jarri nahi nuen. Horretarako, ezinbestekoa da erreferentetzat dudan Gregorio Ordoñezen eragina. Berak diskurtso sendo bat zeukan, baina gizartearen pluraltasuna ulertzearekin bateragarri egiten zuen irmotasun hori. Bere uste sendoek ez zioten galarazten garai haietan ia urratzaileak ziruditen eta polemika sortzen zuten gauzak esatea. PP-koa ez izan arren argi zeukan berdin tratatu behar zuela edozein hiritar, Herri Batasunakoa bazen ere. Nik orain hori esaten badut, egurtu egingo naute Espainiako hainbat hedabide eskuindarrek. Bere printzipioei uko egin gabe zerbitzu publikoa eskaintzeko eta pluraltasuna ulertzeko bokazioak txundituta ninduen. Gai zen alderdiaren esanekin bat ez etortzeko, eta irizpide propioa izateko, eta azken finean, Donostia siglen gainetik jartzeko. Gregorio Ordoñez ezagutzea izan zen politikagintzan sartzeko detonatzaileetako bat.
Irunekoa izanik, zergatik erabaki duzu Donostiako alkatetzarako hautagai izatea?
Nik uste dut norbera dela bizitzaren gauza garrantzitsuenak egiten dituen tokikoa. Nik Donostian egin nituen unibertsitate-ikasketak, eta horrek hiriarekin lotu ninduen. Gainera, nire seme guztiak hemen jaio dira. Hirian maitemindu naiz, baita dibortziatu ere. Imajinatu zenbat gauza garrantzitsu egin ditudan hemen. Duela hamasei bat urte maitemindu nintzen hiri honetaz, eta momentu zehatz batean, proposamena egin zidatenean, aukera paregabea iruditu zitzaidan. Alkategai izatea erronka zoragarri bat dela uste dut.
Zeintzuk dira legegintza berrirako dituzun erronkak?
Erronka nagusia: gure gazteak hiritik ez kanporatzeko gure esku dagoen guztia egitea. Etxebizitzen prezioa beti izan da arazo bat Donostian, beti izan da garestia. Egun, Euskadiko hiririk garestiena gara, eta Espainiako garestienetako bat. Arazoa larriagotu egin dela, batez ere, soldatak gero eta baxuagoak direlako. Lehen Donostian bizitzea zaila bazen, orain ezinezkoa da.
Orain arteko politikekin jarraituko dugu, ala iraultza txiki bat egingo dugu? Aldaketa txikiak egin ditzakegu, hirigintza gaietan berrikuntzak egin ditzakegu. Gure hiriko gazteak hemen gelditzeko, etxebizitza eredu berriak martxan jarri behar ditugu, esaterako, coliving eta cohousing proiektuak. Gune horietan nork bere espazioa du, baina beste gune batzuk guztionak dira. Aukera horiek merkeagoak dira eraikitzeko, jende gehiagorentzat aukera eskaini daiteke, eta alokairua merkeagoa da. Hori, bizi-prozesuan lehen eskailera-maila bat da, etxetik joan nahi duten gazteentzat. Gazte horien errenta maila egonkorragoa izatean, etxebizitza konbentzionalera salto egiteko aukera izango dute. Gure gazteak hiritik joaten ari zaizkigu, talentuak joaten ari zaizkigu. Ekintza plan bat behar dugu,eta modu ausartean jarri behar dugu martxan.
Hasi berri den kanpainan, Amara auzoan jarri duzue indar berezia. Zer dela eta?
Kanpaina Grosen hasi genuen, Zurriolara joan nintzen surfa egitera Saguesen esku-hartze jakin batzuk egin behar direla aldarrikatzeko. Guretzat auzo guztiak dira garrantzitsuak, baina Amara hiriko auzorik jendetsuena da. Gainera, kasualitatez, Mikel Erentxunen abestia eta auzoarentzat prestatuta genituen proposamenak lotzeko aukera izan dugu. Nik uste dut helburua lortu dugula: jendeak Amarari buruz hitz egitea. Merkataritzaren eta ostalaritzaren ikuspegitik hilzorian dago, eta trakzio-elementu berriak behar ditu. Horregatik proposatu dugu, esaterako, Atano III eta Jose Antonio Gasca kiroldegiak erabilera anitzeko pabiloi batengatik ordezkatzea.
Zure kanpainan nabarmena da PP-ren siglen absentzia. Zergatik?
Siglei uko egite horren atzean dago, modu ausartean hiriarentzat alkate ona izateko bokazioa. Estrategia hori beste batzuek erabili izan dute aurretik, esaterako aipatu dudan Ordoñezek, baita Odon Elorzak ere. Lortu zuten euren hautagaitza siglen gainetik jartzea. Politika orokorraren egoera ikusita, eta borroka alderdikoiei begira jarrita, ematen du nork bereari eusten diola. Horren atzean ados jartzeko ezintasun nabarmena dago. Nire ustez ideia on bat, ideia on bat dela, Borja Senperrek, Aitzolek [Araneta] edo beste edozein hautagaik aurkeztuta ere. Badakigu batak bestetik zerk bereizten gaituen, eta badaude hori eztabaidatzeko esparruak, esaterako Eusko Jaurlaritza, eta Diputatuen Kongresua. Hala ere, hirian, alderdi desberdinetan militatzen dugunok gai izan behar dugu ados jartzeko. Ez dut inondik inora ezkutatu nahi PP-koa naizenik, baizik eta alderdikoa baino gehiago, Donostiakoa naizela, eta hiriarentzat proiektu transbertsal eta integratzaile bat daukadala.
PPk estatuan izan duen gainbehera nabarmena da, eta horren erakusle dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Nola uste duzu eragin diezazukeela horrek?
Guri senak esaten zigun emaitzak horrelakoak izango zirela. Hain zuzen, ez dugu hori inoiz isilpean gorde, eta publikoki egin izan ditugu adierazpenak. Nirea bezalako alderdi batek politikagintzaren erdialdean kokatzeko bokazioa izan behar du. Erdialdea ez da espazio fisiko bat, ezta korronte ideologiko bat ere. Jarrera bat da. Nork bere printzipio eta ideiak izatea ahalbidetu behar du jarrera horrek, baina ahaztu gabe gizarte plural bat dela hartzailea. Horrek esan nahi du ni gobernuko presidentea baldin banaiz, edo Lehendakaria banaiz, kontuan hartu behar ditudala botoa eman didaten pertsonak, baina baita eman ez didatenak ere. Ezin naiz dogmatikoa eta ortodoxoa izan. Gutxiago hitz egin behar dut nire aurkariek gaizki egiten dituzten gauzei buruz, eta gehiago azpimarratu behar ditut nik egin nahi ditudan gauzak. Sumin-tonua apaldu behar dut. Gizartea sosegatu behar dut. Ezin dut inor seinalatu, eta politikoen arteko heziera txarra baretu behar dugu. Hori guztia zebilen Espainiako politikaren gainetik hegan, baita nire alderdiaren gainetik ere, eta esan bezala, sumatzen genituen emaitza txarrak.
Hori kontuan izanik, ni saiakera egiten ari naiz hiritarrek beste hauteskundeak udal hauteskundeengandik bereizteko. Ideia hori adibidez adierazi nahi du nire esloganak: Ez da politika, Donostia da. Gure taldean badago nik atsegin ez dudan politika egiteko modu bat, eta esklusiboki Donostian jarri nahi dugu arreta. Norbaitek esan dezake: ‘Noski, hori beharragatik da, PP egoera kaskarrean dagoelako!’ Nik ez dut ezkutatzen interes estrategiko bat dagoenik horren atzean, baina nik benetan sinesten dut politika egiteko modu horretan. Gainera, nire ibilbideak hori bermatzen du, izan ere, nire bizitzako arlo guztietan hori erakutsi dudala uste dut.
Zer espero duzu maiatzaren 26az?
Plazaratzen ari garen mezuek ikusmina sortzen ari direla uste dut, baita horiek kontatzeko moduak ere. Arreta deitzen ari garela uste dut, eta espero dut gureganako konfiantzan bihurtzea. Hain zuzen, ikusmin hori guretzat aukera batean bilakatzea espero dut. Kalean hainbat gauza hautematen ari naiz, eta hautagai aurkeztu naizen beste hainbat hauteskundetan ez dut horrelakorik nabaritu. Politikoek uste dugu herritarrak oso alderdikoiak direla, eta nik uste dut, finean, ez direla horrenbeste. Politikagintza aldatzeko gogo bizia daukan pertsona asko dago gure hirian, eta irabaztea oso zaila den arren, nik uste dut pertsona horiek aukera emango didatela.