Golf zelaia zirudien ibai-parkea
Txominenen eratzen ari diren ibai-parkearen sorreran ez da parte hartzerik izan eta ibar-basoa behar zen lekuan golf txikia sortu dutela dirudi. Beti bezala, interes orokorra nagusi, ez enpresena, dena 'ezin gardenago'.
Berriki aurkeztu dugun Donostia Defendatuz koordinakundea handitzen doan bitartean, hura sortzera eraman gaituzten arrazoiak handitzen doaz, egungo udal gobernuak eskaintzen digun hiri eredua eta jarduna ez datozelako bat jasangarritasunarekin, partaidetzarekin eta are gutxiago gardentasunarekin. Txomineko Urumearen ibai-parkea adibide garbia da, soka-luzea ekarriko duena. Zinismoz beteriko adierazpenetan bioauzoa deritzotenaren txapela da antza. Oraindik eskerrak eman beharko dizkiegu uholde lautada osoa, ibai ertzeraino porlanaz gehiago ez betetzeagatik.
Baten batek pentsa lezake ibai-parkearen egitasmoa berria dela, udalak asmaturikoa edota etxegileek hobeto saltzeko eginiko foiletoetan agertzen zenez, beraiek bultzaturikoa dela. Baina ez. Ideia gutxienez duela 30 urte hasi zen bueltaka, kontserbazionistok bultzatuta, Lau Haizeta parkearekin batera. Eta ibaiaren defentsarako eratu zen Urumea Gurea plataforma izan zen gehien sustatu zuena XX. mendearen amaieran. Haritzalde sortu zen duela 27 urte luze Urumearen defentsan eta Loiolako Erribera auzoa eraikitzeko aurreikusten zen kanalizazio basatiaren aurka.
Donostiako azken padurak kontserbatzeko ahalegin handia egin genuen, alferrik baina. Halere ibaia, bailararen eta hiriaren beraren ardatz gisa eta elementu bizi nahiz bizi emailearen papera aitortzeko borrokan kementsu aritu gara urte hauetan guztietan. 1998an, Loiolan, udalarekin batera gure lehen zuhaitz egun ofiziala burutu genuen. Handik urte gutxira udalak berak ibai ertza suntsitu bazuen ere, egungo harresi bertikal gogorra eraikiz, Txominenea eta Martutene arteko ibai-parkearen alde lanean jarraitu genuen. Horrela, denon artean planteamenduan sartzea lortu genuen, Loiolako Erriberan eginiko bezalako kanalizazio basatia baztertuz bertan.
Politikariek ahotan ibili zuten, betiere auzo berri baten beharrari lotuz eta ibai-parkea horren garapenari atxikituz. Eta azkenean iritsi da ez dakigu nork bultzatuta, udalak ala etxegileek? Haritzalden behintzat etxeak saltzeko haien propagandan bidez jakin genuen, eta jakina, ez zen guk espero genuena.
Jasangarritasuna, non?
Okerrago izan zitekeen bai, baina ia 3,5 milioi euro xahutzea ibar-basoa behar zuen lekuan golf zelaia itxura duen eremu soildua uzteko, ez zaigu bada oso jasangarria iruditzen. Begiratoki eta ontziralekuz beteriko ertza landarediaren jarraiera eten baino ez du egiten, beste behin ertzaren eta ibaiaren funtzionaltasun biologikoa kolokan utziz. Gainera, horretarako zuhaitz eta zuhaixka ugari moztu dituzte, oraindik bat bera ere landatu ez dutelarik.
Erreferentziazko berdegune bat, ikurra, izan nahi zuena lorategia baino ez da, hobe esanda, belazeak eta ibilbide bat. Eta nahi gabe bada ere, landare inbaditzaileentzat aireportua sortu dute, zabaltzeko aukera ezin hobea emanez. Horrela belardi guztietan eta bazter guztietatik agertzen ari da banbu edo poligono japoniarra esaterako. Umeen jolastokia ere arrunta da oso, edozein plazatan topa dezakeguna. Ibai-parkea?
Zero partaidetza eta gardentasuna
Arestian azaldu dugunez, urteak daramatzagu Urumearen kontserbazioaren alde eta ugariak izan dira eginiko jarduerak eta bultzaturiko ekimenak: Ibaia gertutik ezagutzen, ertzetik oinez zein ibaitik txalupaz balio natural nahiz kultur edo historikoak ezagutzera emateko zena; Ura, ibaiak eta herriak nazioarteko erakusketa San Telmon, ekitaldi anitzak ekarri zituena; Urumea, bere giza alderdia eta Urumea Bizi erakusketa eta egitasmoak.
Ibai-parkea egia bihurtzeko garaian, informaziorik txikiena ere ez zitzaigun iritsi, existituko ez bagina bezala. Larriena, ordea, ez da udalak gutaz ahaztu izana, baizik eta berak antolatutako Ingurumen Kontseilu Sektorialera ere eraman ez izana. Eta ez da kasu bakarra, zeren eta gehienetan soilik Ingurumen Sailak jorratzen duena baino ez baitute ekartzen eta hori, maiz, ezer gutxi baita.
Gai potoloak Hirigintzatik edo Obra eta Proiektuak Sailetik eraman ohi dira. Zuhaitz mozketak, Lourdes Txikikoa edo Belartzakoa, gizarte mugimenduok kontseiluan jorratzeko eskatu behar izan dugu. Beti atzetik eta berandu. Zertarako Ingurumen Saila horrelakoetan ez badu parte hartzen, zertarako Ingurumen Kontseilua informatu ere ez bazaio egiten. Horrela oso gaizki goaz. Parte hartze prozesuetan ez dute sinesten eta ibai-parkearena beste adibide bat baino ez da.
Eta gardentasuna airearena izango da, parkean alderik alde ederki ongi ikusten baita, izan ere, esan legez, zuhaitzik ez baitute utzi. Bestalde, etxegileek proiektua ezagutzen zuten eta beraiek foiletoen bidez informatu ziguten. Dena ezin garbiago. Mila esker.
Urumea Nafarroan jaio, Ezkurra aldean, lur desberdinak zeharkatu eta Zurriolan itsasoratzen da, baina Donostiak hiltzen du Martutenetik hasita.