Inkesta: Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Parte Zaharreko Ilazki euskaltegiko ikasleekin hitz egin dugu maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, eta Donostiako hurrengo alkateari hainbat eskakizun egin dizkiote.
LASARTE
Ingurumena zaintzeko eskatu nioke alkateari, erraustegia etxetik hurbil dudalako. Beti birziklatzean gelditzen gara, baina hori hirugarren pausoa dela uste dut. Aurretik murriztea eta berrerabiltzea daude. Askotan politikariek ingurumenaren inguruko proposamenak botatzen dituzte, baina ez dute ondo aztertzen jendea nola hezi proposamen horiek bete ahal izateko.
Osasuna ere aipatuko nuke, tratamendua asko jorratzen delako, baina prebentzioa gutxiago. Eskoletako jantokiak babestea izan daiteke horretarako bide bat. Bestalde, hirian kirola asko sustatzen da, baina elikadura ez horrenbeste. Behobia-Donostian, adibidez, asko sustatzen da kirola, baina helmugan garagardo marka bat egoten da.
IRUN
Ni arkitektoa naiz, eta nire esparrutik hitz egingo dut. Etxebizitza kolaboratiboen eredua sustatzeko eskatuko nioke alkateari. Donostia estatuko hiri garestienetako bat da, eta etxebizitzaren arazoa handia da. Abaraska izeneko talde bat sortu da etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko, eta eredu hori gehiago indartu beharko luke administrazioak.
Etxebizitza kolaboratiboen ereduan, kooperatiba bat sortzen da eta bakoitzak bere espazio pribatuak ditu, baina espazio publikoak partekatu egiten dira, elkarlana eta bizikidetasuna sustatzeko. Eredu hori gauzatzeko zailena lurzorua aurkitzea izaten da, eta horretan udalak zeresan handia dauka, lurzoru horiek erraztu ditzake eta.
GROS
Donostiako herritarrek lehentasuna izatea eskatuko nioke alkateari. Horren harira, azken urteotan turismoak Donostian izan duen indarrari aurre egiteko neurri batzuk eskatuko nizkioke. Hiriko edozein tokitan aurkitu daitezke turistak gaur egun, eta kaletik ibiltzea zaila izaten da batzuetan. Argi dago ez dela Donostian soilik gertatzen, eta bere onurak ere badituela, baina mugak jarri behar dira. Gure hiria parke tematiko bat ez bihurtzeko, batez ere.
Epe motzeko neurri bat hotel eta etxebizitza turistikoei mugak jartzea izan daiteke. Epe ertain edo luzera begira, euskara kultur ondasun gisa transmititu behar dugu, eta ez balore folkloriko gisa. Turismoa modu onuragarri batean erabili behar da.
ERDIALDEA
Epe motzekoa da Donostiako turismoa, eta donostiarrekin elkarbizitzan egon beharrean, Parte Zaharrera joaten dira turista taldeetan pintxoak jatera. Ondoren, Getaria, Zumaia eta Zarautz bisitatzen dituzte, eta alde egiten dute. Ez dut uste hori onuragarria denik ez hiriarentzat, eta ezta hemen bizi garenontzat ere. Izan ere, sortzen diren alokairu motak askoz ere garestiagoak dira. Horregatik, turismo eredu horri begirada bat botatzeko eskatuko nioke Donostiako hurrengo alkateari.
Urgull mendiko Jesusen Bihotz Sakratuaren inguruko debate bat plazaratzeko ere eskatuko nioke. Izan ere, ez dakit gaur egungo gizartean lekua duen duela 60 edo 70 urte jarritako eskulturak.
DEBA
Gazteontzako etxebizitza sustatzeko eskatuko nioke, izan ere, gaur egungo alokairuen prezioekin, ezinezkoa zaigu Donostiara bizitzera etortzea. Muturreko baldintzetan bizitzen ari den jendea ezagutzen dut, eta hori edozein moderaziotik ateratzen da. Turismoaren gorakada honekin sustatzen ari den eredua da neguan alokairuak prezio bat izatea, eta udan beste bat, askoz altuagoa.
Bestalde, asko gara Donostiara egunero etortzen garenak, eta koherentziaz jokatzeko eskatuko nieke erakundeei. Metroak, esaterako, ez dio ezer berririk ekartzen Donostiari, eta ezta Donostiara datorrenari ere. Eskatzen dudana da Debatik Donostiarako bidea erraztea, autobus eta tren gehiago izatea.