Haiei esker ere bagara
1933ko azaroaren 5ean erabili zuten botoa emateko eskubidea lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeek, Euskal Estatutuaren gaineko erreferendumean. Hilabete bereko 19an bigarrenez bozkatu zuten, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako.
Donostiako hurrengo alkatea eta udaleko zinegotziak hautatzeko aukera izango dute donostiarrek datorren igandean, eta dagoeneko alderdi guztiak murgildurik daude udal hauteskundeetako kanpainan. Hiru baldintza bete behar dituzte herritarrek bozkatu ahal izateko: Donostian 2018ko abenduaren 30a baino lehenagotik erroldatua egotea, Espainiar naziotasuna izatea, eta 2001eko apirilaren 29a baino lehenago jaioa izatea. Hortaz, hirian bizi diren guztiek ez dute bozkatzeko aukera izango igandean.
Hauteskundeak dira herritarrek euren ordezkariak aukeratzeko duten bide demokratikoa, baina inoiz ez da guztiz demokratikoa izan. Emakumeen kasuan, 1933an erabili zuten botoa emateko eskubidea lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen, azaroaren 5ean 23 urtetik gorako guztiek izan zuten bozkatzeko aukera, Euskal Estatutuaren erreferendumean.
Urte bereko azaroaren 19an, bigarren aldiz izan zuten bozkatzeko aukera euskal emakumeek, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Estatuko gainerako emakumeek orduan erabili zuten botoa emateko eskubidea lehen aldiz. Hauteskunde horietan jatorri euskalduna zuten lau emakume aurkeztu ziren hautagai: Dolores Ibarruri bizkaitarra (1895-1989), PCE Espainiako Alderdi Komunistakoa; Julia Alvarez nafarra (1903-1948), PSOE Espainiako Alderdi Sozialistakoa; umetatik Bilbon bizi zen Rosa Urraca madrildarra (1900-1984) Comunion Tradicionalistakoa, eta Pilar Careaga bilbotarra (1908-1993) Renovacion Española alderdikoa. Donostian EAJ-ko Jesus Maria Leizaolak atera zituen boto gehien (11.236), eta bigarren atera zen PSOE-ko Enrique De Francisco (8.580).
Clara Campoamorren arrastoa
1933ean lehen aldiz bozkatu bazuten ere, emakumeen bozka ahalbidetu zuen legea 1931ko abenduan onartu zuten. Lorpen horretan ezinbestekoa izan zen Clara Campoamor madrildarra. Estima berezia zion Donostiari, hirian lau urtez egon baitzen bizitzen. 1972an Suitzan hil zen arren, Polloe hilerrian daude politikariaren gorpuzkiak.