"Argi daukat liburu batekin ez duzula ezer eginda, lanaren eremuan garaipenak soilik borrokaren bidez datozelako"
Ordaindu gabeko ordu estrak, lan istripuak, Glovo eta Uberren autonomo faltsuak... Langabezia eta prekaritatearen garai honetan, ‘Al menos tienes trabajo’ liburua argitaratu berri du gaztelaniaz Naiara Puertas kazetariak.

Zerk eraman zaitu liburua idaztera?
2012an, lanik gabe nengoela, blog bat sortu nuen, Domingos en chandal izenekoa. Idazten jarraitzeko nolabaiteko errutina bat nahi nuen, eta bloga irekitzea doakoa denez, animatu egin nintzen. Horrek tarteka idazteko konpromisoa eskatu zidan.
Hasieran, jorratzen nituen gaiak nahiko jeneralistak ziren, beti tonu umoretsu batekin. Pixkanaka, ordea, lanari loturiko kontuak nagusitzen joan ziren nire idatzietan. Langabezian nengoenez, arreta berezia eskaintzen nion horri, eta izugarrizko zentzugabekeriak topatu nituen hor kanpoan. Horrek zer idatzi eman zidan eta, konturatu nintzenerako, blogean testu dezente argitaratu nituen.
Hala ere, serioagoa zen zerbait idazteko gogoa sentitu nuen, eta liburuaren asmoari ekin nion. Tonu desberdin bat erabili dut, ez blogekoa bezain ‘katxondoa’, eta hausnarketa sakonago bat egiteko balio izan dit.
Lanaren munduan hedaturiko hainbat ideien aurka egiten duzu.
Lana, langabezia eta formakuntzari buruz hitz egiten denean tranpa asko egiten dira, eta trikimailu horiek dira azaleratu nahi izan dudana. Komunikabideek obsesio handia sortzen dute lanik ez duen jendearengan. Etengabe errepikatzen digute geure burua eguneratu egin behar dugula, makina batek edo etorkin batek guretzako den lanpostua hartuko duela, gehiago formatu behar garela… Sortzen dituzten edukiekin, badirudi ea zoritxarrekoena nor den erakutsi nahi dutela. Eta horrek ez du ekintzarako grina pizten.
Hala ere, beste idazle askok ez bezala, argi daukat liburu batekin ez duzula ezer eginda, lanaren eremuan garaipenak soilik borrokaren bidez datozelako. Langileek egin dezakete hori, eta ez idazleok edo musikariek.
Zuk diozunez, zenbaitetan badirudi lana izate hutsagatik eskertuak egon behar dugula, baldintza kaskarrenekin ere.
Langile bati bere lan baldintzak guztiz miserableak direla esaten badiozu, “eta nik zer egin behar dut?” erantzungo dizu. Eta arrazoi guztiarekin gainera. Horregatik jarri diot titulu hori liburuari. Azken finean, edo lana daukazu, edo langabea zara, eta bizi-baldintzak horrela are okerragoak izan ohi dira.
Faltan botatzen dut sindikatuen gogoeta bat. Lanpostuak salbatu behar direla errepikatu ohi dute, baina teknikek aurrera egin dute eta robotika hemen dago jada. Lan mundua arrazionalizatu beharra dago, eta hori egiteko hainbat sistema daude. Gaur egun, ordea, ez dut ikusten gai horri heldu nahi dion inor.
Ezkerreko alderdiek, adibidez, ez dute ezer egin zentzu horretan. Guztien hauteskunde programak begiratuz gero, gauza berdinak irakurriko dituzu: kalitatezko lanpostu duinak, turismo jasangarria… Denek gauza bera esaten dute; ez dago oposiziorik. Agian duela berrogeita hamar urte bazegoen, buruan beste mundu bat zutelako, baina orain ez dago halakorik.
Langileak makinengatik ordezkatzea gizartearentzat ona izan daitekeela diozu, hortaz.
Noski. Ordezkapen hori ematen ari da, baina helburu okerrarekin. Gaur egun halako makinak baditugu, gizarteak ikerkuntza lan handia egin duelako da. Eta, neurri handi batean, hori diru publikoarekin ordaindu da. Orain, ordea, soilik enpresariek atera behar diote etekina horri? Aberastasunaren banaketari buruz ez da ezer esaten, baina errenta basikoari buruz hitz egitea guztiz beharrezkoa da.
Eta hori gutxienekoa da. Berez, aberastasuna nork sortzen aztertu beharko litzateke, horiek langileak direlako. Nori dagokio, hortaz, aberastasunaren banaketa egitea?
Lan erreforma berriaren harira, tabernari bat kexaka agertu zen Espainiako telebistan, ordutegia beteta langileek alde egiten zutelako. Zer egin oinarrizkoenak diren lan eskubideak ere zalantzan jartzen direnean?
Arazoa guztiz agerikoa da, baina hori ez da nahikoa. Zapalkuntzak daudela argi daukagu, baina horren aurrean zer egin behar dugu? Hori da erantzun beharreko galdera. Marina Garcesek esan ohi du asko dakigula, baina gutxi egin dezakegula.
Gizartea anestesiatuta dago?
Kontraboterean hutsune handi bat dago, baina halako kasu gehiago egon dira historian zehar, eta iraultzak berdin iritsi dira. Ziurrenik nik ez dut halakorik ikusiko, baina datozen belaunaldiek hori ekarriko dute; klima aldaketaren aurkako borrokaren bitartez, adibidez.
Inkisizioaren Erdi Aroan ere aldaketarako itxaropenak ez ziren handiak izango jendartean, baina denak du bere amaiera.
Hala da, baina orain ez dakigu sikiera zeintzuk diren gainean ditugun aktore horiek. Lehen, elizarekin toki zehatz batean egin zenezakeen talka, baina mundu global honetan gauzak oso difusoak bilakatu dira. Boterearen egitura aldatu egin da, eta nazioak ere ez dira lehen bezalakoak. Beste panorama batean gaude.
Non dago Jeff Bezos Amazoneko zuzendariaren boterea? Ez dago egoitza edo fabrika batean. Gaur egun ez dakigu non eta nola egin diezaiokegun aurre horrelako gauza bati, botereak ongi ikasi duelako bere burua ezkutatzen.
Amaitzeko: zergatik aukeratu duzu Joxe Mari taberna?
Mikelete pasealekuan bizi naiz, eta normalean hona etortzen naizelako. Tarteka Matiara ere joaten naiz, baina udaran ez zait gehiegi gustatzen, handik jende gehiegi egoten delako. Taberna hau, berriz, Antiguan oasi txiki bat dela iruditzen zait.
HAMABIETAN BERMUTA. Olibak eta alkoholik gabeko garagardoa.
Non. Joxe Mari taberna (Antigua).
Prezioa: 3,00 euro.