Udalak Belartzan eman zuen baimena ilegala da
Duela egun batzuk jaso genuen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, Haritzalderi arrazoia ematen ziona eta Donostiako Udala kondenatzen zuena, Belartza Gaineko harri pilaketa egiteko baimena ilegala emateagatik. Aurretik, Lourdes Txikiko zuhaitz mozketa bortitza ahalbidetu zuen zinegotziaren dimisioa eskatuta bagenuen ere, oraingoan, baimen ilegalaren sinatzailea Enrique Ramos zinegotzia bera izanik, hura kargutik kentzea eskatu dugu. Hori egin ordez, ingurumen zinegotzi izendatu dute. Dibertigarria, ezta?
2016ko apirilean Añ.-Belartza Cantera eta Añ.- Belartza Alto eremuetan jarduera ilegalak hasi ziren inongo kontrolik gabe, hasieratik Haritzaldek salatu zituen legez. Lizitazio eta baimenik gabe ekin zioten eta Belartzako Harrobiko hondeaketatik ateratako kutsatutako materialak, Belartza Gaineko belazera eraman zituzten, han pilatuz.
Salaketei entzungor agertu zen Donostiako Udala, harik eta prentsaurrekoa eman genuen arte. Udalari zegokion hura kontrolatzea, gelditzea eta zigortzea, egindako triskantza saihestuz, Halere, asteak igaro ziren udalak lanak gelditu arte, jakina prentsan ateratakoan. Jarraian, ordea, eta sinestezina bada ere, Hirigintza zinegotziak obra baimen ilegala eman zien. Hura orokorra zen, edukirik gabekoa, zenbakirik gabekoa eta txosten juridikorik gabekoa. Gainera, ez zien inolako diru-bermerik eskatu, erabat irregular eta ezohikoa dena. Orain Auzitegi Nagusiak agerian utzi du guk salaturikoa, baina ingurumen gaineko kalteak eginak ziren.
Hori gutxi balitz, udalak VUSA enpresari material kutsatu horien sailak neurrira ateratzen utzi zien. Hala nola Arbaizeneako urbanizaziora, autobide azpiko Astigarragako lursailetara, nahiz Orioko partzela pribatu batera. Materialak legez baimendutako hondakindegira eraman behar zituztela salatu genuen, baina alferrik.
Enpresak, ordea, udalak berak baimen ilegalean jarritako baldintzak ere ez zituen bete. 20 hilabeteko iraupen-baimena aspaldi amaitu zen eta beste behin Haritzaldek salatu behar izan zuen egoera udalak espediente-zigortzailea ireki zezan. Hala ere, sustatzaileak eta udala Belartza 2 merkataritza saltoki handia elkarrekin negoziatzen ari ziren, Plan Orokorraren modifikazioa tramitatzen ari zirelarik. Udalak, interes pribatuak interes orokorraren gainetik jartzen dituela dirudi.
Zorionez, orain Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu udalaren baimena ilegala zela argi utziz. Udalarena da erreparatze eta lehengoratze ardura, eta hura ere kondenatzen du auziaren kostuak ordaintzera, fede txarrez aritu zelakoan. Hortaz, Haritzaldetik eskatzen duguna ondorengoa da. Lehenik, udalak lehenbailehen materialak kendu ditzala. Bigarrenik, kaltetutako gunea berreskuratzeko plana eta saila lehengoratzea. Hirugarrenik, Enrique Ramos kargutik kentzea, eta laugarrenik, irregulartasun guztien ardura argitzeko udal ikerketa batzorde bat sortzea.